Pantxix Bidart. Kantaria

«Gero eta gehiago bueltatzen ari naiz ene gurasoei entzun abestietara»

MARINA BERBIALE.
Igor Susaeta.
2012ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Rock eta folk taldeetan trebatu zen aurrena Pantxix Bidart (Hazparne, Lapurdi, 1971). Mister Saguak eta Elaudi-rekin, adibidez. Koldo Ameztoirekin ere aritu da urte luzez musika eta ipuin kontalaritza nahastuz. Orain herri kantari eta gasna dendari lotuta bizi da.

Zer iruditzen zaizu Lagunekin Kantari egitasmoa? Parte hartu izan duzu behin baino gehiagotan...

Bai, bizpahiru aldiz parte hartu izan dudala uste dut. Oso gustukoa dut. Orain jende guztiak nahi ditu euskal kantuak kantatu, modan dago, eta horretarako aukera ematen da. Aurretik, aldiz, artistari edo musikariari ere bere lanak aurkezteko parada ematen zaio. Jendea kantatzera joaten da, baina, gainera, bestearen artea edo estetika deskubritzeko prest egoten da. Harreman hori sortzea gustatzen zait.

Rocketik eta folketik zatoz. Orain herri kantak abesten dituzu. Zer-nolakoa izan zen aldaketa?

Urratsa modu naturalean egin dut, eta ez zait iruditzen batetik bestera jauzi egin dudanik. Orain ari naiz 60 eta 80ko hamarkadako kantari zahar batzuen grabaketak entzuten. Ez dira ezagunak. Baina batzuetan iruditzen zait rock talde batek adina indar dutela. Kantu tradizionalak sekulako indarra du, eta, gainera, galtzen ari den arren, badu, aldi berean berezitasun bat. Izan ere, kantatzeko moduak ezberdinak ziren. Une honetan horiek interesatzen zaizkit.

Herri kantak kantatzea modan dagoela esan duzu.

Beno, herri kantak baino gehiago, modan dago euskal kantutegi bat jakitea. Talde asko sortu dira, ezker-eskuin, 60ko hamarkadako kantu berriaren errepertorioaz jabetzeko. Hori oso herrikoia da, eta arrakasta handia dauka.Kantuak, berriz, finezia handiagorekin, lekua galdu du. Apenas dagoen present. Jendea parte hartzailea da, baina, kantari bat entzuteko, jende gutxi biltzen da.

Noizkoa da zure errepertorioa?

Gero eta gehiago bueltatzen naiz ene gurasoei entzun abestietara; 1950eko edo 1960ko hamarkadan kantatzen zirenetara. Estetikoki gustukoagoak ditut etxeetan eta gure herrietan kantatzen zirenak, 1960ko hamarkadako mugimenduak ekarri duen kantutegia baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.