Pausoka egin beharrean, jauzika egiten ari da aurrerabidea Arabako bertsolaritza azken urteotan. 2009an, txapelketak inoiz baino jende gehiago erakarri zuen. 2010ean, kuadrilla arteko lehiaren bidez Araba osora zabaldu zen, eta are jende gehiago erakarri. Bide horretan beste jauzi bat eman du Arabako Bertsolari Txapelketak 2011n, eta larunbateko final handian islatu nahi dute antolatzaileek. Gasteizko Principal antzokia bete nahi dute, 17:30ean hasiko den saioan.
Saio bikaina izateko osagarriak ditu finalak. 2002an txapelketa egiten hasi zenetik egon diren hiru irabazleak bertan egongo dira: Asier Otamendi, Zigor Enbeita eta, indarrean dagoen txapelduna, Oihane Perea. Manex Agirre eta Iñaki Viñaspre, finaletan eskarmentua pilatu ondoren, txapeldunen multzoan sartzen saiatuko dira, eta Ander Solozabalek osatuko du taldea. Lehen finala du Solozabalek, eta hura izango da Arabako harrobiaren erakusgarri.
Finalera heldu diren sei bertsolariek txapela janzteko aukera dute, baina Manex Agirre, Oihane Perea eta Asier Otamendi dira faboritoak, finalaurrekoetan bildutako puntuazioaren arabera. Agirrek 354,5 puntu bildu zituen, Pereak 348,5 eta Otamendik 346,8. Haien atzetik Iñaki Viñaspresailkatu zen, 332 punturekin; ondoren, Zigor Enbeita (319); azkenik, Ander Solozabal (318,5). Finalaurrekoetan izandako tentsioa nabarmendu dute bertsolari guztiek. «Oso garesti egon da aurten finalean sartzea», esan du Solozabalek. Txapelketako bigarren fasearen puntuazioak ikusita agerikoa da hori, hamar punturen aldea baino ez dagoelako bosgarren eta hamabigarren sailkatuen artean.
Kanporaketa eta finalerdietako tentsioa Arabako Bertsolari Txapelketak aurten emandako jauziaren ondorioa izan daitekeela gogorarazi dute. Txapelketarako 43 bertsolarik izena eman zuten hasieran, eta txapelketa modu ofizialean hasi aurretik hamahiru gelditu ziren kanporaketetatik at. Kalitatean ere gora egin dela nabarmendu dute. «Duela hamar urte baino gehiago eta hobeak gara», laburbildu du Enbeitak, 2003ko eta 2006ko txapeldunak.
Saioak ikusi dituzten ikusleak ere nabarmendu dituzte sei finalistek. «Hogei ikusle zeuden finaletan parte hartu dut, eta aurtengo lehen kanporaketan, Ataurin, herri txiki batean, 60 lagun zeuden», azaldu du. 2010. urtean egin zen kuadrilla arteko txapelketak jende gaztea erakartzeko baliagarria izan bazen ere, Araban dauden bertso eskolen lana garrantzitsua dela nabarmendu du Enbeitak.
Gehiago eta hobeak
Arabako Bertsolari Txapelketak aurten kantitate eta kalitatean eman duen jauziaren lekuko izango da larunbateko finalaPrincipalen ariko diren sei bertsolarietatik Solozabal da inoiz final batean aritu gabekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu