Urtarrilaren 10ean itxi zuen Bilboko Udalak Kafe Antzokia, iazko martxoaren 2an baimendutako bezero kopuruaren bikoitza hartu zutela argudiatua. Etorkizuna ez du batere garbi Bilboko Kafe Antzokiak -bileretan ari dira Bilboko Udalarekin, baina ez dute akordiorik lortu-, baina gaur berriro zabaldu ditu ateak.
Antzokiko arduradunek gaur jakinarazi dute hilabete horretan ehun mila euro bildu gabe geratu direla eta, berriro itxierarik ez izateko, larrialdiko irteeran berritze lanak egiteko baimena eskatu diote Udalari. Jendearen segurtasuna gehiago bermatzea eta bezero kopurua 870era igotzeko egin gura dituzte lanok.
Xabier Leteren poemek emango diote hats berria Bilboko Kafe Antzokiari bihar (20:00). Iaz kaleraturiko Egunsentiaren esku izoztuak liburuko poemak errezitatuko ditu. Aurrenekoz izango da Kafe Antzokian eta azken urteetako bizipenak gogoetatu ditu, iragan ederrarekiko miresmena, maitasunaren argi-itzalak, samurtasuna, oinazea, heriotza eta berraurkikuntzaren ametsa, besteak beste. Joxan Goikoetxea soinu jotzaileak musika tarteekin lagunduko dio. Sarrera gonbidapen bidez izango da. Kafe Antzokian bertan, Gabriel Aresti euskaltegian eta [email protected] helbidera idatzita lor daitezke.
Ez da biharko poesia emanaldiarekin etengo Kafe Antzokiaren jarduna. Asteazkenean, Giant Sand AEBetako country-rock taldeak joko da. Howe Gelbek gidatzen du talde hori, eta Provisions lana aurkeztuko du.
Giant Sanden aurretik Chuck Prophet ariko da. Green On Red alt-countryko talde aitzindarietako bateko kide izan zen Prophet. Taldea desegin eta bakarkako ibilbideari ekin zion; Tom Petty, Bob Dylan eta Keith Richardsen eraginak ditu.
The Muffs Kaliforniako hirukoa ariko da ostegunean, eta Tote King rap kantari espainiarra (Sevilla) ostiralean. Hilabete itxita egon eta gero, Kafe Antzokiak badu zer eskainia.
KULTURA
Gaur zabaldu dute berriro Bilboko Kafe Antzokia
Bilboko Udalak hilabetez itxita eduki du. Antzokiak larrialdiko irteeran berritze lanak egin nahi ditu. Xabier Leteren poesia errezitaldia izango da bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu