Idazleak, aktoreak, zinemagileak eta musikariak, batetik, eta alkateak, zinegotziak eta kultura arloko arduradunak, bestetik, 50 lagun inguruko bilkurarekin abiatu da Udalbiltzaren Geuretik sortuak egitasmoa, gaur goizean, Oiartzungo (Gipuzkoa) Arizmendi Eneako lorategian.
«Euskal Herriaren kontakizun sentikorra arteak eta kulturak baino ezin dute egin», adierazi du Udalbiltzak: «Azken urteotan, ordea, atzerriko hizkuntzetan egindako kultura nagusitzen ari da gizartean. Horregatik, euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazionala artikulatu nahi du Geuretik sortuak proiektuak».
Deialdi publiko bidez 26 proiektu lagunduko dituzte, hartara idazleek, zinemagileek eta antzerki konpainiek sormen egonaldiak egin ditzaten. Hiru asteko egonaldietan hamasei ipuin, bost antzerki obra eta bost film labur landuko dira, eta 2022an Euskal Herriko 30 herritan eta zenbait hiritan zirkuitu nazionala osatuko dute.
Hamasei ipuinen bilduma neguan argitaratuko du Udalbiltzak. Hauek izango dira idazleak: Ugaitz Agirre, Maialen Akizu, Garazi Albizua, Bertol Arrieta, Yolanda Arrieta, Itxaro Borda, Peru Calabaza, Iban Garro, Edorta Jimenez, Danel Lauzirika, Iñaki Martiarena, Nefer Olaizola, Maitane Perez, Fito Rodriguez, Sarai Robles eta Nahia Zubeldia.
Itxaro Borda Usurbilen izango da uztailaren 5etik 25era. «Baionatik nator; baxenafarra naiz, Zuberoan bizi izana. Hortik egin kontuak zein neurritan sartzen naizen Geuretik sortuak egitasmoan, idazlea naizen aldetik», adierazi du. «Proiektu honek egunerokotasunetik atera egingo gaitu. Herri edo hiri ezberdin batera joango gara, eta hiru astetan han integratzen saiatuko gara». Bordak ideiak badaramatza aitzinetik, baina iruditzen zaio Usurbilgo (Gipuzkoa) jendearekin egonez moldatu eta kanbiatu egingo direla neurri batean. «Artzeren eta Zumetaren herriaren aizolbean, segur naiz zerbait berezia sortuko dela». Idazleak asko maite du paisaia, «eta, Zubietako erraustegitik biziki hurbil egongo naizela jakiteak pixka bat beldurtzen nauen arren, saiatuko naiz Usurbilgo naturarekin harreman poetiko batean lotzen».
Bost antzerki proiektu lagunduak konpainia eta antzerkigile hauenak izango dira: Bon bon noir, Lore-More, Metrokoadroka, Tanttaka teatroa eta Oier Zuñiga.
Metrokoadroka taldeko Idoia Beratarbidek jakinarazi duenez, Bidaide lana sortuko dute, antzerkia eta beste arte diziplina batzuk uztartuko dituena: «Kulturgile anonimoak izango ditu ardatz. Uharten eta Atarrabian [Nafarroa] lan egingo dugu». Bereziki aipatu nahi izan du: «Metrokoadrokak 2008tik dihardu antzerkian, eta oso gutxitan gertatu zaigu kulturgintzan ikustea esperimentazioa eta ikerketa laguntzea. Eskertuta gaude horregatik».
Bost film laburrak egiteko zinemagileak hauek izango dira: Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola, Raul Barreras, Eñaut Castagnet, Leire Egaña eta Josu Martinez. Gero, Adabaki Ekoizpenak etxea arduratuko da bost filmak koordinatzeaz eta horiekin film luze bat osatzeaz. 2022. urtearen hasieran bukatzea espero da.
Raul Barreras zinemagilea Arnasa izeneko film proiektuaz mintzatu da. Ekaitz izango du protagonista, hiritik baserrira aitona zaintzera joango dena pandemia garaian. «Nekazari giroko herrian jazarpena pairatutakoa da Ekaitz, homosexuala izateagatik. Aitona izan zen bere izaera onartu zuen bakarra. Eta beste gai zentrala adinekoen zaintza da, noski». Filma Hernanin (Gipuzkoa) filmatuko du, eta erronka nagusia, oraintxe bertan, 80 urteko gizonaren rola beteko duen aktorea aurkitzea da.
26 sormen proiektuak herri hauetako egonaldietan eta lanaldietan garatu dira: Andosilla, Araitz, Arrigorriaga, Artziniega, Atarrabia, Baigorri, Bera, Bergara, Berriatua, Betelu, Etxarri-Aranatz, Etxebarre, Galdakao, Hernani, Larrabetzu, Larraun, Leitza, Lesaka, Lexantzu, Ligi, Liginaga, Lodosa, Mendabia, Oiartzun, Oñati, Ondarroa, Sartaguda, Tafalla, Uharte, Urepele, Usurbil, Uztaritze, Villabona, Zaldibia, Zestoa, Zuia eta Zumaia.