"Benetako sorkuntza ekitaldi bat dira soladaldi hauek. Idazleak beren egiarekin datoz, eta beren burua argi agertzen diote irakurleari”. Maria Luisa Blanco da Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko VI. Jaialdiaren antolatzailea, eta dioenez, topagune bilakatu nahi du ekitaldia. Liburuaren bi aldeen elkargune. Hori izango da aurtengo edizioaren gaia: irakurle izatetik idazle izatera dagoen tarte hori. Gaur egin dute aurkezpen ekitaldia, eta gaur abiatuko da jaialdia. Alondegia izango du erdigune, eta bi txanda edukiko ditu. Gaur hasi eta igandera artekoa izango da lehena, eta hurrengo asteko ostegunetik igandera artekoa bigarrena. Atwood izango da lehen hizlaria gaur, 19:30ean, eta harekin hitz egiteko aukera izango dute irakurleek hitzaldiaren ondoren. Antolatzaileek ardoa ere eskainiko diete bertaratzen direnei.
Antzerakoa izango da formatua gainontzeko saioetan ere. Elkarrizketa modura azalduko dituzte beren iritziak idazleek, eta haiekin hitz egiteko aukera izango dute ondoren irakurleek. Alberto Manguel idazlea izango da bihar solasean 19:30ean, Hector Abad etzi, eta Iban Zaldua eta Eider Rodriguez igandean. Eta galdera bat izango da guztien oinarrian. Nola eta zergatik igaro ziren iraurle izatetik idazle izater?. Eta erantzun osoaren aurrerapen moduko bat eskaini dute aurkezpen ekitaldian Atwood, Manguel eta Abadek.
Zientzia hartu du hizpide Atwoodek, adibidez. Kanadako idazle ezagunenetariko bat da egun, baina dioenez, etxean ez zitzaien gehiegi gustatu idazle izateko hartu zuen erabakia. Zientzialaria zuen aita, eta zientzialaria du anaia. “Biologia izan nedin nahi zuten”, azaldu du. Baina zientziara jo du gero berak ere literaturari buruz gogoeta egiteko. Kanadako Birdlife International elkarteko ohorezko kide ere bada Atwood, eta hain zuzen ere, txorien abesteko gaitasunarekin parekatu du gizakiaren hizkuntzarako gaitasuna: “Ikertzaileen arabera, gene bat badugu komunean txoriek eta gizakiok: FoxP2 genea. Hori kaltetuta suertatuz gero, kaltetuta geratzen da hizketarako gaitasuna ere. Eta txoriek ere badute gene hori. Horri esker abestu ditzakete melodiak”.
Familiaren eta herriaren iragana uztartzen
Entzumena da, hain zuzen ere, Abadek bere irakurzaletasunaren oinarrian jarri duen zentzumena. Hala hasi omen zen irakurtzen bera. “Etxean, nire lau ahizpa nagusiek eta gurasoek kontatzen zidatena entzunez”. Klabea izan omen da hori bere kasuan, eta hori da, dioenez, irakurle gisa gogoratzen duen lehen esperientzia. Entzundako kontakizun haiek. “Oso garrantzitsua da zure familiaren iragana eta zure herriaren iragana kontatze hori”. Kolonbiarra da Abad, eta uztartuta ezagutu ditu bi historiak: familiarena eta herrialdearena. 1987an hil egin zuten bere aita indar paramilitarrek, eta hori da argitaratu duen El olvido que seremos (Izango garen ahaztura) lanaren ardatza.
“Irakurlea da literaturaren funtsezko elementua”. Bera idazle ere baden arren, irakurlearen boterea nabarmendu izan du Manguelek bere azalpenean. Eta ahalguztidun bilakatu du kasik. “Irakurlea da klasikoak zein diren erabakitzen duena. Eta irakurlea da zer liburu oroituko den eta zein ahaztuko den erabakitzen duena”. Egun Kanadan bizi den arren, argentinarra da jaiotzez Manguel, inglesez eta gazteleraz idazten du, eta luzea da jaso duen sarien zerrenda. Baina irakurlearengan jarri nahi izan du berriz ere arreta. Jorge Luis Borgesen aipu bat erabili du bere azalpena borobiltzeko: “Idazleak ahal duena idazten du, irakurleak nahi duena irakurri”.
Bestelako ekitaldiak
Hurrengo astean Margo Glantz izango da ostegunean hizketan, Harkaitz Cano ostiralean, John Banville larunbatean, eta Antonio Lobo Antunes igandean. Baina hitzaldiez gainera, bestelako ekitaldiak ere izango dira jaialdian. Jon Ugarriza koreografoak dantza emanaldi bat eskainiko du gaur, adibidez, jaialdiaren inaugurazio ekitaldian. Oskar Alegria zinemagileak Emak Bakia Baita dokumentala aurkeztuko du hilaren 19an Harkaitz Cano idazlearekin batera, eta Maialen Lujanbio eta Xabier Erkiziak Txori mugariak ikuskizuna eskainiko dute hilaren 20an.
Idazleen sinadurak lortzeko aukera ere izango da asteburuetan, eta beste zenbait ekitaldi berezi ere egingo dituzte. Abadek, esaterako, bere nobelaren inguruko hizketaldia izango du bihar Basauriko kartzelan.
Egitarau osoa ikusteko, eta sarrerak erosi ahal izateko (3 euro), bisitatu web orrialde hau: www.alhondigabilbao.com.