«Pena da». Esaldi hori zen gehien esaten zutena Txillida Leku museora atzo goizean joandako bisitariek. Egoera ekonomikoak bultzatuta, gaur itxiko dela jakitun, Hernaniko Zabalaga baserria eta inguruak ezagutzera jende ugari joan da egunotan. Eduardo Txillidaren lanak bertan ikusteko azken aukera izan daitekeelakoan joan ziren asko, baina gehienen irudipena zen museoa berriro irekiko dutela. Hori hala izan dadin akordio bat lortze aldera, hizketan jarraitzen dute txillidatarrek eta erakunde publikoek.
Bien bitartean, itxieraren bezperako eguna aprobetxatzeko gogoz zebilen jendea atzo. Bikoteak, lagun taldeak, guraso eta seme-alabak... Txillida Lekuko zelaietan han-hemenka zebiltzan, eskultura artean. Gidari baten azalpenak adi entzunez talde handi samarretan batzuk, bere kasa argazkiak ateratzen, artelanak ukitzen edo paseatzen beste batzuk.
Museoa ezagutzeko gogoa aspalditik zuten arren, itxieraren iragarpenak animatu zituen Gema Etxebarria eta Jose Luis Ugarte Donostiatik Txillida Lekurainoko bidea hartzera. «Gasteizko lagun batzuek esan ziguten bederatzi aldiz etorri direla, eta gu behin ere ez, etxe aldamenean izanda esatea lotsagarria bada ere», zioen Etxebarriak. Ixteko arrazoiei buruz askorik ez zekitela zioten, baina erabakiagatik pena zutela zioten biek. Halere, museoa berriz irekitzeko akordioa lortuko duten esperantza dute. «Lortu beharko dute, halako gauza bat ezin da bertan behera utzi. Lortuko dutela eta berriro etorriko garela uste dut».
Lehen aldia zuten Txillida Lekun Montse Dolcet eta Iolanda Viladrosak ere. Lleidatik (Herrialde Katalanak) Euskal Herrira egun batzuk pasatzera etortzeko aitzakia izan da haientzat itxieraren iragarpena. «Kataluniako telebistan aipatu zuten albistea, eta oso gogorra iruditu zitzaidan. Ulertzen dut badirela motibo batzuk, eta ez ditut zalantzan jartzen, baina tristea da. Ez dauka konponbiderik?», galdetzen zuen Dolcetek. Baiezkoan dago Arantxa Zurutuza. Aurrez bitan egona da, baina atzo semeek eskatuta haiekin joan zen Añorga auzotik (Gipuzkoa). «Lehen aldiz etorri dira haiek; haietako batek ikastolan eskulturen gaia eman du, eta itxiko zutela esan zutenean ea noiz joan behar genuen galdetu zuen». Berriz irekita ikusi nahiko luke. «Akordioa lortuko dutela esan dute ezta? Ea berriro irekitzen duten, behintzat uda garaian».
Tristura eta itxaropena
Sentimendu ugari barrenean pilatuta zeuzkan Guillermo Arzubialdek, museoko Marketin arduradunak. «Langile modura, tristura handia sentitzen dugu, dena eman baitiogu proiektu honi, profesionalki eta emozionalki. Baina, aldi berean, irribarre txiki batekin ere bagoaz, eta ez bakarrik itxaropena dugulako, jendea erantzuten ari dela ikusten ari garelako».
Izan ere, sentimenduz ez ezik, lanez «gainezka» zebiltzan Arzubialde eta lankideak. Hilaren 7an jakinarazi zuen museoak ateak itxiko zituela, eta ondorengo jai egunetan hirukoiztu egin ziren bisitariak—4.300 lagun hiru egunean; iazko 1.600en aldean—. Gauza bera gertatu da azken egunotan: hilaren 24tik atzo bitarte 2.250 bisitari izan dituzte (iaz 832 data berdinetan). Ehun autorentzako lekua duen aparkalekua beteta zegoen atzo, eta alboko autoeskolak aparkalekua utzi behar izan zion museoari. Gaur 10:30etik 13:00etara baino ez dute irekiko, baina 500 lagunetik gora hartuko dituztela aurreikusi dute.
Gehienak Euskal Herritik eta bereziki Gipuzkoatik ari dira hurbiltzen, baina kanpotik etorritakoak ere ez dira gutxi. Txillida Lekun egona bazen ere, beste behin ikusteko asmo bakarrarekin abiatu zen Huescatik (Aragoi, Espainia) Alberto Pelegrin. «Kultur kudeaketan master bat egiten nabil, eta asko harritu nau itxierak. Museo asko daudela eta hori agian ez dela bideragarria aipatu izan da, baina hau ondo zebilela uste nuen». Beste eredu batekin baina berriro irekiko dela ziur da.
Beste bost lagunekin Murtziatik (Espainia) iritsi berria zen Encarna Sanchez. «Museoa itxi behar zutela jakitean, espresuki prestatu genuen bidaia leku hau bisitatzeko». Lehen aldia zuen Txillida Lekun, Zaragoza eta Jakatik (Aragoi, Espainia) bertaratutako David Vilak eta Pablo Valdevirak bezala. Museoa berriro zabalduko dutela ziurtzat daukaten arren, erakundeek ez lituzketela halako azpiegiturak «mespretxatu» behar adierazi zuten, «Txillida bertako artista esanguratsuena izan delako».
Gero arte baino ez
Txillida Lekuk ateak itxiko ditu gaur, familia eta erakundeak museoa bideragarria izateko akordio bat iritsi bitarteanErabakia jakinarazi zenetik hona hirukoiztu egin da bisitarien kopurua hainbat egunetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu