Datuak, garaileak, galtzaileak, egun zehatzak eta tokiak aipatzen dira, batez ere, gerrez hitz egiterakoan. Elementu horiekin kontatzen da istorioa eta historia, eta pasioa, gorrotoa, ezjakintasuna, gezurrak eta zokoratutakoen sentimenduak estaltzen ditu. Patxi Zubizarretak (Ordizia, 1964), baina, ahaztutako osagai horiek azaleratzeko ahalegina egin du Hiru gutun Iruñetik eleberriarekin (Pamiela). Gerrak banatu eta urrundutako bi lagunen istorioa da. «Batzuetan, gertaera batzuen berri ematen denean, esaten da kontatuta ere ezin direla sinetsi. Halere, kontatu egin behar direla uste dut», esan zuen egileak atzo, liburuaren aurkezpenean. Eta kontatu, liburuarekin «arrasto bat» utzi nahi duelako. «Kontatzen denak zer pentsatua eman dezala».
Miguel Delibes izan zuen gogoan Zubizarretak, lanaren egitura azaltzerakoan. «Hark esaten du eleberri bakoitzak hiru p eduki behar dituela: pertsonaia, paisaia eta pasioa». Kasu honetan Gabriel Arratibel eta Rafael Zubeldia dira pertsonaiak. Ordiziarrak biak. Lagunak. Gabriel soldaduskara joango da, Saharara, 1935ean. Rafael etxean geratuko da, ez dutelako armadan onartu. Izan ere, aizkorarekin jolasean ari zela, esku bateko bi atzamarrak moztu zituen. Paisaia, berriz, Nafarroako Pirinioek osatuko dute. «Erronkari eta Zaraitzu ibarrek, Bidankozek...». Eta pasioa, kasu honetan «ia-ia» perbertsio bihurtuko da, Zubizarretaren irudiko. «Gerran ere pasio asko bizi izan direlako eta bizitzen direlako, gerrarekin zerikusirik izan ez arren».
Hiru ataletan banatu du egileak kontakizuna. «Aurrenekoa, gutunak dira, bi lagunen artekoak. Bata Saharan dago, eta bestea etxean». Bigarrena, hirugarren pertsonan narratuta dago. «Nola doazen presoak Bidankozera, zer gertatzen den han... Eta hirugarrenena, bigarren pertsonan idatzitakoa da. Presoak nola bizi duen bere mendekua, ihesa...».
Gabrielek hasieran soldaduskara joan behar zuen. Hori baino ez. Baina Espainiako Gerra hasi zenean, frankisten teniente bihurtu zen San Kristobal gotorlekuan, Ezkaba mendian, Iruñetik gertu. «Saharan egindako denboran konturatu zen euskal kultura, txikia, ez zela benetako mundua. Mundua basamortuan topatu zuen, Antoine de Saint-Exuperyrekin, pilotuekin... Orduan konturatu zen zer zen kosmopolitismoa», argitu zuen Zubizarretak. Gabrielek, gainera, «garatu egin zuen bere gogoeta», eta frankisten «aldeko» bihurtu zen.
Rafael, aldiz, «tirriki-tarraka» zebilen, baina bat-batean gerran sartu zuten, eta Bidankozera eraman zuten esklabo. «Ez zen izan berak ideologikoki pentsamendu jakin bat zuelako...». Emakume bat ere azaltzen da nobelan, bere burua Donostiako Kursaaleko zubitik botako duena. Haurdun zegoen. «Saharan zegoenaren andregaia zen berez», argitu zuen Zubizarretak. «Horregatik esan dut gerran ere pasio asko zegoela. Horrelako gertaera batek barrenak mugitzen ditu, gorrotoa pizten du».
Bi liburu, batez ere
Liburua osatzeko «asko» irakurri behar izan duela jakinarazi zuen Zubizarretak; «Harkaitz Canok esaten duen bezala, gaur egungo artistak kleptomano bat izan behar du; lapurra, baina gustu onekoa». Bi liburuk lagundu diote, bereziki. Batetik, Esclavos del franquismo en el Pirineo-k (Fernando Mendiola eta Edurne Beaumont, Txalaparta, 2007), eta, bestetik, Aitor Azurkiren Maizales bajo la lluvia-k (Alberdania, 2011). Liburu horietan jasotako testigantzek «oilo ipurdia» eragin zioten. «Kleptomano langintza» horretan, ahalegindu da besteenetatik zein bere liburuetatik aipuak eta lekukotasunak hartzen; Manuel Rivasen O lapis do carpinteiro-tik(2001) eta Kathrine Kressman Taylorren Address Unknown-etik (1938), esaterako. «Kressmann Taylorrek, adibidez, modu liluragarrian kontatzen du, hamar orrialdetan, nazi baten eta judu baten arteko harremana».
Egunero-egunero «iraganera bidaiatzen» hasi zen Zubizarreta. Une baten zain zegoen, «harik eta hori etorri zen arte». Instant hori izan daiteke telebistan Al enemigo ni agua dokumentala ikusi zuenekoa. Erronkari eta Zaraitzu artean Bidankozen errepide bat nola eraiki zuten kontatzen du. Dulce Chacon-en La voz dormida-k (2002) ere bere arreta piztu zuen. «Pasarte batean, apaizak esaten die esklaboei: 'Zaborra zarete. Eta ez baldin baduzue ulertzen zer esan nahi duen, nik argituko dizuet: kaka, kaka,kaka'». Zubizarretak ere arrastoa utzi nahi du bere kontakizunarekin.
Gauzak kontatu, arrastoa uzteko
Patxi Zubizarretak 'Hiru gutun Iruñetik' kaleratu du, gerrak banatu eta urrundutako bi lagunen istorioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu