Afera 2002an hasi zen, Mike Batt Erresuma Batuko musika konpositore eta moldaketa egileak The Planets taldeari Classical Graffiti diskoa ekoitzi zionean. XXI. mendearen atarian, musikaren historiako konposizio klasiko esanguratsuen bilduma moduko bat proposatzea zuen xede disko honek, eta, horretarako, Batt jaunak Bizet, Bach, Ravel eta Debussyren kantu ezagunak bildu eta moldatu zituen bere gustura, beharbada komeni den baino azukre gehiagorekin. Eta halako musika ezagunen artean XX. mendeko konposizio esanguratsuenetako bat ere grabatu zuen taldeak: John Cageren 4 minutu eta 33 segundoko pieza.
Lehen aldiz jendaurrean aurkeztua izan zenean, 50eko hamarkadan, nahiko polemika piztu zuen musikariak isilik egotera behartzen dituen pieza honek. Musika akademia ofizialaren arabera, «edonork egin dezakeen konposizio» moduan definitua izan zen, artista bitxi baten kapritxo moduan, baita harrokeria arty modura ere. Eta 50 urte geroago, Mike Batten kasuari esker berriz ere harrotu zituen hautsak.
Classical Graffiti diskoan ageri den 4'33–-ren bertsioa ez baita guztiz zuzena. Hasteko, bien artean sinatuta ageri da, alegia, Batt eta Cageren izenean, eta 4 minutu eta 33 segundo beharrean minutu bakarra irauten du.
Itxura batean, isiltasunak ere neurgarriak direla eta jabeak badituztela erakutsiz, kasua epaitegietara iritsi zen. Ezustean, nazioarteko prentsak oihartzun handia eman zion berriari, eta argitaratu informazioen arabera, Battek, erdi gordeka, milioi bat librako isuna ordaindu behar izan zion Cageren ondarea kudeatzen duen fundazioari epaiketa galdu baino lehen. Bederatzi urte pasa dira hartatik, eta zalantzarik gabe musikaren historiako anekdota bitxien hemerotekan topa daiteken kasu berezienetakoa bihurtu da.
Eta bederatzi urte pasa direnean ere agertu da benetako egia. Edo benetako gezurra.
Berriki emandako elkarrizketa batean onartu du Battek ez zela inoiz ez epaiketarik ez salaketarik gertatu eta inork ez zuela isiltasuna berea zela argudiatu. Ezeztatzen hasita, ez omen zuen imajinatu ere egin bere gaiztakeriak halako oihartzuna hartuko zuenik. Baina, hori bai, disko gehiago saltzea lortu zuen. Hori baitzuen helburu: The Planets-en diskoari debaldeko publizitatea ematea.
Ezingo dugu jakin Cagek, bizirik balego, zer pentsatuko lukeen honetaz. Beharbada irribarre ozen batekin erantzungo luke. Mende erdia pasa arren, haren isiltasunari ere oraindik gaiztakeriaren usaina dario.
Musika. MUSIKA. A cappella
Gezur isilak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu