Bertsolaritza

Gipuzkoako zortzi finalistak, larunbaterako gertu

Asteburuan amaituko da 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Donostiako Illunben jokatuko den finalarekin. Aurtengo zortzikotea bertsolaritzak azken urteetan izandako aldaketen isla izan daitekeela esan dute.

2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak eta irabazleari txapela jantziko dion Xabier Gaztelumendi (erdian), gaur goizean, Donostiako San Telmo museoan. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
2019ko abenduaren 10a
18:51
Entzun

Agin Laburu, Alaia Martin Etxebeste, Ana Labaka Maioz, Beñat Gaztelumendi Arandia, Beñat Lizaso Alberdi, Jon Maia Soria, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran. 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak horiexek. Finala ate joka, larunbateko saioari nola aurre egin nahi lioketen azaldu dute zortziek gaur goizean, Donostiako San Telmo museoan egindako agerraldian. Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria eta Jon Insausti Donostia Udaleko Kultura zinegotzia izan dituzte lagun, eta ideia bat nabarmendu du Jauregik: "Hasieratik esan genuen bertsoa eta bertsolaritza erdigunean jarri nahi genituela. Era berean, ikusarazi nahi izan dugu Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, bere aldaera guztietan, mugimendu zabal, emankor eta bizi baten erakusle dela. Izan ere, txapelketa finala baino askoz gehiago da; bertsolaritza txapelketa bat baino askoz gehiago den moduan. Bide luzea, polita eta oso aberasgarria da denok elkarrekin egin duguna. Eta hori errematatzera dator datorren larunbateko finala".

Larunbatera arte, behinik behin, Gaztelumendi da Gipuzkoako txapelduna. Txapela berretsi nahi izatearen presioa sentitzen duen galdetuta, larunbatean ez doala ezer berrestera erantzun du bertsolariak. Are, leku ezberdin batetik kantatu nahi lukeela azaldu du: "Uste dut lau urte hauetan gizartea dezente aldatu dela, bertsolaritza dezente aldatu dela. Ni ere ez nago duela lau urte nengoen leku berean, eta orain nagoen leku horretatik kantatzera joango naiz larunbatean. Hamabost bertso kantatuko ditugu, puntuagarriak, eta bertso bakoitza aukera bezala hartuko dut. Denak aprobetxatzen saiatuko naiz; hortik aurrerakoa ez dago nire esku".

Labururentzat hirugarren finala izango da larunbatekoa. "Ikusten dut zein zortzikote gelditu garen, eta, estiloari dagokionez, nahiko desberdina naizela ikusten dut. Nire helburu nagusia izango da erakustea: 'Begira, Aginek horrela egiten du bertsotan'. Hortik aurrerakoak, ondorio izan daitezela”.

Martinek ere kantatu zuen Gipuzkoako azken finalean; oraingoan, baina, "inoiz baino librago edo kontzienteago" sumatu du bere burua. "Plazan hartzen ditudan lizentzia edo intuizio bide horiei jaramon gehiago egin diet aurten. Zentzu horretan, ez daukat neure burua zentsuratzeko asmo handirik. Uste dut talde eder askoa daukagula final eder bat egiteko, eta zorrotz eta umoretsu kantatzen saiatuko naiz".

Iguaranek 2015eko finalean kantatu zuen aurrenekoz, eta horrek plazarako atea nolabait ireki ziola azaldu du. "Duela lau urte bertsotan dezente jardunak ginen, plazan hainbeste ez jardun arren, eta horren erakusgarri ere izan daitezke finalean ikusiko ditugun hiru aurpegi berriak; finalean lehen aldiz kantatu arren, bertsotan ibili direlako oparo. Nahiko final eskarmentatua iruditzen zait zentzu horretan. Nik azken lau urteak pribilegio handi bat bezala bizi izan ditut. Gustatuko litzaidake plazaz plaza jaso dudan horren zati txiki bat bertsotan eskaini ahal izatea Illunben".

Maia, berriz, beteranotzat har daiteke Gipuzkoako txapelketetan. 35 daramatza parte hartzen, baina Tolosako finalaurrekoa amaitu berritan adierazi zuen bezala, lehen aldian bezainbateko ilusioz agertuko da aurten ere: "35 urte pasatu dira, eta oraindik ere hemen nago. Hori niretzat dagoen txapelik handiena da; plazaz plaza nabil, asko disfrutatzen dut gure arte zahar honetan, eta, bai, ilusio berezia egiten dit Gipuzkoako txapelketen aro honetan ere presente egoteak".

Hiru aurpegi berri

Lehen aldiz ariko dira finalean kantuan Labaka, Elustondo eta Lizaso. Horrek larunbatera "ilusio handi-handiarekin" joatea dakarkiola aipatu du Labakak. "Eta, hain zuzen ere, pozik nago momentu honetan iristearekin, esperientzia pilatu horrekin eta aurreko txapelketetan izan ez nezakeen heldutasun puntu batekin iristen naizela uste dudalako". Aipatu du, halere, txapelketa "balidazio sistema bakarra" bihurtzen dela maiz, eta horrek zalantza asko sortzen dizkiola. "Nik, halabeharrez, bestelako zirrikitu batzuk bilatu behar izan ditut, sortu ere bai momentu batzuetan. Nahiko nuke finaleko saiora joatea beste bideetara joan naizen ilusio berarekin, beste horiek bezainbat zukutzeko asmoz".

Elustondok adierazi du, solte hartuta, aurreko txapelketa batzuetan saio hobeak egin izan dituela sentitzen duela; aurten, baina, "erregularrago" sumatu duela bere burua. "Aurrekoan ateetan geratu nintzen, eta badut sentsazioa aurten segur aski astroak ere lerrokatu egin zaizkidala".

Eta zortzigarren, Lizaso. Hunkituta jaso zuen finalerako txartela Tolosako saioan. Ordurako esana zuen txapelketa uzteko asmotan zebilela, eta oraindik buruan dabilkiola berretsi du gaur goizeko agerraldian. "Aurrekoetan langa jo ote nuen nuen kezka, eta orain bai jo dudala langa. Ez dut esango ez dudala gehiago parte hartuko, baina finala aurrera jarraitzeko pizgarria izango ote den, ez dakit".

Ariketak eta epaileak

Ohi bezala, bi zati izango ditu finalak: lehenengoan, zortzi bertsolariek hamabosna bertso puntuagarri kantatu beharko dituzte; eta, bigarrenean, aurreko zatian puntuazio handiena lortu duten bi bertsolariek beste hamar bertso puntuagarri abestu beharko dituzte. Txapelduna erabakitzeko, saio guztiko bertsoak izango dira kontuan, hots, bi ataletan batutako puntuazioak batuko dira.

Ion Zalduak eta Itziar Etxezarretak egingo dituzte aurkezle lanak larunbatean. Epaile taldean, berriz, sei lagun ibiliko dira: Amaia Otxotorena Gamio, Eneritz Azkue Basurko, Maite Sukia Olano, Mikel Beloki Urkizu, Mikel Lersundi Aiestaran eta Zigor Leunda Eizmendi. Eta idazkari lanetan, Joxemari Altuna Berridi, Silvia Etxaniz Alberdi ea Gorka Segurola Dorronsoro.

Bertsozale elkarteak aurreko astean iragarri zuenez, Xabier Gaztelumendi Lopetegik jantziko dio txapela 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazleari, eta “urte luzetan elkartean borondatez egindako lan isila” eskertuko diote horrela.

Sarrerak eta argibideak

Finala 17:00etan hasiko da, eta telebistaz zein Internetez ikusteko aukera ere izango da. Telebistan, ETB4 kateak emango du saioa zuzenean —ETB1ek gaueko albistegien ondoren emango du—, eta www.eitb.eus eta www.bertsoa.eus webguneetan ere ikusi ahal izango da, Ilaski Serranoren eta Martin Aramendiren jarraipenarekin.

Illunberako sarrerak, berriz, larunbat eguerdira arte izango dira salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean. Eguerdiko ordu batean itxiko da bertatik sarrerak eskuratzeko aukera; guztiak bukatzen ez badira, 15:00etan irekiko dute Illunbeko txarteldegia. Sarrera arruntak 24 euro balio du; 6-16 urte bitartekoentzat, 12 euro. Bertsozale Elkarteko bazkideek, berriz, 18 euroan erosi ahal izango dute.

Batez ere bi aholku eman dizkie antolatzaileek bertsozaleei: garaiz ibiltzea eta, ahal bada, garraio publikoa erabiltzea. Larunbatean Anoetan Realaren eta Bartzelonaren arteko futbol partida ere jokatuko dela gogorarazi du Jauregik, eta jendetza handia eta aparkatzeko zailtasunak aurreikusten dituztela ohartarazi.

Mugikortasun arazoak dituztenen premiak behar bezala kudeatzeko, antolakuntzari aurrez abisatzeko ere eskatu diete. Bi bide zabaldu dituzte horretarako: [email protected] helbidera mezua bidaltzea edo 943-670575 telefono zenbakira deitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.