DURANGOKO AZOKA

Goenagak esan du kudeaketa eredu horizontalaren eta bertikalaren arteko talka egon dela

Gerediaga elkarteak zuzendari kargutik kendu du Aiert Goenaga. Gaur erantzun dio atzo elkarteak plazaratutako oharrari. Zintzo jokatu duela eta kontzientzia "oso lasai" duela esan du Goenagak, eta "eredu horizontalak eta parte hartzaileak" defendatu ditu.

2013ko otsailaren 14a
13:58
Entzun

Aiert Goenagak ohar baten bidez esan duenez, 2011ko udan Gerediaga elkartearentzat lanean hasi zenetik "guztia" eman du proiektuaren onerako, eta" zintzotasun osoarekin" jokatu duela azaldu du. Kontzientzia "oso lasai" duela adierazi du, eta gaineratu du badela tartea berari pertsonalki aurreko astean esandakotik atzo elkarteak zabaldutako mezura: orduan "etxe barrurako lanak" ez zituela "egoki" egin esan zioten, eta "konfiantza galdu" zutela berarekiko.

"Boterekeria" egotzi dio elkarteari: "Ohiko erabaki guneak kolokan ikusi eta elkarlana azpikontrata ereduan kudeatuko ez nuela konturatzean martxan jarritako kanpaina" dela uste du Goenagak. "Eredu parte hartzaile horizontalaren eta eredu bertikal zaharkituaren arteko talka" jo du arrazoitzat, eta jakinarazi du iraganetik datozela kudeaketa ereduari buruzko desadostasunak: "Lana hasi bezain prontotik alegia". Halaber, esan du kudeaketa ereduak "bizi eta dinamikoa" izan behar duela, ez "40, 30, 20 edo 10 urteko kudeaketa eredua".

"Gezurra da Gerediagak aurpegiratzen didana, hau da, nire proiektu pertsonal bezala hartzea", esan du Goenagak, eta ardura Gerediaga elkarteari egotzi dio: "Nire zintzotasuna auzitan jartzen ari diren horiek dira euskal kulturgintzarekin zintzo jokatzen ari ez direnak".

Uste baino diru galera handiagoa izan dela argudiatu zuen atzo elkarteak. Goenagak erantzun du "merkatu tendentziek, krisi orokorrak, Gerediaga elkarteko kudeatzaileak zein euskal kulturgintzaren inguruan aplikatutako politika desegokiek erantzukizun handiagoa" dutela galera ekonomikoetan bere kudeaketak baino.

Mezu bat zabaldu nahian amaitu du oharra: "Ez sinistu Gerediaga elkartean, ezta ere Aiert Goenagarengan, baina sinistu Durangoko Azokarengan".

[Storify]http://storify.com/Berria/aiert-goenaga-durangoko-azokako-zuzendaritzatik-at[/Storify]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.