Zinema. Estreinaldiak

Gerrara joan zen zaldiarena

'War Horse' da Steven Spielbergek zuzendu duen azken lana, I. Mundu Gerran girotutako familia osoarentzako filmaGazte baten eta haren zaldiaren arteko harremana kontatzen du pelikulak

Gazte batek zaldi batekin duen harremana da filmaren oinarria. BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Adituek diotenez, I. Mundu Gerrak estrategia militarrean ekarri zituen aldaketa nagusien artean, zalditeriaren amaiera izan zen garrantzitsuena. Ordura arte, zaldiak ezinbestekoak ziren batailak antolatzeko orduan, baina gerra horren ondotik gailu mekanikoek ordezkatu zuten zaldien lana.

Hain zuzen ere, I. Mundu Gerran girotu du azken filma Steven Spielberg zuzendari eta ekoizle ahalguztidunak. Michael Morpurgok 1982. urtean argitaratu zuen liburuan oinarrituta dago moldaketa berri hau. Filma izan baino lehen antzezlan arrakastatsua izan zen War Horse. Antzokietan ezagutu zuen Spielbergek istorioa, eta pantaila handira eramateko grina piztu zitzaion.

Ez da lehen aldia zuzendariak gerra gaitzat hartzen duena. Haren hurbilpen ezagunena Saving Private Ryan izan zen, II. Mundu Gerran girotu zuen gerra pelikula bikaina. Film horrek telebistarako bi senide ditu, Tom Hanksekin batera ekoitzi zituen Band of Brothers eta The Pacific telesailak. Horiez gain, zeharka bada ere, gerrak ere presentzia nabarmena du Empire of the Sun eta Schindler's List pelikuletan.

Oraingo honetan, baina, ikusle guztiek gozatzeko moduko familiako filma egin nahi izan du Spielbergek, gazte baten eta zaldi baten arteko adiskidantza istorioa kontatuta. Batailak bai, baina ezin espero sekuentzia sobera odoltsuak, besteak beste Disney etxea delako filmaren ekoizle nagusia. Hortaz, beste behin ere Spielbergen familiako alderdia agertuko zaigu, eta, antza denez, hurrengoan itzuliko da bere alderdi serioarekin, Abraham Lincolnen inguruan prestatzen ari den pelikularekin.

Benetako zaldiak

Edozein zinemagilerentzat animaliekin lan egitea erronka handia da, eta guztien artean zaldiak omen dira zailenetakoak. War Horse zaldiz beterik dago; 150 baino gehiago erabili dituzte, eta oraingoan ez dute efektu digitalik erabili nahi izan. Nonbait, filmean agertzen diren zaldi guzti-guztiak errealak dira, baita bataila handiak filmatu behar izan dituztenean ere. Horrekin lortu duten ikusgarritasuna da filmak duen alderdirik interesgarrienetakoa.

Istorioari dagokionez, Albert gaztea da protagonista nagusia. Joey zaldia da mundu honetan gehien maite duen gauza; horregatik, harentzat kolpe gaindiezina izanen da zaldia galtzea.I. Mundu Gerra hasiko da, eta Alberten aitak zaldia Britainia Handiko armadari salduko dio. Modu horretan, Joey zaldiak bere begiekin ikusiko ditu Europako gerra erraldoian gertatuko diren gauzetako asko, eta berehala beste zaldien artean nabarmenduko da, erakutsiko duen adoreagatik.

Baina Albertek ezin du bere animalia kuttuna ahaztu, eta haren bila abiatuko da. Frantziako batailetan parte hartuko du, zaldiaren bila dabilen bitartean. Azkenean, gazteak eta zaldiak momentu kritiko batean eginen dute topo.

Jeremy Irvine da War Horse-ko protagonista gaztea, orain arte guztiz ezezaguna zen aktorea. Gauza jakina da Steven Spielbergek abilezia handia duela aktore gazteei lehen aukera garrantzitsua ematen eta haien ibilbidean akuilu izaten. Horrela gertatu zen bere garaian Christian Balerekin —Empire of the Sun-en parte hartu zuen haurra zenean— eta Shia Labeoufekin —Indiana Jones gaztearena egin zuena—. Ikusteko dago film honek Irvini bi horien ospea lortzeko balioko ote dion.

Kontatzen duen istorio hunkigarriagatik eta atzean duen zuzendariagatik, War Horse Oscar sarietarako oso pelikula aproposa da. Pronostikoen arabera, ordea, ez du ematen aurtengoetan sari garrantzitsurik irabaziko duenik, baina badaezpada ere sei izendapen jaso ditu, horien artean pelikula argazkilaritza onenarena.

'WAR HORSE'

Zuzendaria. Steven Spielberg.

Aktoreak. Jeremy Irvine, Emily Watson, Peter Mullan, Niels Arestrup, Tom Hiddleston, David Thewlis, Benedict Cumberbatch, Celine Buckens, Toby Kebbell.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2011.

Iraupena. 146 minutu.

Estreinaldia. Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian, eta hilaren 22an Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.