Danele Sarriugarte. Idazlea eta itzultzailea

«Gero eta nahastuago daude euskaraz sortutakoa eta itzulitakoa»

Idazlea Itzultzaileen Lantegian ekimeneko idazlea izan da Danele Sarriugarte egunotan. Formazioz itzultzailea izanik, ez zaio arrotz literatur itzulpengintza. Literatur itzultzaileen lanak gero eta aitortza handiagoa duela uste du

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
2014ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Danele Sarriugarteren (Elgoibar, Gipuzkoa, 1989) aldi izan da aurten EIZIEk urtero antolatu ohi duen Idazlea Itzultzaileen Lantegian ekinbidean, eta haren Erraiak eleberriaren (Elkar, 2014) aurreneko kapitulua itzuli dute: Edurne Alegriak frantsesera, Esti Lizasok katalanera eta Miren Iriartek eta Danele Sarriugartek berak gaztelaniara. Literatur itzulpengintza merezi duen aitorpena jasotzeko bidean dela uste du Sarriugartek, eta gero eta nahastuagoak daudela elkarrekin euskarazko sortutako literatura eta euskaratutakoa.

Zer moduz sentitu zara idazle gisa itzultzaileen lantegian?

Aberasgarria izan da. Polita izan da ikustea lantegiko itzultzaileek zelan eman dioten irteera gauza askori, eta zelan espero ez nituen tokietan adierazpide politak gehitu dizkioten… Gustatu zaizkit baita ere anbiguoak izan litezkeen esaldi batzuen inguruan egin dituzten interpretazioak… Oso interesgarria izan da.

Zu, idazlea ez ezik, itzultzailea ere bazara. Hori lagungarri izan da itzultzaileekin izan duzun harremanean?

Baietz uste dut. Idazlea bakarrik izanda ere, eduki daiteke sentsibilitate bat lanbide horrekiko. Baina bai, uste dut positiboa izan dela nik formazio hori izatea, itzultzailearena, lan erritmorako eta elkar hobeto ulertzeko.

Idazle batzuek beren liburuak itzultzen dituzte. Baina beste batzuek nahiago izaten dute itzultzaileen esku utzi zeregin hori. Zein da zure aukera?

Niretzat, itzultze lana eta idazketa lana, nahiz eta antza ere baduten, oso diferenteak dira motibazioaren aldetik. Idazten dudanean da zerbait kontatzeko nahi bat edo behar bat dudalako. Itzultzen duzunean, aldiz, izan dezakezu testu hori itzultzeko gogoa, eta egin dezakezu pasioarekin, baina ez da idaztera bultzatzen zaituena bezalako behar bat izaten. Orain dela bi urte edo auskalo noiz idatzi nuen testura itzultzea baino nahiago dut orain sentitzen ari naizenari buruzko testu berri bat idatzi.

Euskal literatur itzulpengintza «urrezko aro batean» dago zure ustez, Karlos del Olmok duela urtebete adierazi zuen moduan?

Nire inguruan irakurle sutsu asko daude, eta osasuna ikusten diot euskarazko literatur itzulpengintzari, baina seguru asko nire ikuspegia distortsionatuta dago, eta jabetzen naiz oraindik ere gizartean mamu asko daudela itzulpenen inguruan. Karlos del Olmorekin bat nator, nahiz eta jakin gizartean arazoak daudela itzulpenaren harrerarako. Nik asko baloratzen dut jendeak egiten duen lana. Lan horrek fruituak ekarriko ditu, nahiz eta seguru asko nahiko genituzkeen baino gutxiago izan. Hori borroka guztietan gertatzen da. Feminismoak ere nahiko genukeen baino gutxiago erakartzen du, adibidez. Garaipen txikiak ospatu eta lanean jarraitu beharra dago.

Behar adinako harremana eta elkarren arteko eragina dago gaur egun euskal idazleen eta itzultzaileen artean?

Uste dut gero eta gehiago ari dela nahasten euskaraz sortutako literaturaren mundua eta euskarara itzulitakoarena, eta badagoela errekonozimendu bat itzultzaileekiko. Aitortzen zaiela lagundu dutela sortzen literatura hizkera bat euskaraz… Baina ez dakit zer neurritaraino. Ez naiz kapaz esateko bakan batzuen kontua den bakarrik edo orokortua den. Baina bai, harreman bat badago. Eta prentsan, adibidez, lehen baino askoz ere elkarrizketa gehiago egiten zaizkie orain itzultzaileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.