Artista bat eta kantu bat. Gutxitan egin daiteke Gloria Gaynor eta I Will Survive kantuaren artean egin daitekeen adinako identifikazioa. Kantu horrek eman zion ospea 1970eko hamarkadaren amaieran, disco eztandaren erdi-erdian, eta kantu horrek bilakatu du denborarekin mito bat. Eta hala eta guztiz ere, Gaynor I Will Survive baino gehiago da, eta garaiko disco doinua gaindituta, musika beltzaren ikono nagusietakoa bilakatu da denborarekin. Zalantzarik gabe, Donostiako 51. Jazzaldiak izango duen izar handienetakoa izango da Gaynor.
[YouTube]https://youtu.be/CCSvNZWpXaM[/YouTube]
Jazzaldiak gaur aurreratu ditu bere programazioaren ardatzetako batzuk, eta Gaynorren izenak begirada asko erakarriko dituen arren, gainerako artistenak ez lirateke oharkabean pasatu beharko.
Diana Krall ez da ezezaguna Donostian, izan baita pare bat aldiz aurretik ere Jazzaldian. Oraingoan abeslaria laukote baten buru agertuko da.
Brandford Marsalis egungo jazzeko saxo tenor ezagunenetakoa da, eta Donostian gonbidatu berezia izango du: Kurt Elling abeslaria, jazz estandarreko ahots handien tradizioan kokatzen dena.
Jazz zaleen arreta deituko du John Scofield gitarristak, Brad Mehldau pianistak eta Mark Guiliana bateria jotzaileak osatuko duten hirukoteak. Bakoitza bere alderdian ibilbide sendoa egindako musikariak dira, eta Guilianak, adibidez, David Bowieren azkeneko diskoan parte hartu du.
Jan Garbarek izen handiko beste artista bat izateaz gain, Europa iparraldeko jazzaren ordezkari behinenetakoa ere bada. Bere izena jazz pianista handienei (Keith Jarrett) lotua ageri da, eta Donostian laukote baten buru dela azalduko da.
[YouTube]https://youtu.be/QtH_g9RQvuQ[/YouTube]
Steve Coleman, bere aldetik, abangoardiako jazzaren barruan nabarmendu da bere saxo altuarekin. Five Elements taldearen formazio berri bat aurkeztuko du Jazzaldian.
[YouTube]https://youtu.be/yNxhMnh74pc[/YouTube]
Donostiako Jazzaldiak hazten ari diren bi tronpeta jotzaile ere aurkeztuko ditu aurtengo ekitaldian: batetik, Ibrahim Maalouf frantziarra, libanoar jatorrikoa izanik, arabiar musika doinu garaikideekin uztartzen dituena. Bestetik, Christian Scott estatubatuarra. New Orleansen jaioa, hiri hartako doinuak lantzen hasi zuen ibilbidea gerora estilo propioa lortzeko.
Azkenik, munduan dagoen gitarrista estimatuenetakoa izango da Jazzaldian Donostian jo eta hilabete gutxira: Marc Ribot. Musikari estatubatuarrak hamaika egitasmotan parte hartu du bere ibilbidean, hala kolaboratzaile gisa, nola proiektu buru, eta Jazzaldian azken horietako batekin izango da: The Young Philadelphians. Philadelphia Sound deiturikoaren birsorkuntza moduko bat egiten du Ribotek proiektu horretan eta Ornette Colemanen Prime Time Band taldean aritu ziren bi musikari ditu ondoan: Jamaaladeen Tacuma eta Calvin Weston. Azaroaren 15ean Kursaalean eman zuten kontzertuak liluratuta utzi zituen bertaratutako asko.