Heriotza

Gaur egingo dituzte Mikel Garmendiaren hiletak

Larunbatean hil zen Mikel Garmendia, 60 urte zituela, gaixotasun luze baten ondorioz. Euskal Herriko aktorerik ezagunenetakoa Ordizian sortu zen, 1945eko urtarrilaren 22an.

2005eko abuztuaren 8a
11:14
Entzun
Azken urteetan hainbat omenaldi jaso ditu Mikel Garmendiak. Iazko abenduan, antzerki, zinema nahiz telebista arloko profesionalen eta zaleen omenaldia jaso zuen, Donostiako Kursaalean egin zen Olentzero begi gorri jaialdian; eta aurretik, ekainean, Besarkada saria zion emana Euskal Aktoreen Batasunak. Azpeitiko Antzerki Topaketek 2001ean omendu zuten. Omenaldi harekin bat eginda kaleratu zen Pako Aristi idazle eta kazetariak idatzitako Mikel Garmendia biografia.

Arrasto sakona utzita

Ordizian sortu zen Mikel Garmendia, 1945eko urtarrilaren 22an. Etxe azpiko lokal batean, Laguntasuna antzerki taldeak entseatzen zuen, eta Mikelek txikitatik izan zuen han zer egiten zuten begiratzeko ohitura. 18 urte zituela, Alejandro Casonaren Txalupan jaberik ez eman zuen lagun batzuekin batera, euskaraz, baina ez zuen antzerkia egiten jarraitzeko inguru egokirik izan. Saltzaile lanetan hasi zen, autoarekin batetik bestera.

Baina Eusko Jaurlaritzak Antzerti antzerki eskola sortu zuenean, izena eman zuen, eta eskola hartako lehen promozioko ikasleetako bat izan zen, 80ko hamarkadaren hasieran, Kontxu Odriozola, Arantxa Gurmendi, Elena Irureta, Isidoro Fernandez, Karlos Zabala, Eneko Olasagasti eta besterekin batera. Harrezkero, aktore profesionala izan da, eta film, antzerki emanaldi nahiz telesail askotan hartu du parte.

Antzerkia eta zinema egiten hasi zen garaian, 80ko hamarkadaren hasieran, 115 kilo inguruko pisua zuen Mikel Garmendiak, eta ezaugarri horri egokitutako lanak egin zituen, adibidez, Alfonso Ungriaren La conquista de Albania , Pedro Olearen Akelarre eta Stephen Frearsen The Hit filmetan. Azken horretan ospe handiko aktoreen ondoan egin zuen lan: Fernando Rey, Tim Roth, Terence Stamp.

Gaixotu, sendatu, argaldu eta beste era bateko lanak Bartzelonan izan ondoren, legionella gaitzaz kutsatu eta hilzorian egon zen. Sendatu zenerako 20 egun koman pasa eta gero, guztiz argaldua zegoen, 68 kilo inguruan. Horrek aktore moduan beste era bateko lanak egiteko bidea zabaldu zion. Oso oihartzun handia izan zuen horietako batek: Anjel Lertxundik zuzendutako Hamaseigarrenean aidanez filmeko Korneliori gorputza emanez egin zuenak.

Anjel Lertxundiren bigarren filmean egin zuen lan hiru urte geroago, 1987an: Balantxas mozkortia izan zen Kareletik -en. Ordurako ezaguna bazen, lan horrek are ezagunagoa egin zuen. Gainera, gizonezko aktore onenaren saria eskuratu zuen Cartagena del Marko (Murtzia, Espainia) Itsasoko Zinema Jaialdian. Euskal Herriko prentsan ere laudorio handiak jaso zituen Garmendiak Kareletik filmean egindako lanarengatik. Anjel Lertxundik ez du harrezkero film gehiagorik zuzendu, baina Mikel Garmendiak Euskal Herrian egindako film askotan hartu du parte. Montxo Armendarizen 27 horas , Karlos Zabala eta Eneko Olasagastiren Maité eta Sí quiero eta Juanma Bajo Ulloaren Airbag dira lanik aipagarrienetako batzuk.

Arrakasta handikobi antzerki lan Antzerkian ere arrakasta handiko lan batean parte hartu zuen garai hartan Mikel Garmendiak, Kontxu Odriozola, Elena Irureta eta Jose Ramon Soroizekin batera, Eneko Olasagastik zuzenduta: Ama begira zazu . Herri askotara eta jende askorengana heldu zen Odriozolak eta Iruretak idatzitako gidoian oinarritutako obra hura, eta oraindik ere ezabatu ez den arrasto sakona utzi zuen euskarazko antzerkigintzaren historian.

90eko hamarkadaren erdialdean, arrakasta ikaragarriko beste antzerki emanaldi batean aritu zen: El florido pensil . Mireia Gabilondok eta Fernando Bernuesek zuzendutako antzerki lana ehunka aldiz eman dute, eta Euskal Herriko mugetatik kanpo ere arrakasta handia izan du, Espainian batez ere. Andres Sopeñak idatzitakoa da obra, eta Francoren garaiko hezkuntzaren gogorkeria islatzen du.

Telebistan egindako lanak ere asko lagundu du Mikel Garmendia are ezagunago eta maiteago izaten. Goenkale telesaileko Joxe Mariren rolean egindako lana izan da oihartzun handienekoa. Mikel Garmendia bera ere oso gustura egon da beti pertsonaia horrekin, eta behin baino gehiagotan adierazi du Joxe Marik asko duela Mikel Garmendiatik, Mikel Garmendiak Joxe Maritik duen bezalaxe. Joxe Marik eta Maria Luisak, Mikel Garmendiak eta Kontxu Odriozolak oso bikote ezaguna osatu dute Goenkale telesailean, eta maiz hurreratu izan zaie bi aktoreei jendea, pertsonaien gorabeherak komentatzen, aurrean dutena aktorea izan beharrean pertsonaia balitz bezala.

Berarekin lan egiten dutenen artean oroitzapen sakona utzi du Mikel Garmendiak. Horren lekuko dira Anjel Lertxundik Pako Aristik idatzi zuen biografian (Mikel Garmendia, Azpeitiko Udala, 2001) idatzitako lerro hauek: "Pagotxa da Mikelekin lan egitea. Badakizu duen guztia emango dizula. Eta duen hori guztia ia haur batena dirudien bere naturaltasunean malgutasunean dago".Lertxundik ez da inondik ere Garmendiarekin lan egin izanaz damu, ezta hurrik eman ere: "Inork ez dit kenduko Mikel Garmendiarekin lan egin izanaren poza". Ez da oso bestelakoa Garmendiarekin lan egin duten gehienen iritzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.