Alemaniako Condor armadako hegazkinek 1937ko apirilaren 26an bonbardatu zuten Gernika. Arratsalde hasieran hasi ziren bonba eta ehiza hegazkinak bonbak jaurtitzen. Lau orduz iraun zuen erasoak. Eta Gernika sugar handi bilakatu zen. Diotenez, Bilbotik ere ikus zitekeen argia.
Carlos Panerak zuzenduta, bonbardaketaren ondorengo orduak antzeztuko dituzte 150 bat gernikarrek asteartean, 20:00etan. Gernika sutan antzezlana eskainiko dute herriko kaleetan. Jon Lopategi, Onintza Enbeita, Joseba Sarrionandia eta Edorta Jimenezen testuekin osatu du lana Panerak.
Datorren urtean ekitaldi ugari izango dira bonbardaketaren 75. urteurrenarekin bat eginez, eta Gernika sutan herri antzezlana orduan biribilduko dutela azaldu du Panerak. "Tankera horretako lan bat zutik jartzea oso zaila da, denbora behar da, eta aurten lehen urratsak emango ditugu", esan du zuzendariak.