Orain 50 urte aurkeztu zen Gaur taldea, Donostiako Barandiaran galerian erakusketa bat eginez eta manifestu bat kaleratuz. Ikuspegi ezberdinak izan arren, Frankismo garaiko gizarteari artearen eta kulturaren ikuspegi berritzaile bat aurkezteko elkartu ziren Amable Arias, Rafael Ruiz Balerdi, Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumeta. Haien lanak, 60tik gora, berriro bildu eta ikusgai jarri dituzte orain Donostiako San Telmo museoan, 1966 Gaur konstelazioak 2016 erakusketan. Gaur arratsaldean zabaldu, eta maiatzaren 15era bitarte izango da ikusgai, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren programaren barruan.
Haiekin batera, ondorengo belaunaldietako beste zortzi artistaren lanak ere jarri dituzte ikusgai museoan: Txomin Badiola, Bojan Fajfric, Goldschmied & Chiari, Iratxe Jaio + Klaas van Gorkum, Eugenio Ortiz, PSJM, Avelino Sala eta Azucena Vieitesenak.
Erakusketa nagusiaren osagarri, artisten obrak hiriko beste arte galeria eta kultur etxe batzuetan ere jarriko dituzte ikusgai; Oteiza museoan eta Txillida Lekun ere bisita gidatuak egingo dituzte.