musika

Gaur hasiko da Donostiako Musika Hamabostaldia Patrick Alfayaren zuzendaritzapean

Jaialdiaren inauguraziorako sei kontzertu antolatu dituzte, gehienak doan.

Ane Urrutikoetxea.
2009ko abuztuaren 4a
15:55
Entzun
Gaur hasiko da Donostiako 70. Musika Hamabostaldia, eta aro berri bati atea irekiko dio. Jose Antonio Etxenikeren agurraren ondoren -30 urtez izan da jaialdiko zuzendaria-, Patrick Alfaya zuzendari berria hasi da karguaz jabetzen, eta atzo, Hamabostaldiaren gidari gisa egin duen lehen agerraldian, aurkeztu zituen aurtengo ekitaldiaren inaugurazio eguna osatuko duten kontzertuak. Sei emanaldik irekiko dute 1900-1936: abangoardia aroa leloa daraman ekitaldia, eta horietatik bost doan izango dira. Gainontzekoa, La Fura dels Bausen Carmina Burana, pantaila baten bidez ikusi ahal izango da zuzenean.

Aurten Georg Friedich Haendel musikaria omenduko du Hamabostaldiak, besteak beste. Haren heriotzaren 250. urteurrena bete da, eta kontzertu ugaritan joko dituzte Haendelen piezak. Inaugurazio egunean haren bi konposizio entzun ahal izango dira. Hain zuzen ere, Jose Hernandez Pastor kontratenorrak emango dio hasiera inaugurazio egunari, Music for a While. Haendel y su contexto británico kontzertuarekin. Eguerdian izango da hori, eta arratsaldean, La Folia taldeak A quién contaré mis quexas kontzertua eskainiko du.

Mac Jeara's Band taldea izango da lehena Hamabostaldia kalera aterako duena, eta Jose Inazio Ansorena txistulariak eta Alvaro Zendoiak piano jotzaileak Bela Bartok musikagilea ardatz izango duen kontzertua emango dute. Egunari amaiera emateko, La Fura dels Baus taldeak Carmina Burana estreinatuko du Iruñeko Orfeoiarekin, eta Gotzon Arrizabalagak zuzendutako Concerto Donostiarrak Haendel eta Ferrandiniren obrak eskainiko ditu. Jarraian, emanaldi bakoitzari buruzko datu gehiago.

Haendelen omenez

Musika Hamabostaldiko lehen kontzertuak ezagutaraziko du George Friedich Haendel eta bere garaikide izandako musikarien obra. Music for a While. Haendel y su contexto británico izenburua du Jose Hernandez Pastor kontratenorrak eskainiko duen emanaldiak. Haendelen obra berezienetako batzuk interpretatuko ditu abeslari katalanak (Valentzia, 1974), hiru musikariz lagunduta: Jesus Fernandez (laute eta tiorba), Alfonso Sebastian (klabea) eta M. Elena Medina (viola da gamba). Kontzertua 12:30ean izango da, Kursaaleko Erabilera Anitzeko aretoan. Sarrera doan izango da.

Iraganera bidaia

La Folia taldeak iraganera bidaiatuko du, moriskoen kanporaketaren laugarren mendeurrena gogoraraziko baitu A quién contaré mis quexas izeneko kontzertuan. 1609. urtean, Felipe II.ak musulman jatorriko biztanle kristautuak kanporatzeko agindu zuen, eta gertaera horren testuingurua berpiztuko du taldeak, Pedro Boneten zuzendaritzapean. Garai hartako doinuak joko dituzte, estilo ugari landuz. Ekoizpenean Oroitzapen Historikoen Estatu Elkarteak hartu du parte. Kontzertua 18:00etan hasiko da, Kursaaleko Erabilera Anitzeko aretoan. Sarrera doan izango da.

Kaleetan ere giroa

Hamabostaldiaren lehen jardunaldia ez da Kursaaleko aretoetara mugatuko, kalera ere aterako da. Udako egun eguzkitsuak lagun, kale eta terraza artean ibiliko da Mac Jeara's Band talde donostiarra, eta New Orleansko jazz estiloko abesti ezagunak joko ditu. Bizitasunez betetako doinu alaiak Kursaalaren inguruetan entzun ahal izango dira, dantzatzeko gogoa eta irribarreak jendearengan piztuz. Emanaldi horrekin, Musika Hamabostaldiak gizarteratu egin nahi du jaialdiaren hasiera, ezagutzera eman, eta, halaber, Jazzaldiaren eta Hamabostaldiaren arteko trantsizio zubia eraiki. 19:00etan hasiko da emanaldia.

Bela Bartoken bisita

1931n ateratako argazki bat da Jose Inazio Ansorena txistulariak eta Alvaro Zendoiak piano jotzaileak Kubo-Kutxa aretoan emango duten kontzertu bereziaren abiapuntua. Urte hartan, Bela Bartok Errenteriara (Gipuzkoa) etorri zen, Manuel de Falla bisitatzera, eta bertako Panier Fleuri jatetxean argazkia atera zuen garaiko zenbait pertsonaiarekin, ondoan txistulariak zituztela. Bidaia hartan konpositore hungariarra euskal musika eta txistularien doinuekin bereziki interesatu zen, Ansorenaren hitzetan: "Interes handiko pertsona zen, eta euskal musikaren erritmoek atentzioa deitu zioten".

Kontzertuan Bartoken zenbait pieza joko dituzte Ansorenak eta Zendoiak, Jose Olaizola eta Cesar Figuerido konpositoreen obrekin batera. Halaber, biek irakasle izandako Tomas Garbizuren txisturako obrak ere eskainiko dituzte, 1900-1936. Donostia-Biarritz. Modernismotik abangoardietara erakusketa osatzen duten koadroez inguratuta. Kontzertua 19:00etan hasiko da, eta sarrera doan izango da.

Ikus-entzunezko obra

La Fura dels Baus taldeak Carmina Burana estreinatuko du Kursaaleko auditoriumean. Obra ez da 1995. urteaz geroztik eskaini Hamabostaldiaren barruan, baina aurten Iruñeko Orfeoia eta Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoak interpretatu eta antzeztuko dute Carles Padrissak zuzendutako bertsioa. Kontzertua 20:00etan hasiko da, eta sarrerak bukatuta daude, baina zuzenean grabatutako emanaldia ikusgai izango da Kursaaleko Erabilera Anitzeko aretoan, doan.

Estreinaldiko obrak

Egunari amaiera emateko, Gotzon Arrizabalagak zuzendutako Concerto Donostiarrak Haendel hartuko du berriz gogoan. Ana M. Otxoa sopranoak eta Ainhoa Zubillaga mezzo-sopranoak bi pieza estreinatuko dituzte. Hiru zatitan banatuko dute emanaldia: Concerto Grosso nº7 izenekoan pieza ezagunenak interpretatuko dituzte; bigarrenean, Giovani Battista Ferrandiniren Il pianto di Maria kantata eskainiko dute. Pieza hori Haendelena zela uste zen orain dela gutxi arte, eta Donostian joko den lehen aldia da. Azkenik, orain dela zortzi urte aurkitutako Gloria pieza eskainiko dute, hori ere estreinakoz Donostian. Kontzertua 20:30ean hasiko da, Kursaaleko Ganbera aretoan, eta sarrera doan izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.