Zinema. Estreinaldiak

Giza harremanen behatzailea

Asghar Farhadi zinemagile irandarrak Frantzian egin du azken pelikula, 'Le passé'

Le passé filmeko fotograma bat. Z / BERRIA.
Gontzal Agote.
2013ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Cannesko sail ofizialean dauden hainbat harribitxiren artean, distira berezia dauka Asghar Farhadiren azken filmak. Zinemaldi prestigiodun horretan estreinatu, eta berehala ailegatuko da Ipar Euskal Herriko zinema aretoetara. Jodaeiye Nader az Simin haren aurreko filmak izan zuen ezusteko arrakastaren ondoren, ikusmin handia sortu du zuzendari irandarraren azken lanak.

Aurreko film horrekin, Berlingo zinemaldiko Urrezko Hartza lortu zuen Farhadik, eta, handik hilabete gutxira, ingelesez besteko filmik onenaren Oscar sari gutiziatua. Kritikak ere aho batekoak izan ziren ia; Farhadiren pelikulak mota guztietako laudorioak jaso zituen. Ez zen kontu berria, 2009ko Darbareye Elly filmari ere oso harrera beroa egin baitzioten.

Oraingo honetan, Frantziako diruarekin filmatu du bere proiektua zinemagile irandarrak. Hala eta guztiz ere, itxuraz horrek ez du aldatu Farhadiren lan egiteko modua; beste behin ere giza harremanetan oinarritu da, bikote harremanetan, hain zuzen ere. Oraingo honetan, emakume irandar baten eta gizon iparrafrikar baten arteko harremana da Le passé-ren oinarria.

Dena den, hainbat kontu aldatu dira ekoizpen honekin. Esate baterako, pelikula frantsesez dago filmatuta, eta hainbat aktore frantziar izan ditu Farhadik bere aginduetara. Protagonista nagusiak The Artist filmean ezagutu genuen Berenice Bejo eta Un prophète-ko Tahar Rahim dira. Horiekin batera, Farhadiren aurreko pelikulan aritu zen Babak Karimik ere lan egin du film berri honetan.

'LE PASSé'.

Zuzendaria: Asghar Farhadi. Aktoreak: Bereenice Bejo, Tahar Rahim, Babak Karimi, Ali Mosaffa, Pauline Burlet.

Herrialdea: Frantzia.

Urtea: 2013.

Iraupena: 130 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.