Gilbert Shelton eta Frederik Peters Getxoko azokan izango dira

Azaroaren 26tik 28ra bitartean, nazioarteko komikilarien eta zaleen topagune izango da Areetako Geltokia plaza

Erredakzioa
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Bederatzigarren urtez, Komiki eta Manga azoka antolatu dute Getxon. Datorren ostiralean, hau da, hilaren 26an zabalduko dute hiru eguneko azoka.

Aurtengoan ere, jatorri eta joera askotako egile ugari elkartuko dira Areetako Geltokia plazan. Besteak beste, Gilbert Sheltonek, Frederik Peetersek, Stuart Immonekek eta Antonio Altarriba 2010eko Espainiako Komiki Sari Nazionalaren irabazleak hartuko dute parte. Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez, 80 salmenta postutik gora egongo dira aurtengo ekitaldian. Komiki dendak, liburu denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta bederatzigarren arteari lotutako zenbait sail egongo dira bertan.

'El Jueves'- i omenaldia

Komikigile entzutetsuenak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute komikizaleek. Izan ere, esparru komertzialaz gainhainbat ekitaldi antolatu dituzte hiru egunetarako: hitzaldiak, aurkezpenak eta sinatze txandak bereziki. El Jueves aldizkariari omenaldia egingo diote azokan, eta Paco Rocak bere azken lana aurkeztuko du: El invierno del dibujante. Horrez gain, erakusketak ere ez dira faltako: Javier Isusi, Ken Niimura eta Angel Unzuetaren erakusketa monografikoak eta EIPE Euskadiko Ilustratzaile Profesionalen Elkarteak eginiko El Balanzín aldizkariaren erakusketa, esaterako.

Alabaina, komikiaren eta mangaren festa ez da soilik azokan izango. Getxoko udal erakusketa aretoetan eta zenbait tabernatan ere komiki erakusketak jarriko dituzte. Ikusleek komiki munduari loturiko zinemaz gozatzeko, hainbat formatu erabiliko dituzte azokan: multimediako lanak, animazioak, film laburrak, dokumentalak eta anime-ak.

Igandean Mangaren Eguna izango da, eta, Getxoko Kultur Etxeak aurreratu duenez, jarduera egitarau plurala antolatu dute azokako azken egunerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.