Gizon baten eskuek bildua

Lazkaoko beneditarren artxibategi berria ireki dute, Euskal Herriko ondare dokumental garrantzitsuaren gordailua

gorka erostarbe leunda
Lazkao
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Itxura batean erraza dirudi. Aski dira bi esku, bi begi erne, eta interesa duen oro atzemateko sen apur bat. Baina hori baino gehiago ere behar da egiaz Joan Joxe Agirre fraide beneditarrak egin duena egiteko, bildu duen guztia biltzeko. Borondatea eta egiten duen horren garrantziaz sinetsirik egotea, behintzat, bai. Duela 40 urte ekin zien Lazkaoko (Gipuzkoa) beneditarren komentuko liburuzain eta artxibozain lanei, baita gogoz eta gogor ekin ere, Bartzelonan egindako ikasketetan jasotakoari jarraituz. Euskal Herriaren historia garaikidearen memoria -36ko gerraz ostekoarena, batez ere-osatzeko ezinbesteko lana egin izan du urteotan guztiotan, jakinik «herri baten historia egin behar bada azkeneko panfletoa ere beharrezkoa dela».

Lana egina zuen urte luzez Agirrek. Beneditarren artxibategi historikoak sona ere bazter guztietan barreiatua zuen. Orain memoria hori gorde eta kontsultatu ahal izateko eraikin berria ere badauka. Atzo inauguratu zuten Lazkaoko Artxibategi Historikoaren eraikin berria, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Maria Jesus Aranburu Kultura eta Euskara diputatua, Patxi Albisu Lazkaoko alkatea eta Rufino Mujika Lazkaoko beneditar priorea bertan zirela.

Etorkizunean ere dokumentuak, bibliografia eta euskal gaiekiko sortzen den edozein argitalpen jasotzen segitzeko asmoa dute beneditarrek, Joan Joxe Arregi gidari dela. 80 urteak beteak ditu Arregik, baina osasunez nahiz buruz fin dago oraindik. Eraikin berriak 540 metro koadro ditu, eta bi solairutan banaturik dago. Goiko solairuan 22 apalategi luze eta mugikorrek, kaxoi ugariz horniturik, gordeko dituzte agiriak. Behekoan ikertzaileentzako kontsulta gela zabala-asko eta asko dira munduko leku desberdinetatik ikerketa lanak egitera joaten direnak-, artxibozainaren bulegoa eta bilera gelak daude. Goiko aldean aldian-aldiko erakusketak jartzeko aretoa ere egokitu dute.

Joan Joxe Agirrek 1970ean ekin zion komentuko liburutegiaz eta hemerotekaz arduratzeari. Liburu eta aldizkari askoren kargu egin zen, beneditarrek pilaketa lan handia egina baitzuen aurretik, XX. mendearen hasieran Lazkaora iritsi ziren momentutik, hain zuzen ere. Baina Francoren diktadurapeko azken hamarkadetan atzerrian eta isilean argitaraturiko euskal liburu eta aldizkariak falta ziren. Eta horiek biltzea erabaki zuen Agirrek. Hori bakarrik ez. Klandestinitatean ateratzen ziren kartelak, panfletoak, itsasgarriak, egutegiak... eta, oro har, kalean sarri agertzen ziren paperak jasotzen hasi zen, egunen batean ikertzaileentzat baliagarri izango zirelakoan. Ordura arte inork hartu gabeko ardura hartu zuen bere gain Agirrek.

Dokumentazio horren guztiaren antolaketa lanekin hasi zen, eta laster izan zituen ikertzaileak ate joka. Urte luzez egindako lanari esker, Lazkaoko beneditarrak erreferentzia izan ziren euskal kulturaren alde egindako lanarengatik. Erreferentzia batzuentzat, eta mehatxu besteentzat. Guardia Zibilak Lazkaoko beneditarren monasterioa miatu zuen 2005eko otsailean, eta miaketak iraun zuen artean atxiloturik izan zuten Agirre.

Beneditarrek egindako lana garrantzitsua zela eta artxibo nahiz dokumentu guztiak biltzeko eraikin berria beharrezkoa zela jabetuta, erakunde publikoek aurrerapausoa eman zuten 2007an. Beneditarrek hitzarmena sinatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Lazkaoko Udalarekin eraikin berria egiteko. Markel Olano diputatu nagusiaren hitzetan, «egokiagoa zen hitz politak esatea baino, artxiboari berme bat ematea praktikoki».

Beneditarren artxibategi berriaren eraikinak 850.000 euroko kostua izan du. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du %83, eta Lazkaoko Udalak %17. Etorkizunean erabilpena zabaltzeko webgune bat sortzeko asmoa dute kudeatzaileek.

Artxiboaren funtsak

Juan Joxe Agirrek urteetan bildutako funtsak jasotzen ditu artxiboak. Hona garrantzitsuenak:

Euskal hemeroteka (6.000 titulu inguru).

Hainbat gairen inguruan osatutako bilduma dokumentalak (100 inguru).

Kartelak (18.000 inguru).

Itsasgarriak (25.000 inguru).

Hainbat pertsona eta erakunderen artxiboak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.