Gauzen funtsezko geometria

Jesus de la Sota margolariaren 27 lan jarri dituzte ikusgai Lizarrako Gustavo Maeztu museoan

Lizarran ikusgai den Jesus de la Sota margolariaren lanik abstraktuenetariko bat. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Lizarra
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Lerro zuzenak, eta kolore multzo karratu eta uniformeak. Geometria abstraktua, nabarmen, tituluagatik ez balitz: Aulkiak. Lanaren izenburuak ageri du margolanaren oinarri figuratiboa. Ez da kasu solte bat. Izan ere, bi eremu horien artean aritu zen Jesus de la Sota margolari galiziarra (Pontevedra, 1924-Berlin, 1980); abstrakzio geometrikoaren eta gutxieneko figurazioaren artean. Bi hitz aipatzen ditu, behin eta berriz, Angel Llorente komisarioak artistaren lana deskribatzeko: «Sotiltasuna» eta «fintasuna». Berak osatu du Lizarrako Gustavo Maeztu museoan (Nafarroa) jarri duten erakusketa: Silencios y ritmos. Dibujos y pinturas de Jesus de la Sota, 1955-1961 (Isiltasunak eta erritmoak. Jesus de la Sotaren marrazki eta pinturak 1955-1961). Artistaren 27 lan jarri dituzte ikusgai, eta uztailaren 1era arte egongo dira bertan.

De la Sotaren lanaren zati garrantzitsua da margolanena, Llorentek azaltzen duenez, baina ez da bere sorkuntza lan bakarra. «Pintorea izan zen De la Sota, bai, baina ez pintore bakarrik, hori baino askoz gehiago izan zen. Diseinatzailea ere izan zen, esaterako. Eta oso garrantzitsua. Koadroan ageri diren aulki horiek ere, berak egindakoak dira. Haren izena ahaztu xamar egon da, ordea, denborarekin. Trantsiziotik demokraziarako jauzian figurazioa eta kolorearen aldarrikapena egin zuten artista gazteek Espainian, eta bazterrean gelditu ziren pintore zaharragoak».

Bazuen bere garrantzia arte diziplina askotarikoak lantzearenak. 1950eko hamarkadan alor artistikoak integratzen saiatu ziren artista asko. Erabateko arte bat nahi zuten. Baita De la Sotak ere, eta, Llorenteren hitzetan, bera izan zen sintesi hori lortu zuenetariko bat. Alejandro de La Sota arkitekto ezaguna zuen anaia, eta haren eskutik heldu zen Madrilera. Harekin zegoela abiatu zuen bere arte sorkuntza, eta eragin handia izan zuen gerora bere lanetan arkitekturarekin izan zuen harreman horrek.

Kronologikoki antolatu dute erakusketa, eta artistaren bilakaera ikus dezake bisitariak urratsez urrats. Gramineak izeneko lan multzo bat da lehena. Loreen funtsa baino ez du margotzen pintoreak, baina argi ikus daitezke, halere. «Poesia hutsa da», dio Llorentek, «eta esango nuke jazz musika iradokitzen duela. Oso gustuko zuen musika mota hori, eta badu lan honek horren oihartzuna».

Lausotuz doa figurazioarekiko lotura, erakusketan aurrera egin ahala. Fuengirola izeneko margolan seriean, adibidez, nabarmena da artistak abstrakziorantz egiten duen jauzia. Figurazioa dago oraindik ere lan horien oinarrian, baina ez da hain nabarmena. Aztarna soil bat. Ez askoz gehiago. Paisaia bat da koadroek erakusten dutena, baina zaila da hura errekonozitzea.

Etxeak buruz behera

Anekdota bat da, baina nahiko era argian azaltzen du margolariaren bilakaeraren nondik norakoa. Irekiera ekitaldian Llorente baino ez da ohartu akatsaz. Alderantziz jarri dituzte koadro abstraktuenetariko batzuk langileek, eta hala egon dira tarte labur batez. Harik eta Llorentek abisua eman duen arte: ibaiak eta etxeak buruz behera, inoren harridurarik piztu gabe. Garai batetik aurrera, artistak figurazioa hatz puntekin baino laztantzen ez zuen erakusgarri.

Erabat abstraktuak dira jadanik erakusketa bukaerako lanak. Ez da ageri lore, ibai edo etxeen arrastorik erakusketa ixten duten Konposizioak izeneko neurri handiko lanen seriean.Geometria eta kolorea dira bereizten diren bakarrak. Forma zuri batzuk, forma ez hain zuri batzuen gainean. Irudi beltz bat, oinarri ez hain beltz baten gainean... «Sotiltasuna» eta «fintasuna» aipatzen ditu berriz Llorentek. Baita «esentzialtasuna» eta «horizontaltasuna» ere.

Museoko bigarren aretoan hainbat arrainen margolanak ikus daitezke, diseinu lan atseginak. Eta badira itsasontzien marrazki batzuk ere.

1961az geroztik altzariak diseinatu zituen batez ere De la Sotak, eta pintura uzten joan zen. Denda bat ireki zuen, eta horrek hartu zion denborarik gehiena. Hura ixtean, paisaiak marrazten hasi zen berriz. Geometria abstraktua atze xamar utzi, eta figurazioa landuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.