Zinema komertzialaren zurrunbilotik urruti ibiltzeko usaia du Latinoamerikako Kulturen Miarritzeko jaialdiak, eta aurten ere ospe horren ildotik jorratu du bidea, film luze onenaren saria Las acacias filmari emanez, Pablo Giorgelli argentinarraren lehen film luzeari. Giorgellik Buenos AireskoZinemaren Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta ondoren filma muntaketan aritu izan zen. Kritikaren aipamen berezia lortu zuen aurten Cannes zinema jaialdian. Epaimahaiaren saria, berriz, Alejandro Landes kolonbiarraren Porfirio filmak lortu du aurtengo ekitaldian.
Bakardadeak zizelkaturiko pertsona baten eskutik abiatzen da Las acacias filma. Kamioilari batek 1.500 kilometroko bide luzeari ekin behar dio, Asuncion hiritik Buenos Airesera. Bidean bi bidaiari hartzen ditu, emazte bat eta haren besoetako haurra. «Film honek gizon baten barne gatazkak erakusten ditu, bertzeekiko harremanetan agertzen diren zailtasunak eta ezinak», Giorgellik adierazi duenez. German de Silva, Hebe Duarte eta Nayra Calle Mamani dira aktore nagusiak.
Errepidean barrena
Festibalaren saria lortu duen filma bezala, errepidean gertaturiko istorio bat da ikusleek saritu dutena ere. Haien iritziz, Boleto al paraíso izan da film luzerik onena. Gazte batzuen gora-beherak kontatzen ditu Gerardo Chijona kubatarraren filmak. 1993an dago giroturik, Kuban. Jende askoren bizipenez osatzen da filma. Eunice izeneko nerabea da protagonista. Aitak bortxatzen zuelako etxetik ihes egitea erabaki zuen. Errepidean gazte talde bat atzematen du, eta horietako batekin, Alejandrorekin, harreman berezia lotzen du. Alejandro rock zalea da. Banketxe bat lapurtu ondoren, Habanatik ateratzea deliberatzen du, lagunekin. Errepideak bi nerabeen arteko bizipena bateratuko du, eta, elkarrekin, paradisuaren bila joatea deliberatzen dute. Bidaia horrek bien bizitzak moldatuko ditu, betirako.
Gerardo Chijona zuzendariak ere bide luzea egin du zinema munduan. 1949an sortu zen Kuban eta Miarritzen aurkeztu duena laugarren film luzea du. Aldez aurretik dokumentalak egiten zituen, eta zinema kritikaria ere izan zen. «Jende askoren bizipenek ehuntzen dute filma. Alde batetik, gazte talde bat dago, buruberoak, axolagabeak, Hiesarekin bereiztu nahi dutenak; eta bertze alde batetik, amodio istorio bat kontatzen dut», adierazi du Chijonak.
Emakumezko aktorerik onenaren saria Paula Galinelli Hertzogentzat izan da, Paula Markovitchmexikarraren El premio filmean egindako lanarengatik. Militarrek Argentinako boterea zuten garaian dago giroturik filma, eta hango errepresiotik ihesi dabiltzan ama-alaben istorioa kontatzen du. Haurrak barne gatazka handiak ditu, behar ez den tokian zerbait erranez gero, arriskuan ezar lezakeelako familiaren bizia.
Gizonezko aktorerik onenaren saria Porfirio Ramirez Aldanari eman diote, Alejandro Landes kolonbiarraren Porfirio filmean —epaimahaiaren saria jaso duen film berean— egindako lanarengatik. Filma Kolonbiak bizi izan zuen gerra zibilean dago giroturik. Gatazka horretan parte hartu zuten pertsonen hainbat bizipen kontatzen ditu.
Gizabanakoaren barne gatazken dirdirak bereganatu du epaimahaia
Pablo Giorgelliren 'Las acacias'-ek irabazi du Miarritzeko jaialdiko sari nagusia, bakardadeak zizelkaturiko begirada batezEpaimahaiaren sari nagusia Alejandro Landesen 'Porfirio' filmari eman diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu