Durangoko Azoka

Gaurkoa ere "egun polita" Durangon

Bisitarien emanarekin eta egileen parte-hartzearekin, ohiko itxura eta nortasuna berreskuratu ditu azokak.

2007ko abenduaren 7a
13:30
Entzun
Atzo jendetza bildu zen Durangoko (Bizkaia) Azokan, eta gaurkoa ere "salmenta aldetik egun polita" argitaletxeek, jende asko dabilelako.

Asteazkeneko jende urritasunak ez zuen kezka larriegirik eragin editoreen artean, baina denek aitortu zuten tristura sentiarazten ziela, herenegun, erakusmahaiak atontzen horrenbeste denbora pasatu eta horrenbeste neke hartu ondoren, azokan horren jende gutxi ikusteak. Atzo ez zen horrelako konturik, eta hurrengo egunak ere atzokoaren antzekoak izatea espero dute. Jendeak egiten baitu, oso neurri handian, Durangoko Azoka.

Bisitariak ugaritzearekin batera, erakusmahaietan liburuak eta diskoak sinatzen aritu ziren egileen kopuruak ere nabarmen egin zuen gora atzo: Edorta Jimenez -herenegun bezala-, Asier Serrano eta Xabier Silveira Txalapartan; Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Jon Arano, Katixa Agirre eta Ramon Olasagasti Elkarren; Jose Luis Otamendi, Lutxo Egia, Harkaitz Zubiri, Eider Rodriguez eta Hasier Etxeberria Susan; Patxi Zubizarreta eta Pello Añorga, Jokin Mitxelena ilustratzailearekin batera, Pamielan; Mariasun Landa eta Asel Luzarraga Ereinen; Ana Urkiza, Yolanda Arrieta eta Iñaki Zubeldia Ibaizabalen... Musikariak ere ugari: Fermin Muguruza, Jabier Muguruza, Gontzal Mendibil, Ken Zazpiko musikariak, Oreka TXkoak, Latzenekoak, Seiurtekoak, MusikHerriako hainbat taldetakoak...

Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariak ere aritu ziren sinatze lanetan, Gu Ta Gutarraken diskoa aurtengo ekitaldiko produktu berrien artean baitago.

Liburuak sinatzera joandako idazleek buelta bat egin ohi dute, aurretik edo ondoren, erakusmahaietan zer dagoen ikusi eta zerbait erosteko. Asmo horretan abiatu zen Txillardegi ere, baina ezustekoa jaso zuen. «Liburuak erostera joan eta ezin izan ditut erosi, denak opari eman baitizkidate», komentatu zuen, arrenkura kutsu batez, elkarrizketa baterako Bizkaia irratiak Landakon duen estudiora zihoala. Idazle batzuk ezagunegiak baitira Durangoko Azokan bisitari normalaren gisan ibiltzeko.

Liburuak sinatzen zituzten idazle eta musikariez gain, bazen beste arlo batzuetako jende ezagunik ere, hala nola Jose Angel Iribar Athletic futbol taldeko atezain ohia eta talde bereko egungo jokalari bi: Ustaritz Aldekoa-Otalora eta Iban Zubiaurre.

Durangoko Azoka errebindikazioetarako plazatzat hartu zutenen kopuruak ere gora egin zuen atzo: presoen aldeko kontzentrazio bat egin zen eguerdian, ohiko pankarta atera zuten EHUko irakasle kaleratuek -aurten gutxiago dira-, AHTren aurkako egutegiak izan ziren salgai, euskal selekzioaren aldeko kartelak itsatsi zituzten...

Euskaldunon Egunkaria-ren oroitzapenak eta Egunkaria auzia-ren inguruko kezkak ere izan zuen islarik atzo Durangon. Eguerdian, Egunkaria Sortzeneko kideei omenaldia egin zieten Plateruenan, eta arratsaldean Egunkaria auzia-ren inguruko mahai-ingurua egin zuten Elkartegian.

Gainerako ekitaldien artean, askotarikoa izan zen eskaintza: Patxi Usobiaga eta Irati Anda eskalatzaileei buruzko film dokumentala, Paia neba-arreben eta Unai Elorriagaren Oroimenaren lupa ikuskizuna, Zazpiak Batman kolektiboaren Laster Master. Inkomunikazio Ikastaro Azkarra-ren azken emanaldia, Sara Gomez Seibane, Carmen Isasi Martinez eta Enriqueta Sesmeroren Bilbao en sus documentos (1544-1694) liburuaren aurkezpena, Eguzki Bideoaken Haizea eta sustraiak DVDaren aurkezpena, eta, amaitzeko, San Agustin elkargunean, Landakotik aparte eta azoka ordurako itxita zelarik, Txalo Produkzioak konpainiak ekoitzitako Sommer jaunaren istorioak antzerki lana, Jose Ramon Soroizen zuzendu eta interpretatua.

Entsegu orokorra egin aurretik, bazkalondoan, Soroizek azoka bisitatu zuen, obraren zuzendari Xicu Masorekin batera.

Eguraldiak horretarako aukera ematen zuenez, Landako guneak ez ezik Plateruena atariko plazak ere Durangoko Azokari dagokion giroa bereganatu zuen. Liburu eta diskoez gain, profesionalez eta artista ezagunez gain, jendea ere beharrezkoa du Durangoko Azokak, eta atzo, herenegun ez bezala, jendez ondo hornitu zen, kanpoan ez ezik baita barruan ere.

Durangoko ostatuetan ere argi nabarmentzeko modukoa izan zen atzoko egunak ekarri zuen gorakada. Bazkalorduan batez ere, ordu horretan Landako gunearen barruko kaleak pixka bat hustu baitziren, herri barruko ostatuen fabore. Hori ere Durangoko Azokako irudi tipikoa da, berezkoa eta saihestezina.

ARTELANAK ERAKUSMAHAIETAN. Ardatz nagusitzat liburuak eta diskoak dituenez, literatura eta musika dira Durangoko Azokan nagusitzen diren adierazpideak, baina aurten beren erakusmahaietan arteari leku bat eskaini diote Txalaparta eta Susa argitaletxeek.

Txalapartak 20 urte beteko ditu aurtengo maiatzean, eta Durangoko Azokan egin du urteurren hori ospatzeko lehen urratsa. Horretarako, Juan Gorriti artistak -Txalaparta argitaletxearen aurreneko harpidedunetako bat baita- txalapartan oinarritutako hiru eskultura sortu ditu. Txalapartaren erakusmahaian ikusgai daude egunotan eskultura horiek, elkarren ondoan, baina gero bakoitzak bere bidea hartuko du.

Eskulturetako bat igande eguerdian zozketatuko da irakurleen artean. Txalapartako harpidedunek eta azokako liburuen erosleek hartuko dute parte zozketa horretan. Harpidedunek harpidetza urte adina txartel dute zozketarako; azokako erosleek, berriz, egindako erosketen araberako txartel kopurua.

Gorritiren bigarren eskulturaren kasuan, bost kopia egin dira salgai jartzeko, 320na euroan. Eta hirugarren eskultura Txalaparta argitaletxearen eskuetan geratuko da.

Idazleen edo liburu azalen ohiko irudien ordez, Susa argitaletxeak Izibene Oñederra artistak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1979) sortutako Idazlearen atelierra (storyboard) 770 x 150 zentimetroko murala dauka egunotan erakusmahaiaren atzealdean; bihar eta etzi, Oñederraren obra dagoen lekuan, Oihana Leundaren (Zarautz, Gipuzkoa, 1983) Iruditerium, d(ut)idate 700 x 120 zentimetroko murala kokatuko dute. Aspaldidanik zuten antzeko zerbait egiteko asmoa Susako kideek, baina Durangoko Azokarako egin beharreko prestaketa lanek eragotzi izan diete orain arte asmo hori burutan ateratzea.

Opari bat ere badu Susak Durangoko Azokan dituen bezeroentzat beren-beregi eramana: Nazim Hikmet palestinar poetaren 12 poemaren euskarazko itzulpenak jasotzen dituen liburuxka. Iñigo Aranbarrik eginak dira itzulpenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.