World Press Photo argazki kazetaritzako munduko sariketarik garrantzitsueneko sariak banatu berri dituzte. Paul Hansen argazkilariak Gazan ateratako argazki batek irabazi du sari nagusia. Irudian, hildako bi haur agertzen dira hainbat gizonen besoetan. Argazkilariaren hitzetan, Israelek jaurtitako misil batek horien etxean jo zuen, eta etxea haurren gainera erortzean hil ziren biak.
Bigarren saria eskuratu du Ekintza Kirolean sailean Daniel Otxoa de Olza nafarrak. Otxoa de Olza argazkilariak Associatek Press agentzian egiten du lan. Juan Jose Padilla toreatzaileareari ateratako argazki bilduma saritu diote. Hamabi argazki. Zezenketa batean begia galdu zuen Padillak eta handik eta bost hilabetera itzuli zen plazara. Osatu ondoren egindako lehenengo zezenketan daude aterata argazkiak, Extremaduran. "Gai interesgarria izan zitekeela ikusi nuen, eta hara joan nintzen. Baina beste lan bat gehiago izan zen. Ez zen ezer berezia izan", adierazi du Otxoa de Olzak.
BERRIAri esan dio "ezusteko handia" izan dela saria. Mundu osoko argazkilariak parte hartzen dutelako sariketan, eta "oso pozik" dagoela. Argazkilari izan arte inoiz zezenketa batean izan gabea zen Otxoa de Olza. "Antropologian eta giza ohituretan interes berezia dut, eta argazkilari baten ikuspuntutik interesgarriak dira zezenketak".
Iñaki Otxoa de Olza zendutako mendizalearen anaia da Daniel.