Gizaki hilkorraren olerki hilezkorrak

25 urte zituela hil zen John Keats poeta ingelesa gaur duela 200 urte. Bizitza motza izan zuen arren, Erromantizismo ingeleseko izen handietako bat da gaur egun. Grezia eta Erromako mitologia izan zuen oinarri bere olerki askotan, eta edertasuna bilatzen saiatu zen obra guztietan.

John Keats poeta erromantikoa, William Hilton pintoreak egindako erretratu batean. LONDRESKO NATIONAL PORTRAIT GALLERY.
amaia igartua aristondo
2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Gurasoak eta bi anaia galdu, zirujau baten laguntzaile aritu, farmaziako ikasketak bukatu eta bi urtez horretan lan egin, sutsuki maitemindu eta literatura unibertsaleko lehen mailako ahapaldiak ondu. 25 urte aski izan zituen John Keats poeta ingelesak aletutakoak bizitzeko, eta, zehazki, bizitzako azken bost urteak baino ez zituen behar izan egun gogoangarri egiten dituzten poemak ontzeko. 1795eko urriaren 31n jaio zen, Londresen, eta 1821eko otsailaren 23an hil zen —gaur duela 200 urte, hain justu—, Erroman, tuberkulosia sendatzeko azken saiakerak bertara eramanda.

Ezbeharrak bata bestearen atzetik jazo zitzaizkion poetari, oso gaztetik gertatu ere. Zazpi urterekin aita hil zitzaion, zaldi batetik erorita, eta, amaren bigarren ezkontza motz baten ondoren, amonarekin bizitzera joan zen familia osoa Enfieldera. Zoritxarra hauspoa izan zen, hein batean, urteak geroago gauzatuko zuen lanerako: izan ere, Enfieldeko ikastetxean greziar eta erromatar klasikoak ezagutu eta ikasi zituen, hainbeste ezen hamabost urterekin Virgilio poetaren hitzak itzultzeko gai baitzen.

Alabaina, tuberkulosiak ere laster egin zuen agerraldia Keatsen bizitzan. Lehenengo biktima poetaren ama izan zen, 1810ean hil baitzen eriak jota. Bederatzi urteren ondoren, gaixotasunak anaia ere akabatuko zuen. Ama hil zenean, Keats anai-arrebak bi tutoreren eskuetan jarri zituen amonak, eta horiek zirujau baten laguntzaile jarri zuten idazlea; hortaz, Enfieldeko eskolak eskaintzen zion mundu klasikoa abandonatu behar izan zuen, behin-behinean. Osasun zientzien bidea jarraitu zuen urte luzez, zenbait kirurgialarirekin lan egin, farmazia ikasketak burutu, eta are farmazialari aritu baitzen.

Literaturaren ildotik bananduta ibili zen urte horietan, baina ez erabat. Izan ere, ogibideak uzten zion denboran literatura ikasten ibiltzen zen, eta 1816an, azkenean, osasungintzaren bidea utzi eta literaturarena hautatu zuen behin betiko. Trantsizioaren urtean, mugarri izan zitzaizkion, batetik, Edmund Spenser idazle ingelesaren lana, eta, zehazki, haren The Faerie Queene (Maitagarrien erregina) obra; eta, bestetik, Leigh Hunt editorea ezagutu izana. Azken horrek batu zuen Keats Erromantizismo ingelesaren beste bi zutoin izango zirenekin; alegia, Percy Shelley eta Lord Byron lagun minekin. Gainera, haren poesia lanak argitara eman zituen Huntek, zorte gutxirekin kaleratuak izan baziren ere, Keats gaitzetsia izan baitzen orobat kritikaren eta irakurleen aldetik. Ospea eta prestigioa etorri zitzaizkion, noski, baina, beste hainbat eta hainbat sortzaile treberi gertatu bezala, berak jada gozatu ezin zuen garaian.

Edertasunaren miatzailea

Bada John Keatsen poemetan elementu ageriko bat, lehen irakurketa are arretarik gabekoenean ere antzeman daitekeena: greko erromatar mitologiarekiko izan zuen erabateko miresmena. Sorkuntzetako askok pertsonaia mitologiko bat dute protagonista; izan Endimion loti hilezkorra, izan boteretik botatako Hiperion titana, izan Eros limurtzearekin batera hilezkortasuna lortu zuen Psique ederra. Baina pertsonaiak ez ezik, are poetikaren beraren zentzua bereganatu zuen poetak greziarrengandik, bere literaturaren muina eta gidalerroa ere bihurtu zuena: edertasuna helburu poetikoa izatearekin batera, jomuga etikoa ere izatearen jitea.

Bere lanik sonatuenean, Ode to a greek urn (Oda greziar anfora bati), hori da anfora klasikoak ni poetikoari eta, bidenabar, irakurleari adierazten diona —Ion Beiztegiren itzulpenean—: «Ederra egia dok, egia eder». Gizakiak hori baino ez du jakin behar, ni poetikoak eransten dionez sententziari. Halaber, jakin behar du, edo olerkitik ondorioztatu bederen, anforaren edertasun hilezkorrari, milaka urte ondoren ikusleen gozagarri izaten jarraitzen duen artelanari, ikuslearen beraren hilkortasuna eta iragankortasuna kontrajartzen zaizkiola ezinbestean.

Edertasuna izan zuen helburu Keatsek, oroz gain. Hitzetan adierazitakoari zein adierazten zuten hitzei zegozkienez, orobat. Liluratu zuten elementu enpirikoez baliatu zen horretarako, baina arrazionaltasunetik aldendu zen gaiak garatzerako orduan. Ode to a nightingale olerkian (Oda urretxindor bati), esaterako, txoriaren kantak «sena motelduta» dio ni poetikoari, hasierako ahapaldian adierazten duenez. Hainbeste txunditu dute doinuek, ezen ezin baitezake jakin olerkian kontatu duena benetan gertatu zaion edo ez —Beiztegiren itzulpenean hau ere—: «Emen naukak zalantzan— Ernai ala lotan?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.