Gernikako Udalak abian jarri du Pablo Picassoren Gernika margolana Gernikara (Bizkaia) ekar dezaten eskatzeko kanpaina, Gernika Gernikara lelopean. 500.000 sinadura bildu nahi dituzte, Espainiako Kultura Ministerioan aurkezteko. Azaldu dutenez, Gernikan eta Euskal Herrian bakarrik ez, «mundu zabalean» lortu nahi dituzte sinadurak. Eta, hartarako, webgune bat eratu dute: www.guernicagernikara.net. Aurki jarriko dute martxan.
Ahalik eta jende gehienarengana iristeko, Hitlerren Condor Legioko hegazkinek 1937ko apirilaren 26an Gernikan eragindako triskantzaren nondik norakoak azalduko dituzte webgunean, testu zein irudien bidez.
Madrilgo Reina Sofia zentroan dago egun Picassoren obra, baina Gernikan egon beharko lukeela uste du Jose Mari Gorroño alkateak. Eta ez Bilboko Guggenheimen, EAJk eskatu duenez. Abenduan mozio bat onartu zuen Gernikako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatuz Gernika Gernikara ekartzeko urratsak egin ditzaten. Kanpainatik aparte, NBEko idazkari nagusi Ban Ki-mooni gutun bat igorriko dio Gernikako Udalak, «bonbardaketaren 74. urteurrenean, Gernikako biktimak aipa ditzan eskatuz».
'Gernika' eskatuko du Gernikak
Milioi erdi sinadura bildu nahi dituzte sarearen bidez, Kultura Ministerioan eskaera formala egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu