Musika

George Clinton, Snarky Puppy eta Nicholas Payton Donostiako Jazzaldian izango dira

Dee Bridgewater, Toshiko Akiyoshi eta Lew Tabackn, Bugge Wesseltof eta Sun Raren Arkestrak osatuko dute festibalaren programazioa.

mikel lizarralde
2014ko martxoaren 27a
08:06
Entzun

Donostiako 49. Jazzaldiaren programazioaren ardatz nagusiak finkatu dituzte dagoeneko antolatzaileek. Gaur bertan jakinarazi dituzte uztailaren 23tik 27ra hiriko hainbat agertokitan ariko diren artista batzuen izenak, eta horiekin, azkeneko momentuko aldaketarik ezean, osatuta gelditu da egitaraua.

George Clinton, Funkadelic eta Parliament taldeetako buru eta p-funk etiketaren sortzailea jaialdiaren lehenengo egunean ariko da. Clinton funkaren historiako izen garrantzitsuenetako bat da, James Brown eta Sly Stonerekin batera, eta Parliament nahiz Funkadelic taldeekin jo izan du azken berrogei urteotan. Doako kontzertua izango da.

[YouTube]http://youtu.be/j4qtStKhw5U[/YouTube]

Snarky Puppy Brooklynen (New York) egoitza duen talde instrumental bat da, nahiz eta Texasen sortu zuen taldea Michael League baxu jotzaile, konpositore eta ekoizleak. Kolektibo gisa funtzionatzen dute: hogeita hamar bat musikari txandakatzen dira, baina badute nukleo finko bat. Snarky Puppyk hilaren 23an joko du Kursaal kanpoaldean.

[YouTube]http://youtu.be/kk0WRHV_vt8[/YouTube]

Nicholas Payton tronpetistaren (New Orleans, 1973) ibilbidea jazza bera sortu zen leku beretik abiatu zen: New Orleanseko kaleetatik, marching band batekin desfilatuz. Baina, jazzaren eduki musikala mundu osora zabaldu den bezala, Paytonek ere halaxe hedatu du bere musika-unibertsoa eta Louis Armstrong, Clark Terry, Miles Davis eta Wynton Marsalisen eraginak xurgatu eta ekarri ditu bere estilora. Oraingo bira hau haren azkeneko grabazioan oinarrituta dago, Sketches of Spain, Miles Davis eta Gil Evansen izenburu bereko disko historikoaren berrinterpretazioa dena. 2012an jo zuen azkeneko aldiz Heineken Jazzaldian, Ninety Miles taldeko kide gisa.

[YouTube]http://youtu.be/lGqwToDwBew[/YouTube]

Horiekin batera, Dee Dee Bridgewater, Toshiko Akiyoshi eta Lew Tabackin, Sun Raren Arkestra —aurten beteko dira 100 urte musikaria jaio zela—, Bugge Wesseltof, Kristin Asbjornsen, Ibrahin Electric, Za!, Orchestre D'Hommes —Kurt Weillen musika eta unibertsoan sartuta— eta Rene Maria ere izango dira, besteak beste, Donostiako Jazzaldian.

Aurretik iragarrita zeuden, bestalde, Ray Davies, Chick Corea, Bobby McFerrin, Stanley Clarke, Dave Holland, Muhal Richard Abrams, Wadada Leo Smith, The Horrors, Enrico Rava, Vintage Trouble eta Wire.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.