Frankfurten (Alemania) Geoforum kultur elkartea sortu zenetik, 2005etik, Georgiako diaspora kulturzaleak badauka nora jo hiri horretan. Elkartearen sail bat, Euterpe Salon izenekoa, bereziki literaturari eskainia da, gainera. Eta hilero antolatzen ditu literatur ekitaldiak, Georgiatik berariaz etorritako idazleekin. Elkartearen bihotza edo eragile nagusietako bat Manana Tandaschwili dugu, kaukasiar hizkuntzen irakaslea Frankfurteko Goethe Unibertsitatean. Georgiar idazleen antologia bat argitaratu berri du alemanez, Jost Gippert euskaltzale eta kaukasologoarekin batera. Eta georgiar emakumezko idazleak irakurle alemanei ezagutzeko aukera emango dien bigarren antologia bat ere bidean da jadanik.
Frankfurtek berak, oso hiri literaturzalea izanik, oihartzun handia du nazioartean literaturaren inguruko hainbat ekitaldiri esker. Ezagunena, jakina, urtero urrian egiten den Liburu Azoka. Baliteke hemendik hiru urtera Georgia izatea azokaren urteko gonbidatua. Lehia horretan ari dira behintzat georgiarrak azken boladan, beste herrialde batzuekin.
Georgierak ez ditu hiztun asko, lau milioi baino ez. Bai, ordea, tradizio idatzi luze eta aberats bat. Hizkuntza txikiei gertatu ohi zaien legez, georgieraz idatzitako literaturari ez zaio erraza izaten atzerriko merkatuetan bide berriak urratzea, ez eta itzultzaile onak aurkitzea ere. Georgiako literatura 2008an Durangoko Liburu Azokan gonbidatua izan bazen ere, euskaldunok ez dugu beharbada hango literaturaren berri handirik.
Gaurko georgiar literaturaz hitz egiteko, Anna Kordzaia idazlearekin bildu ginen udaberri hasieran, Frankfurten eman zuen hitzaldiaren harira.
Anna Kordzaia (Tbilisi, Georgia 1968) kazetaria, gidoigilea, literatur irakaslea bere sorterriko unibertsitatean, gobernuko giza eskubideen sailean aritutakoa eta aleman literaturaren itzultzailea da, besteak beste... Idazkeraren zein gaien aldetik, salbuespen bat da gaur egungo georgiar literaturan. Arrakasta handiko ardi beltza nonbait. Maitasuna, tristura, gorrotoa eta sexu harremanak ironia garratzez eta ikuspegi berritzailez jorratu ohi ditu bere literatur lanetan.
Gaurko georgiar emakumeen eta gizonen arteko harremanak dira zure gai nagusia. Asko dira Georgian idazten duten emakumeak?
Ez, emakumezkoen literatura oraindik salbuespena dela esan daiteke.
Zeintzuk dira gaur egun gehien erabiltzen diren gaiak Georgiako literaturan?
%9, ni literaturak osatua da. Norberaren bizipenak eta gerrako pasadizoak. Gai autobiografikoak, zalantzarik gabe, askotan datu hori isildu egiten den arren. Batzuk lotsatu egingo liratekeelako hala dela aitortzeaz. Horrek lotura zuzena du azken garaiotan izan ditugun gerrekin. Norbait gai horien muga hausten saiatzen denean, ez du erabat lortzen. Idazleak ezin dira 90eko hamarkadatik hona galdu ditugun borroketatik askatu.
Nire kasua desberdina da. Agian, ez nuelako hasieratik idazle izateko helburua. Baina horrela suertatu da.
Gerra osteko zaurien ondorioak nabariak dira, beraz, georgiar literaturan?
Psikotrauma hitza ez nuke erabili nahi. Halere, bizipen horiek gauza asko eraldatu dituzte geure barruan. Gerra bitartean, gure gizonak onenak direla eta gure emakumeek munduko ume zintzoenak dauzkatela sinetsi nahi izaten da. Baina gero errealitatea oso bestelakoa dela ikusten da bat-batean.Gerrak galdu egiten dira. Eta emakume eta gizon horiek onenak izaten jarraitzen dute; beste arrazoi batengatik, baina: emakume horiek beren gizonen ondoan geratu direlako hain zuzen, nahiz eta gizon horiek ez diren onenak. Eta alderantziz. Zergatik jarraitzen dugun norbait maitatzen, horixe da aldatu den kontua.
Zure literatur lanak lehen pertsonan idatziak dira. Bestalde, gizonei nahiz emakumeei buruz oso modu ironikoan, ausartean eta zirikatzailean idazten duzu, biak ala biak elkarrekiko harremanetan barregarri samar utziz. Baina irakurleok idazlea emakumezkoa dela badakigu, eta, gainera, sinpatia handiagoa sortzen zaigu emakume horiekiko. Azken batez, zeure buruaz ironizatzeko duzun gaitasuna miresten dugulako.
Zer egingo diot ba..., hanka-okerra naiz eta inork ez nau maite... Dena den, sinpatizatze hori ez da nik bilatzen dudan zerbait. Orain, beste liburu batean, hirugarren pertsona ari naiz erabiltzen. Edonola ere, emakumezko idazle berriek, gazteenek batez ere, beste gai batzuk jorratzen dituzte.
Zer harreman dute gazteenek aipatu dituzun gerrekin?
Testuinguru horretan hazi dira, baina ez dute harrapatu zer izan den gerra. Ez da beren gaia, eta ez dute zama hori. Zerbait aldatu nahi dute, baina ez kanpoan, baizik eta euren barruan.
Nolakoa izan zen diktaduraren eragina zure belaunaldian?
Gu gazte ginela, diktadura ahuldurik zegoen. Etxean, noski, zerbait jaso genuen gurasoengandik, giro bat. Gure aitonak, adibidez, amaren aitak, bere bizitzaren azken hogei urteak ohean eman zituen elbarri, Stalinen kontzentrazio esparruetatik bizirik irten eta gero. Gure ama 1930ekoa da, eta dardaraz hasten zen etxean politikariei buruz txantxak egiten genituenean. Bestela, oso gaztaro zoriontsua izan genuen, gai politiko edo sozialez ardurarik izan gabe, 1989an errusiar soldatuak Tbilisin sartu ziren arte. Abkhazian genuen etxea galdu genuen orduan, eta nik, nire bizimodu zoriontsu eta jarrera axolagabe hura.
Gure gurasoen eta gure arteko belaunaldien artean ez da ebaki sakonik izan. Nirearen eta hurrengo belaunaldiaren artean, berriz, bai. Gazteenak ez daude horren lotuta. Esan nahi dut nik ez nukeela sekula harremanik izango georgiar gizon aberastu berri batekin. Ondo dakidalako noren lepotik aberastu den. Eta ongi dakit ez naizela sekula errusiar batekin maiteminduko. Guztiz ezinezkoa zait 2008tik aurrera. Gazteagoek ez dute kontzientzia historiko hori, ez halako klase etsairik. Beste alde batetik, bizi izan dudanagatik, beldurra diot estatuari, funtsean demokratikoa izan daitekeenik sinetsiko ez banu bezala. Gehiegitan ahalegindu gara errealitatea aldatzen, alferrik. Badira urte batzuk egunkariak irakurtzeari utzi diodala. 2003ko Arrosen Iraultza hartatik hona batik bat.
Zure Schuschaniken umeak izeneko eleberrian Erromar Inperioko garaiko santa batez trufatzea leporatu dizute. Min handia eragin omen du horrek ortodoxoen artean.
Izan ere, Schushanik santaren senarrak, zeina persiarren aldeko printze georgiar bat zen, kartzelara sartu zuen zoroastrismoari uko egin eta kristautasunari eusteagatik. Schushanik kartzelan hil zen, bertan zazpi urte egin eta gero. Georgieraz idatzitako lehen testua santa haren martirioari buruzkoa dugu; bosgarren mendeko idatzibat.
Baina gaizki-ulertua egon da hor. Nik ez baititut gai erlijiosoak jorratzen, ez nuke arlo horretan inor minberatu nahi. Nire Schuschanik beste emakume bat da, XX. mendearen hasieran Tbilisi gure hiriburuan bizi izan zena. Schuschanik horren seme-alabez ari naiz liburuan. Shushanik historikoa georgiar noble aberats baten emaztea izan zen, nahiz eta armeniar irakasle xume baten alaba izan. Haurdun zegoelarik ezkondu omen zen. Gero umea hilik jaio eta burua galdu zuen.
Hemen hasten da hain zaharra ez den elezaharra, zeren eta istorio honetan Tbilisiko biztanleek osagai desberdinak nahastu baitituzte, antzinakoak eta mitologikoak barne: Shushanik erreka ondoko etxetxo batean bizi da gaur egun, eta bere ile horia orrazten egoten da gauero leiho ondoan. Inon bi maitale elkartzen direnean, bere ile hori ederra luzatu eta besarkatu egiten ditu. Schushaniken umeak oso eskuzabalak dira, dena ematen dute ezer eskatu gabe. Izpiritu hutsak dira, ikusezinak. Eta hilezinak. Tbilisin norbaiti bat-batean ageriko arrazoirik gabe umorea aldatzen zaionean, Shushaniken umeak izan direla esaten du jendeak. Interesgarria da nola sortzen diren gurean halako elezahar berriak, kultura desberdinetako osagaiak irudimenean erabiliz: persiarrak, armeniarrak, poloniarrak... Nire eleberria gaurko ume horiei buruzkoa da. Hiltzeko aukera bat dute: norbait haietaz maitemintzea lortzea. Amodio harreman zail horietaz idatzi dut nik.
Zertaz idazten ari zara orain?
Batetik, oso proiektu interesgarri bat ari gara gauzatzen Tbilisiko Unibertsitatean: georgiar ahozko altxorra jaso eta gordetzen, gal ez dadin. Horrek bertako beste kultura batzuk ere hartzen ditu : armeniarrak, balkaniarrak, poloniarrak... Ikasleekin batera ari gara ikerketa lanetan, bost urteren buruan antologia handi bat ateratzeko.
Bestetik, Euskal Herria ezagutzeko irrikan nago. Idazleen Elkarteari esker, Pasaiako Hugoenea etxean egonaldi bat egingo dut azaroan, bertan narrazio bilduma bat burutzeko. Ea Victor Hugorengandik inspirazioa heltzen zaidan, ez baitut inoiz lortzen liburu horri behar den denbora eskaintzea. Jadanik pare bat gauza ikasi dut euskaraz. Bai eta etxean karteltxo bat zintzilikatu ere: «Hizkuntza bat ez da galtzen...». Baina, mesedez, ez galdetu nola ahozkatzen dudan esaldi hori.
Literatura. Anna Kordzaia. Idazlea
«Gerra bizipenek eragin handia izan dute georgiar literaturan»
Gidoigilea, kazetaria eta bere sorterriko unibertsitatean Literatura irakaslea da. Gainera, idazkera zein gaien aldetik, salbuespen bat da Georgiako literaturan. Maitasuna, gorrotoa, tristura eta sexua ironia garratzez jorratu ohi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu