DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA. SAIL OFIZIALA

«Gizakien alde iluna eta alde argiagoa azaltzea interesatzen zait»

Patagoniako familia baten egunerokoa erakutsi du Victoria Galardi zuzendariak 'Cerro Bayo' filmean

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
«Familiak interes osoa du niretzat. Ez dakit zehazki nork, baina norbaitek esan zuen, film bat egiteko gatazka bat bilatzen baduzu familia baten mahaiaren bueltan esertzea baino gauza hoberik ez dagoela. Eta egia dela uste dut». Patagoniako familia baten egunerokoa eta kideen barne gatazkak hartu ditu oinarri Victoria Galardik Cerro Bayo filma ontzeko. Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu zuen bere azken lana zuzendari argentinarrak, atzo.

Mendi magalean dagoen Patagoniako herri batean eskiatzeko garaia hastear da. Eguneroko bizimodua daramate familia bereko kideek, baina gertakari batek hautsiko die errutina: bere burua hiltzen saiatuko da amona. Hura koman den bitartean, familiako kide bakoitzaren alde on eta txarrenak azaleratuko dira, norbere arazoen bidez.

Hain zuzen, bere lanetan pertsonaiek gaiek baino indar handiagoa dutela azaldu zuen Galardik. «Film bat egitean ez dut gai jakin batean askorik pentsatzen. Ez dut pentsatzen familiaz, diruaz edo Patagoniaz hitz egin nahi dudala. Normalean, pertsonaiak agertzen zaizkit lehenik; jende jakin bati buruz hitz egin nahi dut, eta pertsonaiengan pentsatzen dut. Gaia ondoren agertzen da». Pertsonaien bitartez gai ugari proposatzen direla uste du.

Zuzendariak ez luke esango Cerro Bayo-ko pertsonaia gehienak zekenak direnik, zekentasun alderdi bat dutela baizik. «Gizakien alde iluna eta alde argiagoa azaltzea interesatzen zait; film baten gai gisa planteatu gabe ere hori agertzen saiatzen naiz, elkarrizketen eta pertsonaien bidez».

Pertsonaien askotariko aldeak izan zituen hizpide Veronica Llinas aktoreak ere, zuzendariarekin batera eginiko agerraldian. Mercedesen rolean aritu da filmean, bere burua hiltzen saiatu den andrearen alabetako baten rolean. «Asko kosta zait [Mercedes] pertsona doilor gisa soilik ikustea. Nire ustez, ez da egokia filmeko gaiztotzat sailkatzea, hori arketipoetan jaustea bailitzateke. Guztiok ditugu bizitzaren zenbait egoeratan azaleratzen diren alde miserable eta ilunak. Pertsonaia afektiboki ezgaitutako pertsona gisa bizi izan nuen nik, eta horrek bera maitatzea ekarri zidan».

Inguru ezaguna

Ongi ezagutzen duen inguruan filmatu du lana Galardik. Bera ere mendi aldean hazi zela, eta klimaren arabera bizitzearen edo eski garaia zabaltzearen inguruko aipamenak entzutea ez zaiola arrotza azaldu zuen. «Ez da istorio autobiografikoa, nire familian zorionez inork ez zuen bere buruaz beste egin, eta nire senideak ez dira hainbat pertsonaia bezain miserableak. Ezagutzen ditudan gauza asko daude, eta asmatu ditudan beste asko ere bai».

Orain dela bi urte ere Zinemaldian izan zen Galardi, Martin Carranzarekin batera zuzendu zuen Amorosa soledad bere lehen filma aurkezten -Gazteriaren saria irabazi zuen lan horrekin-. Cerro Bayo bere bigarren film luzearekin, Urrezko Maskorrerako ez ezik, Zuzendari Berriak sarirako hautagaia ere bada argentinarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.