Espainiako herritarrei euskal gatazka beste era batera erakusteko eginiko ahalegina da Asier ETA biok filma. Aitor eta Amaia Merino anai-arrebek zuzendu dute proiektua, eta gaur estreinatuko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.
Atzo egin zuten aurrestreinaldia, Iruñeko Golem Baiona aretoan. Asier Arangunen filmeko protagonistaren lagun eta senide artean aurkeztu zuten filma, eta bertan izan ziren Amaia eta Aitor Merino filmaren zuzendariak ere. Bete egin zen aretoa, eta eztabaida egin zuten filma amaitutakoan.
Asier ETA biok grabatu zenean, Asier Aranguren preso ohia zen. Egun, preso dago berriro; EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekaritza taldeko kideen kontrako operazioan atxilotu eta astelehenean Aranjuezen espetxeratu zuten. Aranguren eta Aitor Merino (Donostia, 1972) dira Asier ETA biok filmeko protagonistak.
Filmak Aranguren eta [Aitor] Merinoren adiskidetasuna du oinarri. Baina helburua euskal gatazkaren beste ikuspegi bat azaltzea da. Merino anai-arrebek urteak daramatzate Euskal Herritik kanpo. Ezagutu duten ezjakintasunak bultzatu ditu filma egitera. Madrilen eta Bartzelonan ere gaur aurkeztuko dute filma.