EHUko Bilboko Artea eta Kultura ikastaroetan, ipuingintza modernoaren historia hizpide hartu aurretik, zenbait azalpen eman eta puntu batzuk argitu behar izan ditu Alvaro Rabelli literatur ikerlari eta kritikariak, «ipuinaren beraren definizioan bertan hasten baitira arazoak». «Prosan idatzitako fikziozko narrazio lan labur» gisa definitu ohi da ipuina, «bereziki alegiazko gertaera eta kontu harrigarriak kontatzen dituena, eta umeei zuzendutakoa dena». Eta, Rabelliren ustez, definizio horretan dago lehen hutsa. «Izan ere, zer esan nahi du horrek, kontu harrigarririk kontatu ezean, ipuina ez dela ipuin?». Umeekin estuki lotzeari ere desegoki iritzi dio. «Bistan da helduentzako ipuinak ere badirela literatura guztietan».
«Genero txikitzat eta eleberriaren mendekotzat» hartua da ipuina, adituaren ustez, «eta bada garaia iritziz aldatzeko». Rabelliren hitzetan, «narratiba laburraren esparruko literatur genero autonomoa da ipuina, eleberritik eta poesiatik libre dagoena».
Hibridaziorako joera du, nolanahi ere. «Hori da ezaugarririk garrantzitsuena». Mugetan gertatzen da hibridazioa, Rabelliren iritziz. «Hor egiten du eleberrirantz edo olerkirantz». Laburtasuna da beste ezaugarrietako bat. Ingeles literaturak, neurriaren arabera, ipuin mota bi bereizten ditu: tale (ipuin harrigarria) eta short istory (kontakizun laburra). Besterik da euskal tradizioan. Euskarazko literaturan, halako obra guztiei ipuin deitzearen aldekoa da Rabelli, «betiere kontuan harturik narratiba laburra esparru zabala dela, eta ipuinaren generoak berezkoa duela hibridazioa».
Dena dela, azken sasoian mikroipuinek garrantzia hartu dutela dio ikerlariak. Kontakizun laburretan laburrenak dira horiek. «Lauro Zavalaren arabera, badira mila eta bi mila hitz artean dituzten kontakizunak, eta horiek ipuin laburrak dira. Berrehun eta mila hitz artekoak daude ondoren, eta horiek, berriz, oso ipuin laburrak dira. Hitz bakar batetik berrehun hitzetara joan daitezkeenak daude azkenik. Mikroipuinak dira horiek».
Testu ñimiño horiek indar iradokitzaile handia eta anbiguotasun semantikoa dutela azaldu du Rabellik. «Testuartekotasunarekin batera ezinbestekoak dira bi ezaugarri horiek testu mota horiek ulertzeko». Izan ere, ipuinak irakurlearen inplikaziotik behar du, neurri handian, ipuin izateko. «Eleberrian ez bezala, ipuinetan ez da dena kontatzen». Irakurleak, horrenbestez, bere aldetik eman behar du, istorioan barruratu behar du, zentzua aurkitu eta gozamenik izan nahi badu.
Poe eta Lertxundi
XIX. mendean, Edgar Allan Poerekin hasi zen ipuingintza modernoa, Rabelliren arabera. Euskarazko literaturan, ordea, ipuina genero «berantiarra» dela dio. «Jon Mirande, Jean Etxepare, Gabriel Aresti eta Nemesio Etxaniz izan ziren euskarazko ipuingintza garaikidearen aitzindariak». 1970. urtera arte, baina, ez zela euskarazko ipuingintza garaikidea abiatu argitu du Rabellik. Anjel Lertxundiren Hunik arrats artean obrarekin hasi zela azaldu du ikerlariak. «Nahiko berandu, inguruko literaturetan ipuingintzak ordurako zuen garapena kontuan harturik».
Garapen «azkarra» izan du, haatik. Pott Bandako idazleek bultzatuta, 80ko hamarkadan izan zuen loraldia. Bernardo Atxagaren Obabakoak testuinguru horretan kokatu du Rabellik, «ipuin liburua baldin bada, hibridaziotik ere baduelako». Dioenez, ipuinak «gorabehera handiak» izan ditu literaturaren industrian, «90eko hamarkadan, batez ere». «Prestigio» kontuak tarteko, argitaletxeek eleberriaren alde egin zutela adierazi du ikerlariak. «Eleberriari ipuinari ez bezalako nagusitasuna eman zioten».
Rabelliren iritziz, literatur kritikak ere ez dio behar bezala erreparatu. «Kritikaren arreta ipuingintzarekiko nahiko berria da». Esparru horretan, hortaz, «hutsune nabarmenak» ikusten ditu. «Kontraesanak ere bai: kritika akademikoan ipuinak badu ospea, baina kritikaren beste alor batzuetan, hedabideetan, ez hainbeste».
Promozioari ere heldu dio, ipuingintzaren egoerari buruzko azterketa osatzeko. «Ez da ipuin kontaketarik ia egiten, eta egiten direnean, ahozko tradiziotik datozen klasikoak eman ohi dituzte kontalariek».
Ipuin sariketak egon badaude, baina, Rabelliren ustez, «tamainagatik epaitzeko errazenak direlako antolatzen dituzte horiek, eleberri lehiaketak beharrean».
Edozelan ere, euskarazko narratibaren gakoak ulertzekoipuina «ezinbesteko» generoa dela azaldu du ikerlariak. «Aldarrikatu nahi dut ipuinaren garrantzia; euskarazko literaturan gailur handiak jo ditu».
Genero ustez txikiak jotako gailur handiak
Euskarazko literaturan ipuingintzak daukan garrantzia aldarrikatu du Alvaro Rabelli literatur ikerlariak: «Ez da eleberriaren mendeko genero txikia». Ipuina umeen munduaz harantzago doala defenditu du, orobat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu