Gerra ondoko eguzki izpi

36ko gerraren ostean Hego Euskal Herrian argitaratu zuten euskarazko lehen liburuaren egilea. Poeta abituduna. Herri garaituaren kantaria. Salbatore Mitxelena. Gaur 100 urte jaio zen.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Izotz-ondoko eguzki,/ neguaren parre:/ olerkariak noizpait/ iri goratzarre./ Emeki duk itxaroz/ piztu garai-larre:/ udaberri-lamiak/ larreon batzarre». Xabier Lizardik bertsook idatzi zituenean, diktadura ondoko eguzkipean kraskatu berria zen Miguel Primo de Rivera militar espainiarrak gidatutako diktaduraren horma. Aurreko urtean loratua zen Euskaltzaleak kultur elkartea, eta Lizardik maila bat igo zuen euskal poesiaren langa, Lauaxetarekin eta Orixerekin batera. Gazte hil zen Lizardi, baina, 1933an, gaitzak jota. 1937ko uda estreinatu berrian hil zuten frankistek Lauaxeta, Gasteizko hilerriko hormaren kontra, tiroka. Negu luzea, izotz aroa ezarri zuten militarrek atzera. Eta hara non Salbatore Mitxelenak, 1938an, idatzi zuen: «Gorputz dago gudaria/ Urkiolako maldan/ esaidazu artzai horrek/ Lauaxeta ez al dan».

Gaur 100 urte jaio zen Mitxelena. Zarautzen (Gipuzkoa), Lizardi bezala; olerkari, Lizardi bezala. 11 urterekin eraman zuen amak, eskutik helduta, Arantzazuko (Oñati, Gipuzkoa) frantziskotarren santutegira. Hiru urte egin zituen han ikasten, eta beste bi Foruan (Bizkaia). Azken ikastegi horretan hasi ei zen olerkiak idazten.

1935ean jantzi zuen frantziskotarren abitua, eta 1943an abadetu zen. Tarte horretan, 36ko gerrak harrapatu zuen, Erriberrin (Nafarroa) ikasle zegoela. 17 urte zituen artean, Francoren aldeko tropekin gerra egitera eraman zutenean. Ia hiru urte egin zituen fronterik fronte. Orduko ibilerek betiko markatu zuten. Gerra ondoko izozteak, zeresanik ez. «Iltzen doakigu Aberria. Euskalerrik gaurdaño zerakuzkian enderritasunak mara-mara urritzen doazkigu, maxkaltzen, aitzen. [...] Orixe dezu, bada, nere olerki eresia: Aberri ilzoriak daridan miña», idatzi zuen Erriberrin. Lizardiren poemako izotz ondoko eguzki izpi bilakatzear zen Mitxelena poeta.

Ez alferrik, gerra ostean Hego Euskal Herrian argitaratu zen euskarazko lehen lan literarioak Mitxelena du egile: Arantzazu euskal poema (1949). Segidan etorri ziren Ama-semeak Arantzazuko kondairan (1951), Ogei kanta Arantzazuko (1952), Arraun ta amets (1955), Bizi nai (1955) eta Unamuno ta Abendats (1955) lanak. Azken hori saiakera gisa argitaratu bazuen ere, Juan San Martinen arabera, lehen bertsioa bertsotan idatzi zuen. Jokin Zaitegiren eskutik ezagutu ei zuen San Martinek bertsozko bertsio hura, Unamuno ta gu izenez: «Bertso librez, gure artean lehenengoetako poema bat zen». Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k 1966an zioenez, Mitxelenaren hura litzateke «gailen» ordura arteko euskal saiakeren artean: «Liburu gutxi dago euskeraz Unamuno ta Abendats deritzana baino irakurgarriagorik».

Ahanztura, oroitzapenak

Gaur mende bete jaio, eta 1965eko abenduaren 28an hil zen Mitxelena.1970ean, Jakin sortako ale bat eskaini zioten. «Eskuko behatzekin kontatzeko haina apartaturik, bera izan zen gazte berrientzat gure literaturaren erlojua martxan ipini zuenetako bat», aitortu zionJuan San Martinek bertan. Joxe Azurmendik, berriz, gerra osteko Prometeo izendatu zuen: «Hiizanhaiz,halabeharitsuaribegietanbegiratuz,errebelatu haizenbat,gutxiegitakobat. 'Wer rettevomTodemich,von Sklaverei?',Goethe-renPrometeu-kbezalagaldetuduenbat.Hik esanduk: aberriakmindit,etamiñakolerki.Esanduk: gaur negardariogunakkantadezagulabihar.HikeginduknegarnegarrezarizanherriarekinetahikkantadiokLazaro-renberpizkundea.Hikkantatuduk,apenasheuk sinistu ahalhuanesperantzarekin».

Idazlearen Lan guztiak bi liburukitan eman zituzten, 1977an eta 1984an, hurrenez hurren. Karmelo Iturriak eta Jose Antonio Gandariasek koordinatu zuten antologia hori. Imanol Unzurrunzagak, berriz, Mitxelenaren biografia idatzi zuen Eusko Jaurlaritzaren Bidegileak sailerako, 2002an. Umetatik ezagutu eta estimatu zuen olerkaria: «Salbatorek nik baino hamabost urte gehiago zituen. Oso laguna zen gure aitarena. Aita Patxi Unzurrunzaga genuen, Itxaropena editorialekoa, zarauztarra, eta hark argitaratu zizkion Arantzazu, euskal poema [1949], Ama-semeak Arantzazuko kondairan saiakera [1951] etabeste. Oso interesgarria du Unamuno ta Abendats. Hor agertzen dira, gehienbat, Salbatoreren izaera eta berezitasuna».

Lehenik Zarautzen eta aitarekin ezagutu zuena Arantzazuko seminarioan aurkitu zuen Unzurrunzagak, bera ere hara ikasle joan zenean. «Salbatore gizon moderno bat zen. Bere irudipenak eta oroitzapenak zituen, eta izaera bizikoa, oso bizkorra, karakter handikoa zen». Karakter horrek arazo ugari ekarri zizkion Francoren alde zeuden Eliza katolikoko Espainiako hierarkekin. Ameriketara misiolari joan nahi izateraino. Halaxe ibili zen, 1954tik 1962ra bitartean, Uruguai, Bolivia, Ekuador, Peru, Kolonbia, Kuba, Panama, El Salvador eta Costa Rican. Ameriketatik, Suitzara bidali zuten, La Chaux-de-Fondsera, espainiar langileen kapilau lanak egitera. Bakar-bakarrik bizi zen han, etxebizitza batean. Unzurrunzagak hainbatetan ordezkatu zuen Mitxelena hango lanetan, eta idazlearen barne borroken lekuko izan zen egonaldiotan: «Salbatorek bere bizitza kuestionatzen zuen, barrutik, eta, nire ustez, ez zegoen konforme gauza askorekin, ez bere egitekoarekin, ez bere bizitzarekin, ez bere bokazioarekin. Asko hitz egiten genuen umetan Arantzazura behartuta eraman izan gintuztenekoaz. Asko hitz egin genuen horretaz». Suitzan. Han hil zen gerra ondoko eguzki printza izan zen euskal olerkaria, 47 urte betetzear zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.