“Maite dut emozioa zuzentzen duen araua”. Eskuarekin beste sortzen zuen garunarekin George Braque artistak (1882-1963). Pablo Picassoren gertuko, kubismoaren aitzindari nagusietariko bat izan zen. Eta horregatik da aldi berean ezaguna eta erdi-ezezaguna. Abangoardiako artearen izen handietariko bat izan zelako ezagun, eta Picassoren figuraren itzalean geratu delako, berriz, erdi-ezezagun. Artearen historiak denbora luzez “gutxietsi” egin duela iritzita, haren figura nabarmendu nahi izan du orain Bilboko Guggenheim museoak. Sortzailearen ibilbide osoa hartzen duen atzera begirakoa prestatu zuten iaz Frantzian, eta Bilbora ekarri dute orain erakusketa. Braque osoa erakutsi nahi izan dute 250 artelan ingururekin. Kubismo aurreko Braque, kubismo bitarteko Braque, eta kubismo osteko Braque. Irailaren 21era arte izango da zabalik.
Kronologikoki antolatu du erakusketa Brigitte Leal komisarioak, eta 1907an hasi du. Urte klabe hartan. Fauvisten jarraitzaile ageri da artista garaiko margolanetan, baina orduan dator aldaketa. Urte hartan eraman zuen Guillaume Apollinairek Braque Parisen auzokide zuen Picassoren tailerrera, eta orduan ikusi zuen lehenengoz Les Demoiselles D'Avignon koadroa. Leal: “Eragin handia zuen lan hark abangoardiako artistengan”. Eta jauzi egin zuen hor frantziarraren pinturak ere, eta orduan hasi zen kubismorako bira. Eta nabarmen ageri da paisaia fauvistetatik bodegoi kubistetarako jauzi hori erakusketako lehen aretoan.
Gerraren presentzia
Kubismo garaiari eskainitakoa da bigarren aretoa. 1909tik 1914ra artekoak daude hor. Desagertu dira hasierako kolore biziak, eta lur koloreak nagusitu dira. Apurtu da irudikapen klasikoa. Eta bertan ikusi daitezke Braquek koadroetan txertatutako egunkarietako hitzak, eta baita oihalean txertatutako itsatsitako paper ezagunak ere. Baina etena dator gero: gerra. Bi urte egin zituen Frantziako armadan, eta larriki zauritu ostean hartu zuen berriz pintura. Eta gerra osteko sasoi hori da erakusketako hirugarren aretoak biltzen duena. Kubismotik apur bat aldenduta jadanik. Edo kubismotik, beste norabaiterako bidean, behintzat. 1922an margotutako Kanefora margolan bikoitza, horren adibide.
Kaskezurrak, gurutzeak, eta gosea. 1930etik aurrerakoak batzen ditu laugarren aretoak, eta handia da bertan II. Mundu Gerraren garaiko estuasunen oihartzuna. Naziek Frantzia hartu zutenean, artelan “ilun eta minez beteak” egin zituela dio komisarioak. Eta horman zintzilik jarri dituzte frogak. 1949tik aurrerako tailerrei buruzko margolanak eta txorien irudi sorta jasotzen ditu bosgarren aretoak, eta azken urteetako paisaiagintzari eskainitako lanekin amaitzen da ibilbidea.
Eszenografo lana
Altxor bakana ere bildu dute Bilboko erakusketan. Izan ere, eszenografo ere izan zen Braque, eta alderdi hori ere azaldu nahi izan dute erakusketan Guggenheimeko arduradunek. 1927an sortutako antzokirako dekorazio lan erraldoia jarri dute ikusgai. Eta berezia da kasua. Eszenan erabili zutenetik, pieza hori erakusten duten lehen aldia izan baita. “Bilboko Guggenheimeko areto monumentalek aukera hori eskaini digute”.
Horrez gain, Braqueren eskultura batzuk ere jarri dituzte erakusketan ikusgai.