Gitarra bat, kontzientzia astintzaile

Woody Guthrieren kantagintzak puri-purian jarraitzen du jaio zenetik 100 urte igaro direnean

Woody Guthrie (1912-1967) eta faxistak hiltzen zituen gitarra famatua. Z / BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
«Abesti bat da gaizki dagoen hori eta hura nola konpondu edota/ nor dagoen goserik eta non duen ahoa edota/ Nor dagoen langabeturik eta non dagoen lana edota / Nor dagoen porrot eginda eta non dagoen dirua edota/ Nork daraman pistola eta non dagoen bakea». Horixe da kantu bat Woody Guthrierentzat. Halaxe kantatzen zuen berak. Ehun urte dira gaur Woodrow Wilson Guthrie (Woody Guthrie izen artistikoz) Oklahoma estatuko Okemah herrixkan (Amerikako Estatu Batuak) jaio zela, 1912ko uztailaren 14an, hain zuzen ere. Urriaren 3an 25 urte beteko dira hil zela, baina bere kantu horri erreparatuz gero, gaur-gaurkoa izan litekeela begitantzen zaio edonori. Egungo krisi global eta ekonomikoari, nahiz balio krisiari ezin hobeto txertatzen baitzaizkio Guthrieren kantuetako kezkak.

Landa gune erabatekoan jaio zen Guthrie. Eskola kontuetan ez zuen interes handirik izan haurtzaroan, eta aho soinua jotzea bilakatu zen bere zaletasun handiena bizitzako lehen urteetan. 19 urte zituela gurasoen etxea utzi, eta Texasera joan zen bizitzera. Han ikasi zuen gitarra jotzen, aitaren anaia baten laguntzarekin. Ez zuen solfeorik ikasi, baina teknika behin eta berriro errepikatuz berezko estiloa garatu zuen.

Alkoholarekin arazoak izan zituen, baina amaordekoaren laguntzaz aurrera egin ahal izan zuen. 1927 inguruan, batere xentimorik gabe eta egoera ekonomiko latzak eraginda, mendebalderako bidea hartu zuen; 1940an New Yorkera iritsi zen. Eskaturiko leku guztietan jo zuen, eta, pixkana, musika zale, folklorista eta ezkerreko militanteen gustuko izatera ailegatu zen. Kausa sozialen alde egiten zuen beti, eta hainbat kontzertutan parte hartu zuen; besteak beste, John Steinbeck idazlearen alde antolaturiko batean. AEBetako eskuindarrek gogor jo zuten idazlearen kontra, The Grapes of Wrath (1939) idatzi eta gero. Steinbeck bera zur eta lur geratu zen Guthrieren kantuekin. «Nobela bat idatzi behar izan nuen nahi nuena azaltzeko, eta sasiko txiki honek bertso batzuk nahikoak izan ditu», adierazi zuen, AEBetako Depresio Handia eragindako sarraskia zela eta.

1940an sortu zuen bere kanturik ezagunena Guthriek: This Land Is Your Land. Jabetza pribatuaren kontrako eta justizia sozialaren aldeko kantuak hautsak harrotu zituen, batez ere, botere faktiko eta eskuindarren artean. Kantu hura eta This Machine Kills Fascists (makina honek faxistak akabatzen ditu) zioen gitarra bihurtu dira Guthrieren ondare eta ikur nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.