Britainiar Museoak, Naturaren Historiaren Museoak eta Londresko Queen Mary unibertsitateak sustatutako proiektu batean lanean ari den talde batek egin du aurkikuntza, eta PlosOne zientzia aldizkariak gaur eman du haren berri. Happisburgheko hondartzan aurkitutako aztarnak duela 800.000 urtekoak direla baieztatuko balute, Europan gizakiaren berri ematen duten arrasto zaharrenak lirateke. Beste hiru oin arrasto multzo daude zaharragoak munduan, hirurak Afrikan.
Ikertzaileek jakinarazi dutenez, Happisburghen aurkitutako aztarnak bost gizakirenak lirateke eta oinen norabideak erakutsiko luke hegoalderantz zihoazela. Simon Parfitt arkeologoak adierazi du oin arrastoak hainbat neurritakoak direla, eta horrek erakutsiko luke "familia talde bat" osatuko luketela bostek. Arrasto horien neurriari erreparatuta, bost gizakiek 0,9 metro eta 1,7 metro arteko garaiera izango lukete.
Ikerlarien arabera, gizaki haiek gaur egungo gizakiaren neurria zuten, eta duela 600.000 urte desagertu ziren Europan. Homo heidelbergensis-ek ordezkatu zuen, eta orain dela 400.000 urte inguru Neanderthal espeziea agertu zen.
Happisburgh arkeologiak Europan duen gunerik aberatsenetako bat da. Besteak beste, polen eta ugaztun fosilak aurkitu dituzte; horien artean desagertutako marrazo espezie baten hezurrak.