Glasgowtik bihotzez

Douglas Stuarten 'Shuggie Bain' nobelak andre alkoholiko baten eta haren semearen arteko erlazioa kontatzen du, 1980ko Glasgown girotuta. Booker saria irabazi zuen.

Douglas Stuart idazle eskoziarra, Bartzelonan Shuggie Bain nobela aurkezten izan zeneko argazki batean, 2021eko irailean. MARTA PEREZ / EFE.
Nerea Arruti
2023ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Iñigo Aranberriren Munduko tokirik ederrena (Susa, 2018) ipuin liburu galantak, azal gisa, Raymond Depardonek 1980ko hamarkadan Glasgown ateratako argazki bat oparitzen die irakurleei. Glasgowk duen edertasun gogor asimetrikoagatik da munduko tokirik ederrena gutako askorentzat. Beste hiri postindustrial batek bezala —gure Bilbok bezala, hain zuzen ere—, heriotzari uko egin zion Eskoziako hiririk handienak, Michael Keatingek dioen moduan. Glasgow's miles better (Glasgow askoz hobea da) 1983an gauzatutako kanpainarekin hasi zuen bidea; gero, 1990ean, Europako kultur hiriburu izendatu zuten, eta, hala, atzean utzi zuen behin eta berriro iragarritako heriotza; hortik abiaturik, Glasgowren pizkundea aztertuko du Bilbok Bilbo zaharra eraldatzeko.

Douglas Stuart (Glasgow, 1976) idazleak —New Yorken bizi da egun— irabazi zuen Booker sari ospetsua 2020an, Shuggie Bain nobelarekin. Eleberria 1980ko hamarkadako Glasgowko langile auzoetan girotuta dago; aurkibidea auzo horien zerrendatzea da. 1994an James Kelmanek (Glasgow, 1946) How Late It Was, How Late (Zein berandu zen, zein berandu) lanarekin saria eskuratu zuenetik, ez zegoen idazle eskoziarrik irabazleen artean. Kelmanen liburuak eztabaida bizia piztu zuen: Glasgowko soziolektoa baliatuz, langile klasearen mundua islatzen zuen, eta literatur elite ingeleseko partaide ugarik kritikatu zuen erabakia. Batik bat, hizkuntza zen arazoa, lau bat mila «fuck» omen zituen liburuak. Stuarten nobelan ere, hiriko soziolektoak berebiziko garrantzia du, rapean hitz egiteko modu bat erritmo poetikoa bilakatzen den moduan, nobela honetan Glasgowko langile auzoetako hizkera literatura bihurtzen da. Stuarti 44 argitaletxek bidali zioten ezezkoa, nahiz eta lan garrantzitsutzat jo euren erantzunetan, ez baitzekiten nola saldu hizkera, ezta istorioa ere. Elkarrizketetan, Stuartek aipatu du erdiko klaseko bihurtu behar izan zuela bere burua bere haurtzaroan inspiratutako fikzioa idatzi ahal izateko. Bernardine Evaristorekin izan zuen topaketan —biak ere Booker sariaren irabazleak—, panorama kritikatzen dute, eta esan ia ezinezkoa dela saretzea bazterturikoentzat. Gaur egun, idazle formakuntza erdiko klasearentzat pentsatua dago —unibertsitatea, sormen lantegiak, diru laguntzak, plaza publikorako sarrera— eta, ondorioz, literaturan dugun errepresentazioa gero eta homogeneoagoa eta txiroagoa da.

Aita-semeen arteko talka sakonki landu du Eskoziako literaturak, eta, hartu-eman horretan, alkoholismoaren eragina; besteak beste, Andrew O'Haganen (Glasgow, 1968) Our Fathers (Gure aitak, 1999) nobela ederrean eta Alan Spencerren (Glasgow, 1947) Sailmaker (Bela egilea, 1983) antzezlan bortitzean —bigarren lana nerabe eskoziarrek Bigarren Hezkuntzan aztertzen dute—. Bestalde, ez da hain ohikoa adikzio hori duten emakumeak agertzea. Shuggie Bain-ek Agnes ama alkoholizatuaren eta Shuggie seme gazteenaren arteko harremana kontatzen du; maitasun gutun gisa irakur daitekeen liburu honen oinarria emakumezkoen alkoholismoaren tabu sozialean datza. Eider Rodriguezek Eraikuntzarako materiala eleberrian (Susa, 2021) maisuki erabiltzen du etimologia: «Desmadrea neurrigabekeria da. Gertatzen denean ama kontingente bati deitzen zaio gauzak bere onera ekar ditzan. Despadrea ez da existitzen, aitek berezkoa izan dezaketelako gehiegikeria, aita izateari utzi gabe ere».

Hitz politikorik gabe

Beste geruza bat gehitu behar diogu zurrutari: erlijioa. Protestante eta katolikoen artean batuta dagoGlasgow, Ipar Irlandako sektarismoaren kide. Agnes emakume katoliko eder dotoreak —bi haurren ama da, eta gizon katoliko batekin ezkondua dago—, protestante batekin ihes egingo du. Bigarren senarra da Shuggiren aita. Garrantzitsua da kontuan hartzea garai hartan ezkontza mistoa —hala zeritzoten ingelesez— ez zela arrunta, ezta onetsia ere. Alkoholismoak badu zauri sozial horrekin zerikusirik. Semea, alkoholikoen seme-alaben artean ohikoa den legez, ama salbatzen ahaleginduko da, patuaren kontra. Horretan, idazlearen trebezia aparta da; guk, irakurle gisa, ikusten dugu ama-semeek ikusten ez dutena, erritmoaren, tentsioaren eta elipsiaren maisu baita Stuart. Pertsonaia baztertuak irudikatzeko orduan pobreziaren pornoa egitea da arriskua, haiek estereotipo eta gu voyeur huts eginik. Susan Sontagen iritziz, minaren argazkigintzak, inolako testuingururik edota pedagogia lanik gabe —begirada ere landu egin behar da—, horixe elikatzen du. Ez da hala hemen; lehen eta bigarren mailako pertsonaiak haragizkoak dira.

Roland Barthesen hitzetan, estereotipoa gorputzetik pasatzen ez den pertsonaia bat da, eta nobela honetan ez dago estereotiporik. Pertsonaien sareak hiriaren sarea islatzen du, hala nola arkitektura konplexu errealista, Stendhalen bidetik dabilen ispilu gisa. Erabat politikoa da hiztegi politikorik erabili gabe; Thatcherren garaia deseraikitzen du Thatcher bera aipatu gabe: Agnesen eta Shuggieren bizipenen bidez, frogatzen du ezin dela pobreziatik ihes egin hobekuntza soziala norberarengan soilik ezartzen bada. Are gehiago, hiri gogor horretan, bi gorputz zaurgarri horiek inozente dira —edota letra bakarraren aldearekin, inuzente— maskulinitateak bortxaz berridatzi nahi dituztelako. Semeak, denbora aurrera joan ahala, amarekin duen afinitatea ikusten du: txiki-txikitatik, bere nortasunaz jabetu baino lehen, marika deitzen diote eskolan, eta denborarekin jabetuko da amak bezalaxe ezin duela gehiengoaren onespena jaso.

Douglas Stuart modan aritu da New Yorken, eta aparteko arreta jartzen du janzkeran. Agnesentzat, itxura, ezer ez daukanean, dena da, baita kaosean ordena eta arintasuna ezartzeko era ere; azken finean, pertsona hitzaren jatorria maskara da. Mia Hansen-Love zinemagilearen zantzuak ditu amaierak; hain esperientzia latza bizi ondoren, une argitsu batekin amaitzen da kontakizuna, haustura dramatikorik gabe: Shuggie eskolako adiskide minarekin arratsalde-pasa, zailtasunak zailtasun bizitzari eusten diogulako beti, bizitza gogorra bezain ederra baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.