Artea gizartera zabaldu nahi izan zuen Victor Vasarelyk (Hungaria, 1906 - Frantzia, 1997) XX. mendean, eta horretan aritu zen bizitza osoan. 40 urte baino gehiago eman zituen kolorearen, argiaren eta forma geometrikoen gaineko ikerketa sakonak egiten. Artelan uzta oparoa utzi zuen, eta haietako batzuk bildu dituzte Bilboko BBK aretoan. 1948 eta 1991 bitartean sortutako 32 lan bildu dituzte. Atzo inauguratu zuten erakusketa eta lanak maiatzaren 5era arte ikusi ahalko dira. Martine Soria da komisarioa. Erakusketa ikusteko, bisita gidatuak antolatuko dituzte talde zein banakoentzat.
Lehen aldiz erakutsiko dituzte Vasarelyren lanak Bilbon. Izan ere, berton ez da haren lanik erakutsi aurretik. Guztira, 23 margolan eta bederatzi litografia biltzen ditu erakusketak. Vasarelyk akrilikoa, olioa eta biniloa erabili zituen margolanak pintatzeko. Oihalaren, kartoiaren eta egur taulen gainean aritu zen. Margolanekin batera, Octal liburuko bederatzi litografiak ikus daitezke. Liburuaren 850 aleko argitaraldia egin zuten, Vasarelyren irudiak eta Michel Butorren testuak dituela. Parisko Le Lumiere arte galeriako eta bildumazale pribatuen bildumetako lanak dira Bilboko erakusketan bildutako guztiak.
Errenazimentuko artisten antzera, Vasarelyk jakin-min handia izan zuen arte plastikoetatik kanpoko beste diziplinekin eta jarduerekin. Bere lanetara eraman zituen industria, teknologia, arkitektura, fisika eta, bereziki, azken horren barneko optikarako zituen zaletasun eta jakin-mina. Zinetismoaren aitatzat hartu zuten, baina errefusatu egin zuen hori, zinetismoa jadanik fisikan erabiltzen zen termino bat zela esanez, eta AEBetako Op-art (Optical Art) delako mugimendu artistikoarekin identifikatu zuen bere lana. Hala ere, Soriak ez dauka dudarik: Vasarely arte geometrikoaren «maisua» izan zen eta horren inguruan jardun zutenei bidea zabaldu zien. Arte birtualaren aitzindaria izan zen, eta artistak «ezohiko» ibilbidea egin zuen, Soriaren ustez. «Sortzaile konprometitu bat ezagutarazteko da erakusketa, eta espazioa ulertzeko haren era estimatzen eta gozatzen ikasteko», azaldu du.
Vasarelyren artea arrazionala da guztiz. Argiaren, koloreen eta zuzenen erabilera zehatzen bidez hiru dimentsioetako eta mugimenduko sentipenak sorraraztea lortzen du. Sistematikoki antolatzen ditu bere lanetako eremuak, eta forma geometrikoekin, degradatuekin eta kolore kontrasteekin jokatzen du ikusleengan sentipenak sorrarazteko. Zuzenen desbideratzea eta azalera erregularren deformazioak erabili zituen horretarako. Soriak erakusketako katalogoan azaldu duenez, «prestakuntza sendoko gizon zorrotz eta metodikoa izan zen, eta ez zen batere ameslari eta utopista».
Hasiera batean, beltza eta zuri baino ez zituen erabili egin zituen mugimendu azterketetarako. Baina 60ko hamarkadaz geroztik,kolore anitzeko paleta sortu zuen. Karratuak «arrazoiaren erabilpen mailarik handiena» islatzen zuen, haren ustez, eta hasiera batean uko egin zion bestelako formarik erabiltzeari. Baina urte batzuk geroago, ikerketekin aurrera egin ahala, laukiak alderatu zituen eta bestelako irudi geometrikoez baliatu zen arte lanak sortzeko. Hexagonoen erabileraren bidez lortu zuen lanen ikus eremua handitzea, eta, horrekin batera, sakontasun handiagoa lortu zuen.
Hungarian sortu eta hazi zen, baina gaztea zelarik Parisera joan zen. Bizitzeko, publizitateko grafista lanetan aritu zen, eta horrek eragina izan zuen haren lanean. Hala ere, hasiera bateko garai figuratiboa alde batera utzi zuen 40ko hamarkadan, abstrakzio geometrikoaren alde. Konstruktibismoaren eta Bauhausearen eragin nabarmena jaso zuen. Aleksandre Bortnyk konstruktibistaren ikaslea izan zen eta harengandik jaso zuen arte mugimendu horienganako zaletasuna. Vasarelyk Wassili Kandinski, Kazimir Malevitx eta Paul Klee miresten zituen, eta ukaezina da erakusketako hainbat lanetan artista horiek izandako eragina. Jasotako arte prestakuntzarekin batera, naturaren behaketak ere nabarmen eragin zion. Ordu luzeak eman zituen naturaren geometriari behatzen, Soriak azaldu duenez.
Pop mugimenduaren aitzindari izan zen Vasarely, eta XX. mendeko kultura, artea eta estetika ezagutzeko ezinbesteko artista suertatzen zaio Jorge Martinez Salcedo BBK fundazioaren zuzendariari. Izan ere, Vasarelyren lanak eragin handia izan du modan, publizitatean eta diseinu grafikoan. Horrekin batera, aurrea hartu zion ordenagailu bidezko arteari, eta horretarako oinarriak jarri zituen bere kolore eta forma geometrikoen inguruko ikerketekin.
Vasarelyk obsesio handi bat izan zuen bizitzan, artea herritar guztiei hurbiltzea: «Ezin diegu utzi arteaz gozatzeko aukera arteaz dakiten eliteei soilik modu mugagabean. Artea munduan zehar zabaldu behar da, milioika gizon eta emakumeren eskura egon behar du, eta bere helburu plastiko sakonari erantzun behar dio. Monarkiak pikutara joan dira, baina Versaillesek zutik dirau. Artea guztion altxorra bilakatzea ere egintza politikoa da», adierazi zuen artistak.
Geometriaren maisua
Victor Vasarelyren 32 lan bildu dituzte Bilboko BBK aretoan. Artistak 1948 eta 1991 bitartean egindako lanak dira guztiakIrudi geometrikoen, argiaren eta kolorearen inguruko ikerketa sakona egin zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu