Gizakiaren neurria

Patxi Buldain eta Mariano Sinues artista nafarren lanak jarri dituzte ikusgai elkarrekin Uharten

Inigo Astiz
Uharte
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Nafarroan bizi dira biak, eta belaunaldi bereko kideak ere badira. Parisen egindako urteetara jo du, ordea, Patxi Buldain artistak (Iruñea, 1927), Mariano Sinues artistarekin (Zaragoza, Espainia, 1935) zerk lotzen duen azaltzeko. «Iraultzaz ari zen jendea etengabe garai hartan, Monet, Manet eta beste inpresionistei buruz. Haiek heldu arte, kondez beteta zeuden museoak, baina inpresionistekin herria sartu zen pinturan. Eta hori egin dut nik, baita Marianok ere: herria margotu». Elkarrizketan jarri dituzte orain bien lanak Uharten (Nafarroa) Buldain fundazioan. Gaur ireki eta urtarrilaren 15era arte ikusi ahalko da Sinues eta Buldain, bi artista, unibertso piktoriko eta bital berdina bilduma.

Goyaren eraginak batzen ditu, espresionismo eta surrealismoarenak, baina estilo ezberdineko margokera dute, halere. Gogorra Sinuesen kasuan, izaki tragiko eta ezerosoz betea; iradokitzaileagoa, aldiz, Buldainen kasuan, puntillismorantz joz batzuetan, surrealismorantz besteetan. Eta, hala eta guztiz ere, kezka bera dago bien lanaren oinarrian: gizakia. Hura izan dute lanerako neurria beti.

Bistako ezberdintasunez harago, lotura hori nabarmendu nahi izan dute erakusketan Jose Javier Azanza eta Ignacio J. Urrizelki komisarioek. «Gizakia dago bi artisten obraren funtsean. Kasik antropologoak direla esan daitekeen bi pintore dira Sinues eta Buldain. Gizakiaz eta gizatasunaz gogoeta egitera behartzen gaituzte beti beren lanek».

Gaika antolatuta dago bilduma, zortzi ataletan. Autoerretretatu banarekin eta beren ibilbidean garrantzitsua den lan banarekin hasten da erakusketa. Paisaiei eskainitako atala dator gero, baina hor ere gizakia da margolanen abiapuntua. Buldainek New Yorken izandako itzalaldi bati eskainitako lana da horren adibide. Bi giza figura dira nagusi lehen planoan, eta atzealdean, hiritarrentzat ziur aski lehen aldiz piztu diren izarrak daude. Paisaia eta gizakia uztarturik. Koadro hori da lehen solairuko azkena.

Bigarren solairuan ikusten da argien Goyak Sinues eta Buldainengan izan duen eragina. Maskarei eskainitako margolan sailean, adibidez, bereziki deigarriak dira Sinuesen giza itxurako figura beldurgarriak. Baztertuei eskainitako atalean eta ametsen munduari eskainitakoetan ere luzea da Goyaren itzala, eta Picassorenarekin nahasten da zezenketenean.

Iraultza etengabea

Ikuslea lasai ez uzteko modukoak dira erakusketako lan asko, baina argitasunari ere zirrikitu bat uzten diote artistek; Jolasak eta Esperantzari ate bat izeneko sailetan, esaterako. Gizakiari, azkenean, aukera bat eskainiz-edo.

Garai baten erakusgarri da bi artisten lanen arteko elkarrizketa, Sinuesen hitzetan. «Belaunaldi berekoak gara biok, eta pentsatzen dut bertute eta akats berak izango ditugula. Gainera, margotzen jarraitzeko gogoz gaude biok oraindik». Hala bukatzen da erakusketa, bi artisten azken lanekin, aurtengo margolan banarekin. Testu bana haien pean. «Nire adinean jadanik margolan definitiboak egiten egon behar nukeela suposatzen da», dio Sinuesenak, «baina ezin jakin, bat beti baitago eboluzionatzera behartuta». Hala dio Buldainenak: «Eta orain zer? Lanean jarraitu behar. Artea iraultza bat da, hala ez denean, artista konformista bat baino ez delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.