Eduardo Arroyo. Artista

«Gaur egun egiten den arte gehienak ez du inolako interesik»

Frankismoko giro estua utzita, Parisera jo zuen Eduardo Arroyok 1958an, eta 'nouvelle figuration'-eko kide izan zen, nagusi zen abstrakzioari aurre egin zion mugimenduko kide. Idazle, eszenografo eta pintorea Iruñean izan da egunotan, bere sorkuntzaz hizketan.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Boxeozale amorratua, Eduardo Arroyok berak ere (1937, Madril) badu borrokarik bizkarrean. Frankismoko giro estua atzean utzi, eta Parisera joan zen 1958an. Erdi borondatez aurrena, aginduz gero. Itzala hartzen ari zenean, haren lanak kritikoegitzat jo, eta Espainian erakustea debekatu zioten, eta baita bertan bizitzea ere. Franco hil, bere egoera normalizatu, sorterrira itzuli, eta pixkanaka joan zen onarpena jasotzen. Izen bat bazuen nazioartean 1982an Espainiako Arte Plastikoen Saria jaso zuenerako. Besteak beste, idazle, eszenografo eta pintore. Nouvelle figuration mugimenduko partaide, abstrakzioaren nagusitasunaren aurkari, Marcel Duchampen arte oinordekotzaren kritiko eta munduko museo nagusietan ezagun. Iruñean izan da azken bi egunotan bere sorkuntzari buruz hizketan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako Jorge Oteiza katedrak gonbidatuta. Madrilgo Prado museoan erakutsiko ditu lan berriak udan.

Erbestearen esperientziak badu garrantzirik zure garapen artistikoan.

Denborarekin, anplifikatu egin da kontu hori. Etengabe ageri da hori biografietan, eta zaila da egoera hori kontuan ez hartzea. Behartuta joan behar duzuenean, ez dakizu nora zoazen, eta ez dakizu noiz itzuliko zaren. Itzultzean, lekuz kanpo sentitzen zara, eta ohartzen zara historia egin dela, baina zu gabe. Ulertzen dut nire pinturan garai bat badela honekin oso lotutakoa. Espainiarekiko obsesioa deitzen diot nik. Hamar urte iraun zuen. Pasaportea itzuli zidatenean eta Espainiara itzultzeko aukera izan nuenean, galdutako denbora berreskuratzea zen arazo bakarra, eta nire herrialdearekiko lotura berreskuratzea. Prozesu motela izan zen. Neure buruari esan nion lehen koadroa pintatzen nuenean integratuko nintzela berriz herrialde honetan. Hala izan zen. Ia ahaztuta daukadan mundu bat da.

Pop kutsukoa da zure estetika. Kolore lauak eta margoera naif tankerakoa, baina sakoneko mezu tragikoa duena.

Hori da nire margolari heziketa; 50eko hamarkada bukaeratik hasi eta 1968ra artekoa da garai hori. Artearen barnean guda egiteko modu bat hautatu genuen. Garai hartan, Frantzian botere handia zuen abstrakzioak. Oso zaila zen obra figuratiborik ikustea. Existitu ere ez zen egiten, kasik. Surrealistek egiten zuten zerbait, eta hori zen dena. Baina sortu zen harrobi bat gure belaunaldian abstrakzioaren erradikaltasun eta indar horren aurka matxinatu zena. AEBetan eta Britainia Handian ere gertatu zen halako zerbait. Frantziako taldeko espainiar bakarra nintzen ni. Oso borrokalaria zen taldea, eta aldaketa handia eragin zuen panorama artistikoan. Ez zuten batere onartu mugimendua hasieran, baina orain bai, oso onartuta dago. Omenaldi handiak egin dira. Oso pintura erradikala zen gurea. Ez nuke esango margoera naifa zenik, baina bai, margoera oso laua zela. Gainera, hori zen Frantziako taldearen berezitasuna: oso pintura politizatua zen.

Lehen aipatu dizut koadroen atzealde tragiko hori.

Pisu politiko handia zuten gure lanek. AEBetan, adibidez, talde figuratibo horien kezka gehiago zen paisaia amerikarra irudikatzea, Campbell zopak eta halakoak. Eta pop ingelesaren gertukoa zen Britainia Handikoa. Gu lotuago geunden politikarekin. 1968an eten zen hori, nik uste. Hortik aurrera badago mugimendu horren presentzia bat, nahiko kritikatua, eta orain gutxi arte ez oso onartua. Izan ere, oso gogor jotzen zuen talde hark Frantziako mundu artistikoaren aurka. Hura lehertzen saiatu ginen, eta batzuetan lortu egin genuen.

Zer gelditzen da asmo hartaz?

Protagonista horien guztien lanak oso bizirik daude. Ez dute freskurarik galdu, eta garai hartako margolanekin egindako erakusketek frogatzen dute hori. Egitekorik ez zuen espainiar bat nintzen ni han, eta mugimendu hartan murgilduta ikusi nuen neure burua.

Oso kritikoa zara Duchampekin ere.

Garai hartan ulertu genuen Duchamp ikaragarrizko garrantzia hartzen ari zela. Hark defendatzen zuenak artearen mundua eraldatuko zuela. Hala izan da. Mito bihurtu da. Margolari bat baino gehiago zen pentsalari bat, ideologo bat, politiko bat. Ezin txarragoa iruditzen zitzaigun hark zekarren aldaketa orduan, eta, azkenean, hala izan da. Duchampek bortizki apurtu zuen tradizioarekin. Sekuentzia bat bazegoen ordura arte. Aiton-amonek gurasoen ardura zuten, gurasoek seme-alabena... Familien modukoa zen. Familiak ere garai batean bestelakoak ziren. Etxean hiltzen zinen, izeba ezkongabearekin bizi zinen... Hori gertatu da artearekin.

Nola lotzen duzu familiez diozuna artearekin?

Duchampek zioen dena zela artea, denok ginela artistak, baita neurri batean artea ez dela existitzen ere. Olio pinturaren aurka ere gogor egin zuen. Oso pintore txarra zen, baina oso adimentsua. Egun arte heltzen da hark proposatutakoaren eragina. Ikaragarri handitu da artisten kopurua, esaterako. Lehen, lau ginen; orain, 6.000. Museoak guztiz desmitifikatuta daude, oso gazte heltzen da jendea haietara, abangoardiak hilda gelditu dira... Hortik dator egun artearen munduari ikusten diodan alderik negatiboena.

Artearen mistikotasuna defenditzen duzu, beraz?

Ez mistika, etika baizik. Fenomeno faltsuak ditugu. Gezurrak indarra hartu du. Horrek ez du irtenbide handirik, eta okerrera doa.

Egungo artean bada interesa pizten dizunik?

Noski, badira oso artista onak orain ere. Bilatu egin behar dira, eta esfortzua egin behar da horretarako. Orain egiten den arte gehienak ez du inolako interesik, eta bistakoa da, gainera. Ikusi besterik ez dago zer oihartzun izan duen Fernando Sanchez Castillo artistak Francok udako oporretan erabiltzen zuen Azor yatearekin egin duen lanak. Ontzia erosi eta txatar kubo bilakatu du. Baina hori aspaldi eginda dago eta! Nola da posible inork ezer ez esatea! Aurrez egindako obra bat da hori. 60ko hamarkadan berdin egin zuen Cesarrek [Cesar Baccinik]. Dirudunei luxuzko autoak eskatu eta txatar kubo bihurtzen zituen. Etengabeko kopia bat da hau, kopiaren kopia. Dadoak botata daude, baina, egia esan, ez nau asko kezkatzen. Azken finean, olioan aritzen den pintore zahar bat baino ez naiz ni.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.