Gipuzkoako Dantz Point jaialdia asteazkenean hasiko da

Divorce From New York-en saioarekin hasiko da musika elektronikoko festibala, Arrasaten. Ondarea eta abangoardia batuko dituzte aurten

Erredakzioa
2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Datorren asteazkenean hasiko da 2021. Dantz Point, Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako musika elektronikoko jaialdia. Divorce From New York artista donostiarrak egingo du aurtengo lehen saioa —Alvaro Granda, benetako izenez—: This ain't Jazz No More disko berria (Forbidden Colours, 2021) aurkeztuko du Arrasateko Gomestio baserrian, eta streaming bidez entzun ahal izango da, 20:00etan.

Maitasuna du hizpide Grandaren azken lanak, sentimendu horrekin heltzen baitie gertatutakoei, gertatzen ari direnei, eta entzundakoei. Bizitza ospatzea du helburu ekoizpenak, eta, horretarako, aurretik onduak zituen jazz pieza batzuk berrerabili ditu.

Arrasatekoaren ondotik, ekitaldi gehiago antolatzeko asmoa dute lurraldeko beste hainbat toki ezagunetan, eta aurrerantzean joango dira zehazten datak eta tokiak. Dagoeneko, ordea, konfirmatu dituzte leku batzuk: Zumarragako Antiguako baseliza, Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserria, Aretxabaletako Urkuluko urtegia, eta Hernaniko Txillida Leku. Aurten, ikuskizunak online emango dituzte, baina, egoerak hobera egiten badu, formatu hibridora joko dute: alegia, Internet bidez ez ezik, aurrez aurre ere ikusi ahalko dira.

Ondarea ere, oinarrian

Lurraldeko hainbat toki zahar eta klasiko musika molde berriekin girotzea: nahasketa hori nabarmendu du Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak: «Jaialdiarekin, Gipuzkoak ezkutuan dituen gaur egungo hainbat paraje eta artista erakutsiko ditugu. Ondarea eta abangoardiaren sorkuntza batzen dira». Izan ere, musika elektronikoko ikuskizunak eskaintzeaz gain, ondareari erreparatzea ere bada jaialdiaren helburuetako bat: espaziook ezagutarazi eta sendotzea, antolatzaileek nabarmendu dutenez.

Gomestio baserriari dagokionez, XV. mendeko eraikina da, eta urte luzez egon da erabili gabe. Sagardoa egiten zen han, eta jarduera horretako tresnak aurkitu zituzten, hala nola sagarrak zanpatzeko prentsa. Eraispen sailkatua egin zuten, eta jatorrizko egurrezko eskeletoa utzi zuten agerian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.