Gaur hasiko da NAK jaialdia, Kuarist laukotearen kontzertuarekin

NAK Nafarroako Musika Garaikidearen jaialdia egingo dute gaurtik irailaren 20ra bitarte Iruñean, seigarrenez, (R)evolucion lelopean.

Jaialdia zabalduko duen Kuarist laukotea. NAK
Ane Eslava.
2020ko irailaren 10a
17:23
Entzun

Garaikideak musika garaikideko zentroak antolatzen du NAK Nafarroako Musika Garaikidearen jaialdia, Iruñeko Udaleko Civivox sarearekin lankidetzan. 2015ean lehenbizikoz antolatu zutenetik, NAKek gai jakin baten inguruan ardaztu du urtero proposamena: 1936ko gerra, garapen jasangarria, musika eta zinema, musika eta zientzia... Aurten, (R)evolucion goiburua jarri diote, eta «abangoardiako musikaren eta erreferente klasikoen arteko harremana aztertzea» proposatu dute.

Dibulgaziorako kontzertuek, tailerrek eta artea eta musika uztartzen dituzten proposamenek osatutako diziplina anitzeko programa bat da aurtengoa, ikus-entzule orori zuzendutakoa, eta betiere egungo testuinguruari lotutako neurriak hartuta. NAKen helburu nagusia musika garaikidearen obra berrien sorrera eta hedapena sustatzea da.

Zortzi obra estreinatuko dituzte jaialdian, Nafarroako zein Euskal Herri osoko musikagileenak, baina baita beste herrialde batzuetatik etorritakoenak ere —Argentina, Japonia, Alemania, Italia, Errusia, Polonia edo Kroaziakoak, esaterako—, eta beste hogei obra lehen aldiz emango dituzte Nafarroan.

Parte hartzaileen artean daude Martin Etxauri ikusizko artista, Jose Luis Etxetxipia bakarlaria, Dorota Grezskowiak sopranoa, DJ Amsia soinu artista, Miren Karmele Gomez zientzia dibulgatzailea, Iruñeko Ganbera Abesbatza, edota Feedback, Klexos, Kuarist eta Trio Enigma ensenbleak. Gainera, haurrei zuzendutako jarduera ildo berri bat sortu dute, NAK Txiki izenekoa, zaletu berriei grina pizteko helburuarekin.

Jaialdiari hasiera emateko, Leire Unzuek, Carmen Ferrandok, Josu Maraurik eta Sergio Eslavak osatutako Kuarist laukoteak kontzertua emango du gaur. Tradizioa eta abangoardia uztartzen dituen errepertorio bat joko du, 20:00etatik aurrera, Kondestablearen jauregian. Sarrera librea da, aldez aurretik izena emanda, eta tokia mugatua da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.