Literatura

Gerla guztien eredurako egina

Hilabete batzuk badiren arren komikiaren gaztelaniazko itzulpena argitaratu zela, Tardi eta Verneyren 'Putain de guerre !' bere generoan klasiko bilakatzeko bidean da. Frantsesez zatika argitaratua, gaztelaniazko bertsioan denak edizio bakar batean jaso dira. Orain aste gutxi, bildumazaleentzako bertsioa argitaratu da, bertan 52 minutuko dokumental bat gehitzen zaiolarik komikiari gerla zer den deskribatzeko saioan sakontzeko.

Jon Benito.
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Tardi militarren seme delako akaso, baina marrazkilariak Gerla Handiarekin duena obsesioa baino gehiago da. Putain de guerre ! (Puta guerra!, Ediciones Norma) honez gainera, Liberation, Charlie Mensuel eta A Suivre-n kolaboratu izan du bere marrazkiekin. Beti gai ia bakar bat izan du ordea: 1914-1917 artean alemaniar eta frantziarrak (bi hauek bereziki) parez pare xehetu zituen gerla. Jean-Pierre Verneyren laguntzarekin osatu du bilduma hau. Verney, Soldadu Ohientzako Frantziako Ministerioak antolatzen dituen erakusketetako komisarioa da eta baita Meaux-en zabaldu nahi den I. Mundu Gerrari buruzko museoaren burua ere. Batek istorioa, datua, soldaduen psikologia ekartzen du bere ezagutzatik; besteak, marrazkilariak, bere beste lanetan gainerako marrazkilariengandik ezberdintzen duen trazurako oinarri fotografikoa, marraren sinplea eta kolore tonu naroak. Bien ezagutzaren emaitza da lana.

Gerra kontatzeko modua

Estilo ariketa bat ere bada izugarrikeria kontatzea. Drama guztia azaleratu behar duen ala zentzugabekerian, modu neutroago batean, indar egin behar duen, zalantza egiten du sortzaileak. Aukera egin behar du, soldaduei hitza eman ala narrazio historiko gisara eraman behar duen istorioa, gaurko egunetatik, urteen iragaite soila eta jendearen heriotza inpertsonala kontatu. Tardik argazki bana paratzeko hautu artistikoa egiten du, eta horri azalpen bat gehitzen dio, offean, testuinguruaren berri ematen duena, irakurleari galdera luzatzeko edota hura ere paisaia lokaztuan barnera dadin. Helburu artistikoa soilik ez, Putain de guerre !-k helburu pedagogiko bat ere baduela dirudi: jendearen baitan gerraren izugarrikeria eta aldrebeskeria indartzen ahalegin berezia egiten du. Komikian hain garrantzitsua den sekuentzialitate dinamikoa kentzen du horretarako. Gehiago da une bat eta bestea, hari narratibo ia ikusezin batek batuta. Biñeta bakoitza testigantza bat da, baina nahitaezko jarraipenik gabe.

Hilen lehen seinaleekin hasten da, armetarako deiarekin jarraitu, soldaduaren patuaz galde egiten du gero, gerlaren suntsipena, etsaiaren presentzia, armak eta janzkiak deskribatzen darrai... narrazioa eskaileretan gora darama gerraren logika ezkutu batean txertatzeko irakurlea. Han pertsona haragi da, hiltzeko dago, aberriagatik. Hila beste batek ordezkatzen du, enpatiak ez du lekurik. Sentiberatasunak ere ez. Giza hiltegi bat da frontea. Verdun elurrak hartua margo gorriz marraztutako orri zuri baten antzekoa da. Verneyk oso ondo dakarren Alfred Baudrillarten aipuak bakarrik ulertzen du gerla, han izan denik ezin. Berarentzat, Gerla Handia zorioneko gertakaria zen 1914an. Frantziak berregiteko gerra bat behar zuen bere ustez, ezin zuen bestela berregin. Gerrak, Baudrillart obispoarentzat purifikazio efektua zuen. Baina, jakina, bera ez zen lubakietan egon.

Ulertzearen zaila

Urtez urteko gerlaren garapena egiten du Tardi/Verney bikoteak. Sufrimenduaren endekatzea eta elkar hiltzeko tresnen garatzea ikusten ditu historialariak, bi aldeen antzekotasunak begi inozenteak. Tardik, subjektu protagonista bat izan arren (frantsesa, nola ez) alemaniarren aldetik ere begiratzen die frantsesei, batekoren lubakiak egiteko tresneria erakutsiz eta besteren hotz eta kapelu berriak salatuz.

Aldeak alde, baina, gerla oro dela gerla puta bat da liburuaren irakaspena. Horixe da Tardik dioena. Berak jendea maite duela eta jeneralak gorroto. Perspektiba humanista horrek ardazten du nobela grafiko osoa. Apaiz eta liderren aipamenek zabaltzen dituzte kapituluak, gero deskribatuko diren gertakariek (soldaduak gas toxikopean, lokatzetan tiroka...) biluzik uzten dituztelarik suntsipenaren aurrean. Tardiren aitonak ezagututako I. Mundu Gerla du oinarri testigantzetarako eta bere aitaren militar izaera gogoan hauen ohiturak xehetzeko: gerlaren arteak eta minak ezin hobeto ezagutzearen ohorea du. Horrez gainera, Grance, Chaplin edota Kubricken filmak ere baliatu ditu liburuari edukia emateko; eta literatur ereduak ere ez zaizkio falta izan Hemingwayren, Dalton Trumboren edota Celineren lanetan, besteak beste.

Ez da erraza gerlaz idaztea ordea. Lehen aipatu dudan bezala, gauza asko hartu behar ditu kontuan gerra deskribatu nahi duenak, baina jendearen ohoreaz ere badihardu gerrak, eta hura izaten da gerran zauritzen den lehena. Egin zuen lehen gidoia 6-7 orrikoa zen eta Rene Goscinnyri eskaini zion, hark marraztu zezan. Goscinnyk soldaduez barre egin nahi zuela pentsatu zuen. «Ez zuen ezer ulertu!», kexatuko zen Tardi. Gerra zaila da unean eta gero ere.

Gerla giza esentziara

Mendeari hasiera gordina emateko modua izango zen Gerla Handia deituko zaiona. Mendea ezaugarrituko zuen balore guztiak izango zituen. Suntsipen handiena eragiteko armamentua eta potentzia handienen arteko gerla. Tardirentzat, hori ez ezik, giza izaera ondoen salatzen den historiako gertakaria da. Egungo mundua ere ez litzateke modu berean ulertuko, ez II. Mundu gerraren piztuetara ez haren ostean etorri zen guztia I. Mundu Gerra jazo ez balitz. «Bestearekiko gorrotoa» da motor berria ordutik, marrazkilariaren ustez. Ordutik, norbaiti uniforme bat emanez gero, hiltzaile potentzial bat bilakatzen dela uste du frantziarrak, inpunitate osoa duela uste duela. Putain de guerre !-n protagonistatzat hartzen duen soldadu frantziarrak ere, Bisconeko Panoyaux kalean lan egiten zuen artisau bat izatetik, guda zelaian piztia bat bihurtzera pasatu dela adierazten du: «izugarrizko zaurietara, tripak agerian ikustera, kimatutako gorputz adarrak batzera ohitutako piztia multzoa gara».

Azken lekukoa

Xabier Montoiak ezin gordinago kontatu zuen I. Mundu Gerla Hezur gabeko hilak liburuan, baina hura fikzio hutsa zen. Azken aste honetan jakin da, ordutik bizirik geratzen den azken soldaduak 110 urte bete dituela. Berarekin galdu egingo da gerraren lekukotza eta historia jada idatzitakoaren gainean besterik ezingo da idatzi. Fikzionatua izango da ezinbestean Gerla Handia aurrerantzean, gizatasunik gabekoa: pelikuletan agertuko da, komikietan eta nobeletan, protagonisten patuak kezkatuko gaitu eta ez hezur-haragizko benetako haiekin gertatu zenak. Gerla Handia ahaztutako gertakarien zerrenda gizentzera pasako da orduan, nobela askoren testuinguru izateko. Gaitzerdi horrelako komiki lanak uzten baditu behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.