Gero eta diru gutxiago dago euskal literatura kaleratzeko

Euskaraz sortutako literatura argitaratzeko laguntza 614.000 eurotik 368.000ra jaitsi da lau urtean

Juan Luis Zabala
2012ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Herriko kultura kanpoan ezagutarazi eta zabaltzea du xede nagusien artean Etxepare euskal institutuak, kulturaren esparruan literaturari garrantzi berezia emanez, baina ezin esan daiteke Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak literaturari —eta bereziki euskarazko literaturari— Euskal Herriko mugen barruan laguntzeko grina handia erakutsi duenik. Kultura Sailak literatura liburuen argitalpenetara bideratutako diru laguntzak urtez urte behera egin du azken urteetan: 614.000 euro bideratu zituen 2008ko literatura liburuen argitalpenera; 2009koen argitalpenera, 514.000; 2010ekoetara, 605.404; 2011koetara, 561.700; eta 2012koetara 483.000 euro bideratuko dira.

Jaitsiera horrek eragin nabarmenagoa izan du euskarazko literatura liburuen argitalpenari dagokienez, azken hiru urteetan gaztelaniazko literatura lanak laguntzera bideratu delako diru laguntza osoaren parte bat: 150.000 euro izan ziren 2010ean eta 133.700 2011n; 2012an, 115.000 euro izango dira. Laburbilduz: 2008ko euskarazko literaturako liburuen argitalpenera 614.000 euro bideratu ziren; 2012ko euskarazko literaturako liburuen argitalpenera 368.000 bideratuko dira.

Argitaletxeen aldetik ez da protestarik izan; ez agerikorik behintzat. «Guk uste dugu gaztelaniazko editoreei ere lagundu behar zaiela, eta euskarazko editoreak ere ados agertu zitzaizkigun», adierazi zuen iragan apirilean Antonio Rivera Kultura sailburuordeak. «Azken batean, haietako askok ere argitaratzen dute gaztelaniaz. Esan ziguten euskarazko liburuei emandako laguntza murrizten ez bagenuen ondo ikusten zutela gaztelaniazkoei ere laguntzea. Eta guk gaztelaniazko liburuetara bideratutako dirua gehitu egin diogu diru laguntzen aurrekontuari, lehendik euskarazko literatura argitalpenei bideratutakoari ezer kendu gabe». Nola pasa daiteke, ordea, 614.00 euroko laguntzatik 368.000 eurokora «ezer kendu gabe»?

Oso ozenak izan gabe, agerikoagoak izan dira protestak Euskadi literatura sarien araudian egindako aldaketak direla eta. 2010ean aldaketa horiek egin zirenez geroztik, liburu bat Euskadi literatura sarietarako hautagai izango bada, norbaitek aurkeztu egin behar du liburu hori sarietara; ordura arte, berriz, aurreko urteko liburu guztiak ziren hautagai, egileak kontrakoa adierazi ezean. Lehengoaren antzeko araudira itzultzeko negoziazioak hasiak ditu Kultura Sailak sektorearen ordezkariekin, baina aurten ere norbaitek sarietara aurkeztutako liburuak baino ez dira lehiatuko.

Epaimahaiak saiakera arloko Euskadi literatura saria Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? liburuari ematea erabaki zuenean ere polemikagai izan ziren Euskadi literatura sariak. Sariaren dirua «atxikitzea» erabaki zuen Kultura Sailak, «saridunak Justiziaren aurrean bere egoera erregularizatu arte». Sariak banatzeko ekitaldiaren aurretik, ordea, idazlearen familiakoei saria osorik ematea erabaki zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.