Kultura

Gidaritza talde berri batek hartu du bere gain EHZren ardura

"Ilusioz beterik", 15 bat gaztek bere egin dute EHZ ez desagertzea; martxora arte dute proiektu baten proposatzeko.

Gidaritza taldeko Leire Fagoaga, Hegoa Banos Olabarriaeta Ximun Boscq. NORA ARBELBIDE LETE
Nora Arbelbide Lete.
2018ko irailaren 24a
07:16
Entzun

"Zaflako bat". Sentimendu hori oraino hor du Hegoa Banos Olabarriak. EHZ jaialdia desagertzekotan zela zinez ohartu zelarik, duela hamar bat egun iragan biltzar nagusian. Likidazioaren aldeko ahotsak entzun baitziren biltzar hartan. Baina, azkenean, gidaritza talde berri bat muntatu da, bere gain hartu duena EHZren ardura. 15 bat gazte dira orotara, Ipar Euskal Herri osotik heldu dira, eta 22 urte dituzte banaz beste. Nehor ez da egona orain arteko administrazio kontseiluan. Laguntzaile lanetan arituak dira, edo batzorde batzuetan, baina ez erabaki guneetan. Hori bai, txikitatik ezagutzen dute jaialdia, eta garrantzitsua zaie ontasun hori aitzina eramatea.

Ez dakite oraino zer izanen den EHZ. "Irekia da". Hasteko, EHZk zorrak kitatuak ditu, eta diru poltsa bat ere badu. Hortik at, jaialdi gisa antolatuko den, ala arras beste gauza bat izanen den, geroak erranen. Lantaldeak martxora arte du proiektua aurkezteko.

Bien bitartean, ostegunero hasiak dira biltzen Itsasun (Lapurdi), lagun batek bere etxean prestatzen duen etxeko gela batean. Hortaz, ez dute alokairurik ordaintzeko, ez eta langilerik ere. "Presiorik gabe" ari dira, baina "ilusioz beterik". Lantaldea irekia dela eta, xehetasunak nahi dituenak haiekin harremanetan jartzen ahal da, jaialdiaren Facebook orrialdearen bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.