Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Gaztelumendik irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren final-laurdena

Ofizioetan mailari eutsi ondotik, kartzelako aparta egin du Beñat Gaztelumendik Errenterian.

Gaztelumendik zuzenean jaso du finalerdietarako txartela. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Beñat Zamalloa Akizu.
2015eko urriaren 25a
20:53
Entzun

Beñat Gaztelumendik irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren final-laurdena Errenteriako Agustina Otaola Raketista Profesionala pilotalekuan. Atzo, lehen final-laurdenean, Agin Laburuk eskuratu zuen puntu kopuru bera eskuratu du: 516. Azken agurrean tentsioa aipatu du Gaztelumendik, eta tentsio horri aurre kartzelatik itzuli denean egin dio. Ordura arte, neurritsuago jardun du. Aparteko kartzela egin du, beretik gehien orduan emanda. Gaztelumendiren atzetik Iñaki Gurrutxaga (499,5 puntu) , Jon Martin (485,5 pt.), Ane Labaka (476 pt.), Iñigo Mantzizidor Mantxi (474,5 pt.) eta Amaia Iturrioz (454 pt.) sailkatu dira.

Gurrutxagak saiora umorea eta freskotasuna ekarri du, zenbaitetan zuzentasuna falta izan duen arren. Martinek saio orekatua eginagatik, ez du erakutsi beste saio batzuetan erakutsitako fintasunik. Bertsotarako plaza perfektua dela kantatu du Labakak hasierako agurrean, eta atera dio zukua plazari. Ariketaz ariketa eutsi dio mailari, eta behin baino gehiagotan egin du gora. Mantxi-rentzat ez da arratsalderik onena izan: birritan trabatu da, eta nekez bukatu ditu bertsook. Dena den, hainbatetan utzi du beretik. Iturriozek lehen bi ariketekin saioa indartsu hasi du, baina bigarren ariketatik aurrera beherantz egin du.

Fase honetan, zortziko handiarekin hasten dituzte lan puntuagarriak. Lan horretako lehen bi ariketatan, Iturrioz eta Gaztelumendi nabarmendu dira. Hirugarren ofizioa osoagoa izan da. Iturrioz eta Gurrutxaga izan dira lehenak. Gaiari jarraiki, euren lantokian bi egun zela lankide bat hil zen, eta, hurrengo egunean lantokia itxita egon ondoren, lanera itzulita zeuden. “Guri bai, baina gure goikoei / asko ez zaie inporta”, zabaldu du bidea aurreneko bertsoan. “Lan istripua hedabideek / zeinen titular erreza / istripu hitzak berekin dakar / erantzukizunik eza”, jarraitu du bigarrenean. Menpeko klasearena “sinistuegi” ez ote duten galdetu du hirugarrenean, eta horren ondoren beste galdera honekin bukatu du Gurrutxagak: “Hainbesteraino balio al du / eguneroko ogiak?”.

Gaztelumendi eta Martin bi ikasle izan dira unibertsitateko hauta proba eginda ikasi nahi zuten ikasketetarako behar adinako nota lortu ez dutenak. Bigarren bertsoan hartu dio neurria gaiari Gaztelumendik: “Notarengatik aukeratuak / izango dira mediku / eta bidean jausi direnak / zeinek sendatuko ditu”. Zalantza batekin bukatu du: “Sistema edo ni zein ote den / atzean geratu dena”.

Mantxi eta Labakarena izan da bertsoaldietan paretsuena eta beteena. Zaharren egoitzan bizi diren adinekoak izan dira, gaur eskolako haurrak joan zaizkie bisitan. Biloba ikasleen artean ez zela eta pena agertu du lehen bertsoan Mantxi-k. Muxu bat eman dio ikasle batek Labaka adinekoari, eta zera iruditu zaio: “Momentu batez iruditu zait / berriro jaio naizela”. Bide horri eutsi dio Mantxi-k, eta haur batek aitona deitu ondoren zera gertatu zaio: “Une horretan hortz ordekoak / dardarka ipini zaizkit”.

Finen, zortziko txikian
Zortziko txikia izan da ofizioetan emaitza onenak eman dituena. Horretan ere Mantxi-k kantatu duena izan da beteena. Gaztelumendirekin aritu da bigarren lanean, eta entzuleak piztu dituzte. Hegazkinean elkarrekin doazela, turbulentziak hasi eta eskutik heldu dio Mantxi-k Gaztelumendiri. Gaztelumendi Mantxi-ri bidea zabaltzen jardun da, eta Mantxi-k gehiago luzitu du berak baino. “Hau ez ligatzeko / modu bat ta punto / zerbait nahi banu ez non / hola estutuko”, argitu dio Mantxi-k Gaztelumendiri lehenengoan. Gaztelumendik bere burua aurkeztu dio gero; Mantxi, ordea, ez da izan gai: “‘Beñat daukat izena’ diozu nolabait. / Kaixo, Beñat, nerea / ahaztu egin zait”.

Bizilagunen rolean jardun dira Gurrutxaga eta Labaka. Labaka maiz joaten zitzaion osagaien bila Gurrutxaga bizilagunari Imanol Artolak jarritako gaian. Ideia politak bota dituzte, testuinguruari zukua aterata. “Nahi badezu har zazu / frigorifikoa”, kantatu du Gurrutxagak aurrenekoan, adibiderako. “Oso mantso zabiltza / aste eta jai zu / ez dizut eskatuko / gatza falta zaizu”, erantzun dio aurrerago Labakak, eta honakoa orduan Gurrutxagak: “Postre eske zetorren / betiko modura / gozo heldu da / baina laster ozpindu da”. “Bat-batean bihurtu naiz diabetiko / lasaitu zaite e’ naiz / berriz itzuliko”, bukatu du egin beharrekoa Labakak.

Bigarren ofizioan ere indartsu aritu da Iturriotz. Martinekin kantatu du. Informatika denda bateko jabea izan da Martin, eta Iturriozek hilabetean bost aldiz joan zaio Iturrioz ordenagailua matxuratuta. “Ni ez nabil oso fin / baina zu ere ez”, bota dio lehenean Iturriozek Martini. “Hau nere patrikarentzat / ez denez sanoa / beste konpontzaile bat / bilatzera noa”, bukatu du Iturriozek.

Sei puntuko motzean eta hamarreko txikikoan puntu politak utzi dituzte, baina ez da goitik beherako lanik izan. Kartzelaren aurreko azken ofizioan, hamarreko txikian, Mantxi-k eta Martinek egin dutena izan da osoena eta politena.

Bozgorailuetatik deika
“Zure izena bozgorailuetatik esaten ari dira behin eta berriz” izan dute kartzelako gaia. Arnaldo Otegiren ahotik kantatu du Iturriozek, zentro komertzialean alaba galdu duen aitarenetik Gurrutxagak, Indiarako hegazkinerako azken abisua jaso du Martinek, hondartzan galdu den haurrarenetik kantatu dute Gaztelumendik eta Mantxi-k eta bertsolariarenetik Labakak.

Gurrutxaga ez da zuzentasunari dagokionez txukun ibili, baina lan umoretsua ondu du rolean ongi sartuta: esaterako, bere izena entzutean emaztea errietan entzun duela edo alabari bekokian zenbakia tatuatu behar diola kantatu duenean. Lan guztietan, ordea, Gaztelumendirena apartekoa izan da. Hondartzan galdutako haurraren rolean, honela bukatu du lehen bertsoa: “Gaztelutxoa hondarrarekin / egitea hain da erraza / hartu pala ta hartu eskuak / hemen nabil nere kasa / baina zergatik iruditzen zait / bukatu dela jolasa?”. Txaloen ostean tarterik utzi gabe kantatu ditu hiru bertsoak segidan. Mundua zein handia den eta zein txiki sentitzen den kantatu du bigarrenean, hirugarren bertsoarekin ariketa era honetara artez biribiltzeko: “Zergatik daude nere ondoko / guztiak neri begira? / Amona batek zergatik egin / besoetatik tira? / Zergatik goaz gurutze gorri / haundi bat daukan tokira? / Dirudienez altabozetik / agintzen zena hori da. / Nik jolastea beste gauzarik / ez bainuen desira / ta bukatu da nere jolasa / nere begien distira. / Sokorristari hala esan diot / aurpegitik aurpegira: / e’ naizela ni galdu naizena / gurasoak izan dira”.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.