'Gernikako arbola' ereserki bilakatzeko eskatu dute Iruñean

Euskal Herri osoko 80 musikarik manifestu bat aurkeztu dute: «Heldu da garaia historikoki elkartu gaituen ereserki bat kantatzeko, herrialdeko joera politiko guztiak ados jartzen baikaitu», aldarrikatu dute.

2020ko abuztuaren 12a
13:55
Entzun

«Hemen gara Gernikako arbola-ren aldekoak». Gontzol Mendibil kantariak halaxe hasi du Iruñean, Julian Gaiarreren abeslariaren monumentu azpian, egindako agerraldia. «Nahi dugu berreskuratu gure betikoa izan den kanta, Euskal Herriko ereserkia». Laurogei musikarik manifestu bat aurkeztu dute bertan, Gernikako arbola Euskal Herriko ereserki izan dadin. «Musikatik, kulturatik berreskuratu nahi dugu. Ea politikak batu ez duena musikak eta kulturak batzen duen; gure herria, gure kultura, gure euskara eta gure batasuna hortik datorren», aldarrikatu du Mendibilek.

Gaiarreren monumentua aukeratu dute aldarrikapen hori egiteko: Mendibilen hitzetan, Nafarroan Gaiarre izan baitzen, Pablo Sarasate musikariarekin batera, Gernikako arbola-ren «hedatzaile handienetarikoa». Mendibilek gogora ekarri duenez, Gernikako arbola da «beharbada Euskal Herrian ikurrik eta musikarik esanguratsuena, aniztasun handia baitu eta batasuna eskaintzen baitu, era guztietako herritarrek parte hartu bailezakete bertan».

Ereserki egiteko eskaera duela hilabete inguru hasi zen, eta batik bat Nafarroatik eta Ipar Euskal Herritik bultzatu zuten. «Ikusia da Gernikako srbola, Euskal Herriaren sinbolotzat hartua izan dena, ez dugu esango galduta egon dela, baina ia-ia, eta horregatik nahi izan dugu oso zerikusia zen kantua berreskuratzea, historia luzea duen kanta baita».

Ereserki gabe

Manifestuan adierazi dutenez, hizkuntzak eta musikak herri gisa identifikatzen dute Euskal Herria, eta Axularrek 1643an osaturiko zazpiak bat leloa ere onartuta dago, baina ereserkirik ez dago. EAEk badu berea 1983az geroztik (Gora eta gora), eta Nafarroak ere bai, 1986az geroztik (Gorteen ereserkia). Ipar Euskal Herriak ez du ereserki ofizialik. «Lurraldeon osotasunak ez du batuko gaituen ereserkirik».

Hala ere, euren ustez, 1853an sortutako Jose Mari Iparragirreren Gernikako arbola ereserki «ederra da». «Nahikoa dugu oroimenean pixka bat lardaskatu deskubritzeko badugula ereserki eder bat, gaurdaino elkartu gaituena eta, ulertezina bada ere, baztertua». Sortu zenean, berehala zabaldu zen, eta arrakasta handia izan zuen. «Inork ez du azalpen argirik zortziko hori zergatik hedatu zen horren laster». Gogora ekarri dutenez, XIX. mende erditik, karlistek eta liberalek, errepublikazaleek eta sozialistek, kontserbadoreek eta iraultzaileek, abertzaleek eta nabarristek kantatu zuten. «Zer da, bestela, ereserki nazional bat, ez bada herritar guztiak kantatzera zirikatzen dituen hori?».

XIX. mendearen amaiera hartan, foruen galera eta Euskal Herriaren batasuna gorpuztu zituen, haien hitzetan. Euskal Herriko eskualde guztietan hedatu zen, eta hala islatu zen: Erriberako makil dantzetan eta Zuberoako pastoraletan, errege-erreginen harreretan eta sanferminetan. Gerora ere, ikur bat izan zen: 1918an, foruak berrezartzearen mugimendua hauspotzean; 1931n, Errepublikaren ezarpenean; 1934an, mugimendu autonomistan.

Manifestuaren arabera, frankistek eta naziek Gernika suntsitu zutenean «herriaren sinbolismoa harrotu zuen ereserkia demokraziaren, bakearen, herri erresistentziaren munduko ikur izatera pasatu zen, totalitarismoen aurrez aurre». Halaber, 1949an, Hirugarren Reich-ari gailendu izana ospatzeko, Ipar Euskal Herrian Gernikako arbola izan zen ereserki ofiziala, Frantziakoarekin batera.

Hona manifestua sinatu dutenetako batzuk: Igor Ijurra, Fermin Balentzia, Serafin Zubiri, Julia Itoiz, Joseba Irazoki, Erramun Martikorena, Jean Mixel Bedaxar, Anje Duhalde, Pantxoa Karrere eta Peio Ospital, Niko Etxart, Eneko Labegerie, Gontzal Mendibil, Eñaut Elorrieta, Amaia Uranga, Mikel Markez, Amaia Zubiria, Xabier Saldias, Gorka Knorr, Evaristo Paramos...

Dei egin diote euskal gizarteari kantatzera eta zabaltzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.