"Euskal kultura eta modernitatea lotzeko egindako lanagatik" eman diote Gipuzkoako Urrezko Domina Jakin taldeari. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren eskutik jaso dute domina Torrealdaik, Agirrebaltzategik eta Intxaustik. Olanok aitortza egin dio taldearen ekarpenari. "Guztizko askatasun intelektualari inoiz uko egin gabe, mendebaldeko zibilizazioaren balio aurrerakoien gainean proiektu sortzaile iraunkor eta irekia eratu dute, eta euskal herri honentzat etorkizuna eraikitzen lanean jardun dute. Ezinbesteko erreferentzia Jakin. Zorionak!", adierazi du.
Horrez gain, euskalgintza ulertzeko modu bat garatu duela ere nabarmendu du ahaldun nagusiak. “Militantziaren eta profesionaltasunaren uztarketa, euskaltzaletasunaren hobespena, kulturaren autonomia proiektu ideologiko-politikoekiko eta euskararen zeharkakotasunaren defensa, besteak beste”.
Ohiturari eutsiz hasi da omenaldia ezpata-dantza eta talde-argazkiarekin. Euskal kulturgintzaren lagunen aurrean @markelolano eta diputatuek harrera egin diete Intxausti, Agirrebaltzategi eta Torrealdairi. Azurmendirekin batera, euskal kulturaren alde egindako lana aitortu diete. pic.twitter.com/adLi8f9Cfz
— Gipuzkoako Aldundia (@OrainGipuzkoa) 19 de diciembre de 2018
Joan Mari Torrealdaik hartu du hitza eta saria eskertu du Jakinen izenean. Torrealdaik proeiktuaren izaera irekia nabarmendu du. "Jakin euskararen lurralde askean sortu zen, ez inongo probintziatan. Horregatik ulertu izan dugu gure lana, hasieratik, inorena eta guztiena dela, euskaraz izatekotan. Euskaltzale eta herritar guztiekin egoten ahalegindu gara. Kritikoki, maitasunez kritiko".