BERTSOLARITZA

Generoa izango da larunbateko Bertso Egunaren gaia

Donostian egingo da, eta arratsaldeko ekitaldian, Kursaal jauregiko jaialdian, erantzunak baino gehiago galderak sortu nahi dituzte publikoarengan.

Igor Susaeta.
2014ko urtarrilaren 22a
14:35
Entzun

Saio horretan hamabi bertsolari arituko dira kantari, eta, gainera, Miren Gaztañaga eta Ainhoa Alberdi aktoreek, Judith Montero saxofonistak, Allarte oihal eta dantza taldeak eta Maddi Oihenart kantariak parte hartuko dute. Iraia Eliasek zuzenduko du ikuskizuna, eta 18:00etan hasiko da.

Eguerdian bertso poteoa egingo dute hiriko parte zaharreko kaleetan hamar emakumezko bertsolarik, eta Ondarroa eta Donostiako Andrabanda batukada taldearen laguntza izango dute, gainera. Afalostean, "saio ganberroa" egingo dute, Nerea Elustondo Bertsozale Elkarteko Genero taldeko kidearen esanetan. 22 lagunek parte hartuko dute, eta, amaitzeko, Laket taldearekin erromeria izango da. Groseko Manteo kiroldegian izango da afaria.

Azalera izena jarri diote egunari. Ixiar Eizagirre Bertsozale Elkarteko Genero taldeko kideak gaur eguerdian egindako aurkezpenean adierazi duenez, hiru arrazoi daude horretarako: "Batetik, saiatu garelako oso barruan daramatzagun gaiak, errealitateak bistaratzen, azaleratzen; bestetik, gorputzetik aritu nahi dugulako, ez hainbeste intelektotik; eta, azkenik, espazio hartze bat ere izango delako". Halere, jaialdiak oinarrian umorea izango duela nabarmendu du: "Gainera, aniztasuna bistaratzearekin batera, inklusiboa izatea nahi dugu".

Bertsozale Elkartearen Genero taldeak antolatu du Bertso Eguna, elkarteko sustapen batzordearen proposamenari erantzunez. Horretarako, hainbat adinetako 37 emakumez osatutako multzo bat elkartu da, eta parte hartzearen metodologiaren bidez landu dute eguna. "Iritziak trukatzeko aukera edukitzea eta bertsogintzan zer egin nahiko genukeen geure buruari galdetzeko aukera izatea ez da egunero gertatzen den zerbait. Horregatik, oso aberasgarria izan da", azpimarratu du Elustondok.

Sarrera gutxi geratzen dira bai arratsaldeko ekitaldirako baita afarirako ere, eta, horregatik, lehenbailehen erostea gomendatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.