Aurrekontu murrizketei aurre eginda, Europan antolatutako abesbatza lehiaketa nagusien eliteko kide izaten jarraitzea bermatuko dion parte hartzea lortu du aurten ere Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketak. Ohi bezala, munduko bazter askotako abesbatzak izango dira parte hartzaileen artean, eta Euskal Herriak ere izango du ordezkaritzarik: Errenteriako (Gipuzkoa) Landarbaso Abesbatza. Lehiaketako saioak gaur, bihar eta etzi egingo dira, Leidor antzokian. Bestelako saio batzuk ere izango dira, hala ere, hurrengo egunetan.
Guztira, 18 taldek hartuko dute parte lehiaketan: zortzi abesbatza misto (20 eta 40 kantari artekoak), lau ahots talde (4 eta 16 kantari artekoak) eta sei haur abesbatza. Abesbatza mistoak polifonia eta folklore modalitatean lehiatuko dira; ahots taldeak musika sakratuan eta musika profanoan.
Grand Prix, azaroaren 5ean
Ohiko lehiaketaz gain, Abesbatza Kantuaren Europako Grand Prix Sari Nagusiko lehia ere hartuko du aurten Tolosako Leidor antzokiak, azaroaren 5ean. Europako zazpi abesbatza lehiaketa nagusietako irabazleak biltzen dira urtero sari hori irabazteko lehian; hots, Debrecen (Hungaria ), Maribor (Eslovenia), Varna (Bulgaria), Tours (Frantzia), Gorizia (Italia), Arezzo (Italia) eta Tolosako lehiaketen irabazleak. Aurten laugarren aldiz egokitu zaio Tolosari lehiaketa hau antolatzea.
Lehiaketa batzuk bi urtetik behin egiten direnez, ez dira urtero zazpi lehiakide izaten. Aurten bost abesbatza hauek ariko dira: Coro Citta di Roma (Italia), Kup Taldea (Euskal Herria), Consono Chamber Choir (Alemania), Svenska Kammarkor (Suedia) eta Cantemus Children's Choir (Hungaria).
Goi mailako abesbatzek Tolosa izango dute plaza nagusi gaur, bihar eta etzi
Zortzi abesbatza misto, lau ahots talde eta sei haur abesbatza ariko dira Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu