Gran Torino bikainarekin bere badaezpadako agur artistikoa sinatu ostean, oraingoan Clint Eastwoodek heriotzari aurrez aurre begiratzea erabaki du. Zientzia fikzioa izan gabe, gure ulermenetik kanpo dauden osagaiak dira nagusi zinemagilearen azken filmean, Hereafter-en. Hiru pertsonaia, hiru istorio, eta horien arteko lotura nagusia, heriotzarekin izan duten harremana.
Askok erretiroa hartzea gomendatu badiote ere, oraindik gauza asko ditu kontatzeko Eastwoodek. Horren lekuko da mendea hasi denetik daraman erritmo harrigarria, ia Woody Allenen parekoa. Hereafter honekin hamar dira 2000. urteko Space Cowboys hura egin zuenetik estreinatu dituen filmak. Horiei Martin Scorsesek blues musikari eskaini zion sortaren barruan filmatu zuen dokumentala gehitu behar zaio.
Eta haren filmografia ez da honetan geldituko. Dagoeneko nahiko aurreratua du hurrengo proiektua: J. Edgar, Edgar Hoover FBIko zuzendari izandakoaren gaineko filma. Leonardo DiCapriok egingo du Hooverrena, eta dena ongi baldin badoa, aurten estreinatuko da oraingoz azkena den Eastwooden peliku-la.
Gaur arte Invictus zuen azken lana. Errugbiari eta Mandelari buruzko istorioa hala-moduzkoa zen, baina gaur egun Eastwoodek ongi merezitako prestigioa du eta kritikak nahiko onberak izan ziren. Pena du Morgan Freeman lagunak ezin izan zuelako aktore onenaren Oscar saria bigarrengoz eskuratu. Invictus-en Matt Damonekin egin zuen lan, eta, nonbait, gustura gelditu ziren biak, elkarlana errepikatzea erabaki baitute.
Gainerakoan, Eastwooden betiko laguntzaileetako gehienek hartu dute parte proiektu berrian. Azkenaldi honetan ohi duenez, zuzendariak berak egin du filmerako musika. Eta luxuzko ekoizle exekutibo bat izan du Hereafter-ek: Steven Spielberg. Hark babestu du Parisen, Londresen, Hawaiin eta San Frantziskon filmatu den pelikula.
Ezezagunari begira
M. Night Shyamalanek famatu egin zuen estiloari jarraikiz, thriller fantastikoa egin du Clint zaharrak. Peter Morgan gidoilariak idatzi zuen istorioa, bere lagun bat auto istripu batean hil ondoren; bestaldean zerbait ba ote dagoen galdetzen dio filmak ikusleari.
Horretarako, hiru pertsonaia nagusi ditu Hereafter-ek. Matt Damon George Lonnegan da, bere lanbideaz nazkatutako eta medium ospetsu izandako bat. Jarduera horrek eragiten zion presioari handiegia zela iritzita, dena utzi eta mundutik aparte bizi da. Hala ere, hildakoekin komunikatzeko duen gaitasuna ez da desagertu eta bizimodu normala eramatea zailduko dio.
Marie Lelay kazetari frantziarra da filmeko bigarren pertsonaia nagusia. Mutil-lagunarekin Asiako kostaldeko herrixka batera joanen da oporretara, eta han tsunami batek harrapatuko ditu. Ia modu miragarri batez salbatuko da, eta hortik aurrera bere jarrera goitik behera aldatuko du. Parisera itzuliko da, baina ordura arte sentitu ez duen zerbait barruan duela, azalpenik ez duen zerbait. Bere esperientzia horri buruz Hereafter izeneko liburua idatziko du, baina gehienek ero dagoela uste izanen dute. Horren ondorioz, Suitzako klinika batean sartuko dute.
Azken pertsonaia bi dira: Jason eta Markus bikiak dira. Haurrak zirenean Londresko auzune batean bizi ziren, familia pobre batean. Jason da bietatik nagusia, anaia baino 12 minutu lehenago etorri zen mundura eta ama eta anaia-arrebak zaintzeaz arduratzen da. Baina mandatu bat egitera atera eta auto batek harrapatuko du.
Marcus bakar-bakarrik sentituko da, hortik aurrera anaia-rekin komunikatu ahal izatea obsesio bihurtuko zaio. Horretarako, medium baten bila abiatuko da.
'HEREAFTER'
Zuzendaria. Clint Eastwood. Aktoreak: Matt Damon, Cecile de France, Lyndsey Marshall, Bryce Dallas Howard, Jay Mohr. Herrialdea: AEBak.
Urtea: 2010.
Iraupena: 129 minutu.
Estreinaldiak: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.
Genero guztietan eroso
Clint Eastwood beteranoak heriotzaren gaineko hiru istorio lotu ditu 'Hereafter' thriller fantastikoanEdgar Hoover FBIko zuzendari izanari buruzko film bat du hurrengo proiektua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu